Sorginek Akelarreetan dantza egiten dute

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 12:47
Dantzarima konpainiako dantzariak Altsasuko herri inauterietako Akelarrean. ARTXIBOA

Dantzarima konpainiak 'Akelarrearen sua berpizten' lana mustuko du gaur, 23:30ean, Olaztiko festetan. Ikuskizuna futbol pistan aurreikusita dago, baina eguraldi txarra eginez gero, frontoian eginen dute

SustraiakIzar hautsa eta Milakolore Dantzan izan dira Dantzarima dantza konpainia altsasuarraren obrak. Hiruretan hainbat elementu errepikatzen dira: lurrari lotutako ikuskizunak dira. Sustraiak obran, izenak dioen bezala, haritzaren sustraiaren bidez herriko eta iazaki mitologikoetako istorioen kontakizuna egin zuten. Bigarrenean, izarren eztanda batetik sortutako munduaren eta gizakiaren historia kontatu zuten, eta Milakolore Dantzan munduan mila koloretako pertsonak daudela adierazi zuten dantzaren bitartez. Azken hilabeteetan, laugarren lana prestatzen aritu dira: Akelarrearen sua berpizten. Konpainiaren lehenengo kaleko ikuskizun luzea izanen da, eta Olaztiko festetan mustuko dute gaur, ostirala, 23:30ean. Eguraldi txarra aurreikusita dagoenez, emanaldia frontoian eginen dute.

Hirugarren obra mustu ondoren, Milakolore elkarteko kideekin egindako Milakolore Dantzan ikuskizuna, hurrengoa prestatzeko garaia iritsi zen. Baina, aurretik, Altsasuko herri inauterietan egiten duten Akelarrea prestatu behar zuten. Akelarrea 2016. urtetik egiten dute, Inauterietako Batzordeko kideek eskatu ondoren. Ordutik, Dantzarima ikuskizun "gogokoenetarikoa" bihurtu da, Irantzu Gonzalez konpainiaren koregrafoak eta zuzendariak azaldu bezala. "Emozio handiarekin prestatzen dugu Akelarrea, oso egun berezia da guretako". Ikuskizun bat baino gehiago da.

Laugarren ikuskizuna prestatzeko ordua iritsi zenean, beraz, Gonzalezek inauterietan egiten duten Akelarrearen gaia hartzea erabaki zuen. Gainera, inauterietan parte hartzen hasi zirenetik, konpainiaren helburuetako bat sorginen "benetako historia" kontatzea izan da. Izan ere, historioaren arabera, eta eliza katolikoaren eraginez, sorginak "pertsona gaiztoak, itsusiak, zaharrak eta abar" dira. Dantzarimako dantzariek buelta eman nahi diote historia ofizialari: "sorginak emakume normalak ziren. Indartsuak, askeak, naturarekin harreman zuzena zutenak". Hortaz, ikuskizunean emakumeen ogibide zaharrak antzeztuko dituzte, tartean "sorginen jakinduria belaunaldiz belaunaldi zabaltzeko erabilitako ipuinen magia". Inauterietatik inspiratutako obra bat denez, momotxorroek Altsasuko "sorginak" lagunduko dituzte.

Kaleko ikuskizuna
Dantzarima 2014ean sortu zen eta Akelarrearen sua berpizten konpainiaren laugarren obra da. Hala ere, kalean egiten duten lehenengo ikuskizun luzea da. "Herri askotatik deitu izan digute kalean aritzeko, baina beste ikuskizunak prestatzen ari ginenez, ezin genuen". Ikuskizun berri honekin "falta" hori betetzea nahi dute.

Olaztiko Udalak eta Kultura zerbitzuak eskainitako aukera eta konfiantza eskertu nahi ditu Dantzarima konpainiak.