Apoyos Metalicos itxi eginen dute

Guaixe 2019ko ira. 6a, 11:16

Apoyos Metalicoseko langileak lantegi aurrean.

Langileak Nafarroako Gobernuarekin eta zuzendaritzarekin atzo egindako bileratik esku hutsik atera ziren. Asteartean hasiko dira kaleratze baldintzak negoziatzen. Altsasun manifestazioa eginen dute bihar, 12:30ean, Foru plazatik abiatuta.

Nafarroako Gobernuak deituta, Apoyos Metalicoseko enpresa batzordeko (ELAko 3 eta LABeko eta UGTko bana), zuzendaritzako ordezkariak eta Ekonomia eta Enpresa eta Laneko Zuzendaritza Nagusiko kideek bilera egin zuten atzo arratsaldean. “Nafarroako Gobernuak deitu gintuenez, ez genuen miraririk espero, baina esperantza txiki bat bagenuen bileran. Garbi gelditu zen gobernuak esku artean ez duela ezer”. Hala laburbildu digu atzoko bilera Enpresa Batzordeko kide Alfredo Berasategik. Ondorioa, Olatzagutiko lantegia itxi eginen dela. 

Berasategik azaldu digunez, gobernuko ordezkariek nabarmendu zuten denbora gutxi izan zutela inbertsoreak bilatzeko. Langileek ordezkariak esan digunez, “4 edo 6 hilabeteko enplegu erregulazio espediente bat ezarriz gero inbertsoreren bat opatuko luketen galdetuta, ezetz erantzun zuten, denbora gutxi dela. Zerbait egotekotan epe ertain edo luzera izanen dela esan digute. Ordurako gu kaleratuak izan gara”. Berasategik esan digunez, langileek barneratu dute lantegia itxiko dela. 

Enpresa Batzordea eta Windarreko zuzendaritza asteartean hasiko dira negoziatzen langileen kaleratzeen baldintzak. “Ekonomikoki aukera onena lortzen ahaleginduko gara. Negoziazio motza balitz lantegia heldu den astean bertan itxiko litzateke”. Langileek batzarra eginen dute bihar euren jarrera adosteko. Herenegun bi aldeek izandako bileran zuzendaritzak kaleratzeagatik pagatu beharreko kalte-ordainen inguruan proposamen berria egin zuen: legeak ezarritako gutxieneko 20 egunei beste zazpi gehitu zizkien. Kalte-ordain hori pagatzeko baldintza ere jarri zuen: 73 langileak batera kalera joatea. Zuzendaritzak, bestetik, zortzi langile (hiruna soldatzaile eta margolari eta bi teknikari) Windar taldearen beste lantegietan birkokatzeko eskaintza egin zuen garilaren 31n. 

Bitartean langileak lantegira joaten ari dira. Berastegik azaldu digunez, “oporretatik bueltatu ginenetik bi aste pasa dira eta ezer egin gabe pasatzen ditugu zortzi orduak. Lantegian ez dago materialik, ekoizpenik ez dago. Baina, aitortu behar da, enpresak pagatu egiten duela. Oporren aurretik bazegoen, gutxi bada ere, ekoizpena ongi ateratzen zen”. 

Manifestazioa 
Apoyos Metalicoseko langileek sakandarrak eta udal agintariak larunbatean, 12:30ean, Altsasuko Foru plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. Lantegia zabalik mantentzearen alde, haren jardueraren deslokalizazioaren eta Sakanako desindustrializazioaren kontrako mezua zabaldu nahi dute langileek. 

Datuak 
73 langile. 10 emakumezko. 
45-50 urte arteko adin tarteko langileak. 
17,5 urte daramaten lantegian, bataz beste, langileek. 
18 urte baino gehiago daramate 35 langilek. 
18 urte baino gutxiago daramate 38 langilek. 
Enpresa laguntzaileak: Talleres Javier, Inola, Barga, Barranquesa, Chatarras Aldasoro, Ramos, Aldakin, bi garbitzaile…