Apoyos Metalicoseko enpresa batzordeak (ELAko 3 eta LABeko eta UGTko bana) bilerak izan zituen atzo eta gaur. Aurrena Ekonomia eta Enpresa eta Laneko Zuzendaritza Nagusiko kideekin izan zuten Iruñean. Enpresa Batzordeko kide Alfredo Berasategik azaldu digunez, “bileratik nahiko baikor atera ginen. Nafarroako Gobernukoak haize-sektoreko enpresekin harremanetan jarri dira inbertsoreak bilatzeko, alternatibak bilatzeko. Gamesarekin hitz egiten ari da. Guk esan genien ez duela zergatik sektore horretako inbertsorea izan. Interesa azaldu zuten”.
Zuzendaritzarekin bildu da gaur enpresa batzordea, eta lantegia ixteko bere asmoa berretsi du zuzendaritzak. Horrekin batera zortzi langile (hiruna soldatzaile eta margolari eta bi teknikari) Windar taldearen beste lantegietan birkokatzeko eskaintza egin du. Aldi berean, zuzendaritzak kaleratzeagatik pagatzeko prest dagoen kalte ordainen berri eman du: 20 egun lan egindako urte bakoitzeko (legeak ezartzen duena) eta beste lau egun urte mugarik gabe.
Azkenik, bi aldeek adostu dute langileak oporretan dauden bitartean kontratuak desagerrarazteko Enplegu-Erregulatzeko Espedientearen negoziazio epea gelditzea. Berasategik azaldu digunez, “enpresa batzordeko bost kidek ezin genuen oporretan dauden 73 langileren etorkizuna erabaki”. Azkenean, beraz, zuzendaritzak langileen eskaera bere egin du eta oporretatik bueltan, agorrilaren 27an eta 28an izanen dituzte hurrengo bilerak. “Bitartean Nafarroako Gobernuak denbora gehiago izanen du alternatibak bilatzeko, enpresa zabalik mantendu ahal izateko”, azaldu digu Berasategik.
Gaurko bileraren ondoren enpresa batzordeko kideek langileekin batera batzarra egin dute. Ongi hartu dute negoziazioen behin behineko etetea. Eta kalte ordainak eskasak zirela iruditu zaie. Langileek nahi dute enpresak zabalik segitzea .
Beste bilera
Apoyos Metalicos lantegia Gamesak sortu zuen haize erroten dorreak diseinatu, egin, merkaturatu eta mantentzeko. Gamesak eta Asturiasko Daniel Alonso taldeak elkarte estrategikoa sortu zuten 2007ko garagarrilean eta Windmill Towers sortu zen. Apoyos Metalicos enpresaren % 66,6 jabetza Daniel Alonso talde asturiarrarena da, eta gainontzekoa Gamesarena. "Haize erroten dorreen eraikuntzan munduko lider" izatea zen helburua. Daniel Alonso taldeak bost sail ditu eta horietako bat da Windar Renovables. Horren barruan dago Apoyos Metalicos eta estatuko beste zazpi lantegi. Gainera, lantegi bana ditu Mexikon, Brasilen, Indian eta Errusian. Azken hori pasa den urtean zabaldua.
Langileek jakinarazi dutenez, “zuzendaritzak ekoiztu bai baina ez du inbertsio bat bera egin Olatzagutiako lantegian. Hura alokatuta dago eta Gamesak eskatzen dituen tamainako haize erroten zutabeak egiteko gutxieneko oinarrizko baldintzarik ez du. Gure sentipena da lantegia hiltzen utzi dutela, enpresak aldiro gutxieneko inbertsioak egiteko borondaterik ez baitu izan”. Langileek gaineratu dutenez, “azken bi urteetan izan ezik, taldea irabaziak izan ditu”.
Joan den astean Apoyos Metalicoseko zuzendaritzako kideak Nafarroako Gobernuarekin elkartu ziren. “Langileok eskatu genion foru administrazioari zuzendaritzarekin bilera egiteko, bestela haiek ez zuten pauso hori emanen; ez zuten gobernuak eman zezakeen konponbide proposamenetan interesik”.