Motor eta rock hotsak Olaztin

Guaixe 2019ko abu. 30a, 13:07

Los del Rayo taldea kontzertuan. ARTXIBOA

Los del Rayo eta La banda del Jefe Bigun taldeek Olaztiko III. Eskufreno Rock jaialdian joko dute

Eskufreno Rock jaialdia antolatu du Sakana Motorsport eskuderiak abuztuaren 31rako. Olaztiko Gazte Asanbladaren eta Clinker jatetxearen laguntza izanen dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute eta, gauean, bi talde mitikoen kontzertua izanen da gaztetxean: Los del Rayo eta La banda del Jefe Bigun. Urbasako Igoera antolatzeko dirua biltzeko antolatu du jaialdia eskuderiak.

Rock&roll gaua
Uda lasaia izaten ari da Los del Rayo taldearendako. Izan ere, disko berria prestatzen ari dela jakinarazi du taldeak; beraz, taldeko kideek uda abestiak "konposatzen" pasako dute. Disko berriak Los del Rayoren 30. urteurrenarekin bat eginen du. Hala ere, konposatzeko erretirotik abuztuaren 31n aterako dira, eta Olaztiko gaztetxearen agertokira igoko dira Eskufreno Rock jaialdian parte hartzeko du. Kontzertua 23:30ean hasiko da. Ondoren, "pare bat emanaldi" gehiago izanen dituztela aurreratu du taldeak.

Rock gaua borobiltzeko Altsasukoak La banda del Jefe Bigun talde mitikoarekin ariko dira. 1950ko hamarkadatik 1990ko hamarkadetarako rock musikaren errepasoa egiten du talde sakandarrak. Ehun bat abestiko errepertorioa dute.

Eskufreno Rock
Sakana Motorsport eskuderiak lasterketan antolatzen ditu; esaterako, Urbasako igoera eta Olaztiko Rallysprinta. Baina lasterketak ez ezik motorrarekin lotutako "beste ekintza batzuk" antolatzea nahi izan dute, Iban Lopez de Goikoetxeak azaldu duen bezala. Olaztiko festetan goitibeherak antolatu zituzten, Olaztiko Gazte Asanbladarekin batera. Gainera, duela 9 urte Sakana Motorsport sortu zenean Urbasako igoeraren antolakuntzarekin hasi ziren, aurretik beste eskuderia batzuek antolatzen baitzuten. Hortaz, igoera finantzatzen laguntzeko kontzertu bat eskaini zuten, eta Eskufreno Rock deitu zioten.

Urbasako Igoera urriaren 5ean izanen da, eta antolatzen laguntzeko, 3. Eskufreno Rock antolatu du Sakana Motosportek. Abuztuaren 31n, larunbata, izanen da jaialdia. Goizetik igoeraren 50. urteurrenerako prestatutako erakusketa ikusgai egonen da Clinker jatetxean. Ondoren, 17:30ean, auto eta motor zaharren erakusketa izanen da futbito pistan. Jaialdiaren ekimen nagusiak gauean izanen dira. 21:00etan Clinker jaialdian afaria izanen da, eta, ondoren, 23:30ean, rock kontzertua izanen da. Afariaren eta kontzertuaren sarrerak abuztuaren 24 baino lehen eros daitezke, 25 eurotan.


EGITARAUA
Abuztuaren 31, larunbata

Egun guztian zehar. Clinker jatetxean
"Urbasako igoera 50 urte" erakusketa

17:30ean, Futbito pistan
Auto eta moto  klasikoen erakusketa

21:30ean, Clinker jatetxean
Afaria

23:30ean, Olaztiko gaztetxea
Kontzertuak

  • Los del Rayo
  • La banda del Jefe Bigun