Olatzagutiko etxeetako eta industrialdeetako ur zikinak 1991z geroztik ez dira zuzenean ibaira joaten. Ordutik dago martxan araztegia. 28 urteren ondoren instalazioa bere ahalmena gainditzetik gertu dago. Gaitasun premia horietara egokitzeko Nilsa enpresa publikoak Olatzagutiko araztegiaren berritze integrala eginen dutela jakinarazi du. Ondorioz, egungoaren ondoan azpiegitura handitu eginen da. Araztegi berria funtzionatzen hasi ondoren, zaharra bota eta haren tokian baltsa bat eginen da. Hondakin-uraren tratamenduaren akaberako elementu bat izanen da baltsa; izan ere, han egonen da araztutako ura denbora batez Arakil ibaira bueltatu aurretik.
Nilsatik jakinarazi dutenez lanek urtebete iraunen dute, eta, bitartean, instalazio zaharrak jarraituko du lanean. Lanek 2.058.728,64 euro (BEZ gabe) aurrekontua dute eta Nafarroako zergadun guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren kontura finantzatuko da. Nilsatik azaldu dutenez, araztegi berriak ur zikinen 15,63 litro segundoko emaria tratatu ahalko du bataz beste, hau da, 1.350 metro kubiko eguneko. Gehieneko emaria, bestetik, 46,90 litro segundoko izango da. Mantentze-lanei dagokienez, astean bitan joango dira langileak instalazioa aztertzera, eta gutxienez bi ordu iraungo du bisita bakoitzak. Helburua da egiaztatzea uraren kalitate-parametroak egokiak direla eta isurketen inguruko arau eta baimen guztiak betetzen direla.
Aurretik bitan berritu da Olatzagutiko araztegia. Aurrena, 2005ean izan zen, erreaktore bat eta lohiak biltzeko sistema bat jartzeko. Atzena, berriz, 2015ean, erreaktore biologiko berri bat jartzeko, ura arazteko gaitasuna handitze aldera.