Apoyos Metalicoseko zuzendaritzako ordezkariak (Daniel Alonso % 66 eta Gamesa % 33) eta Enpresa Batzordea (ELAko 3 eta LABeko eta UGTko bana) herenegun bildu ziren. Zuzendaritzak enpresa ixteagatik eman beharreko kalte-ordaina mahai gainean jarri zien sindikatuei: 55 urte beteak dituzten bost langileri lan egindako urte bakoitzeko 27 eguneko ordainketa eta 6.000 euroko kalte-ordaina eta gainontzekoendako 27 egun eta 1.000 euro. Zuzendaritzak zortzi langile tokiz aldatzeko eskaintza egin zuen eta batek onartu du Avilesera joatea. Han ezartzeko 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du. Urte baten buruan han gustura ez badago edo utzi egiten badu eta Nafarroara bueltatzen bada 24 eguneko kalte-ordaina jasoko luke.
Jasotako eskaintzarekin langileengana joan ziren eta batzarrak eskaintza onartzea erabaki zuen. Aldeko 50 boto izan ziren, kontrako 6 eta 2 abstentzio. Sindikatuek langileek onartutakoa bete eta Enplegu Erregulazio Espedientea sinatu zuten. Herenegun arratsaldeaz geroztik ez dago langilerik Apoyos Metalicosen. Guztiak etxean dira ordaindutako lizentziarekin, asteartera arte. Orduan etengo ditu enpresak kontratuak. Enpresa Batzordeko kide Alfredo Berasategik esan digunez, “zuzendaritzak esan zigun kalte-ordainetarako hiru milioi euro zituela, eta batean jarri bestean kendu ibili da”.
Iritzia
Berasategik aitortu digunez, “itxiera erabakiak sindikatuoi aho-zapore garratza utzi digu. Ez da gustukoa izan”. Lantegiko industria jarduera mantendu eta horrela lanpostuei eusteko langileek Gamesarekin eta Nafarroako Gobernuarekin azken bi hilabeteetan egindako ahaleginak alferrik izan dira. Enpresa Batzordeko buru Sergio Goñik “Nafarroako Gobernuaren zehaztasun faltaz” kexu da, “zenbait bileren ondoren industria bazkide bat ekarri eta etorkizuna duen industria-proiektu bat bermatzeko gai ez da izan”. Sindikalistak ere kexu azaldu dira lantegiaren jabe den Daniel Alonso taldeak lan erreformak baliatu dituela, horiek “langileak defentsarik gabe uzten baitituzte”.
Langileen ordezkariek Apoyos Metalicosekoa deslokalizazioa dela nabarmendu digute, “Olatzagutian egiten den lan bera Avilesen eginen baita”. Berasategik jakinarazi digunez, Asturiasko langileak etorriko dira orain lantegia hustera. Bi asteetan egin nahi dute hori.