La Cigarra txarangaren 40 urteko "alaitasuna"

Guaixe 2019ko urr. 1a, 13:11

La Cigarra txarangak bota zuen aurtengo Olaztiko festetako txupinazoa, uztailean. ARTXIBOA

Olaztiko La Cigarra txarangak lau hamarkada bete ditu aurten. Olaztiko festetan zegoen musikaren faltari aurre egiteko, hainbat musikari instrumentuak hartu eta kalean jotzera animatu ziren. 40 urte ondoren sasoi onean mantentzen da

Festetako gauetan txintxar antzera zarata handia egiten ateratzen omen zen txaranga bat Olaztiko kaleetara. Zarata horretan oinarrituta, Juan Rubio txarangako klarinete jole izandakoari txintxarraren gaztelaniazko deitura bururatu zitzaion txarangari izena jartzeko: La Cigarra. Duela 40 urte sortu zen eta urteurrena zela aurtengo uztaileko festetan txupinazoa botatzeko "ohorea" izan zuten. Musika jotzera ateratzeko "desiatzen" egoten diren arren, sanmigeletan jai hartuko du La Cigarra txarangak. 

Garaiko Olaztiko festetan ez zegoen musika bandarik zein txarangarik. Hortaz, aurretik zegoen bandaren musikariak ateratzea bildu ziren eta kaleak girotzera animatu ziren. "Haiek jotzen hasi ziren eta gero besteak elkartu ginen". Miguel Angel Camuel txarangako kide beteranoena da. 65 urte ditu, eta txaranga sortzen ikusi zuen. "Jose Luis Ollo bandaren zuzendaria zenarekin musika ikasi genuen", eta txarangan sartzera animatu ziren.

40 urte
Hasierak txaranga kide bezala "gogorrak eta zailak" izan zirela aitortu du Camuelek, izan ere, "oso urduri" jartzen omen zen. Izan ere, festak hasi aurretik lau egun baino ez zuten entseatu. Hortaz, txaranga sorpresa bat izan zen. Dena dela, lotsak eta urduritasunak gainditu zituen eta 40 urte ondoren Camuel hurrengo festa iristeko zain dago, orain "oso gustura" eta ateratzeko "gogoekin" egoten da. 

Hasi zirenean ez zuten espero honaino iristea, "urte asko direlako". Baina lau hamarkada hauetan txaranga etengabe berritu dela azaldu du Camuelek. "Hasieratik jende gaztea sartzen hasi zen, musika eskolan ikasten ari zen jendea". Garai batean 20 kide izatera iritsi ziren: "Txaranga bat baino, banda bat zirudien". Orain hamahiru musikari dira: Alejandro San Roman (kutxa), Fermin Zornoza (txapak), Xabi Garmendia (bonboa), Andres Villaseca (saxo jolea), Berat Agirre (klarinete), Aran Trevejo eta Jon Garasa (saxo joleak), Josu Sarasola, Iñaki Garmendia eta Jon Askargota (tronpeta joleak). Jose Javier eta Iñaki Camuelen semeek ere txarangan parte hartzen dute, eta haiekin down sindromea duen Josu Vilariño tronpeta jolea aritzen da ere. Zaharrena Camuel da, 65 urterekin, eta gazteenak 14 urte ditu. Txarangak, beraz, etorkizuna badu. 

Txaranga aldatuz joan da, baita bere errepertorioa ere. Kalejirak, pasodobleak eta mexikarrak jotzen hasi ziren eta, gaur egun, "modernizatu" dira. Alejandro San Roman txarangako kideak "abesti pila bat konposatu" ditu: Gozategi, mexikarren bat... "Denetarik jotzen dugu eta jendea asko harritzen da".

Giroa
Txaranga "alaitasun handiarekin" hartu zuten herrian, eta oraindik ere "poztasunarekin" jarraitzen dutela esan du Camuelek. "Zerbait berria zen eta herriko jendea ginenez, elkar ezagutzen genuenez, poztasun handia ematen genuen". Herrirako sortu zen txaranga, herriko festetan ateratzen dira, eta herriak erantzuten du. Baina musikariak ere herriarekin ongi portatzen direla esan du: "Aurtengo festetan, esaterako, ekaitza egon zenean musika guztia gelditu zen eta udalak jotzeko eskatu zigun. Hor aritu ginen". 

2019ko Olaztiko festak, hain zuzen ere, oso garrantzitsuak izan dira La Cigarra txarangako partaideendako: txupinazoa bota zuten. Espero ez zuten zerbait izan zen, eta, gainera, azken unera arte ez zuten jakin haiek izango zirela. Baina "oso momentu hunkigarria" izan zela esan du Camuelek. 


Olaztiko txupinazoa bota zuten unea. ARTXIBOA

Olaztiko festak musikarekin alaitzeaz eta girotzeaz arduratzen da La Cigarra: festak, Batueko, inauteriak... Sanmigeletan ateratzeko deia izan zuten, baina kide askok ezin zutenez, ez ateratzea erabaki zuten. Erraldoiekin herriko auzo guztietara joaten dira eta, ondoren, tabernetatik kalejira egiten dute ere. Izan bazen garai bat ere Olaztitik ateratzen zirela. Hortaz, Gipuzkoako zenbait herritan egonak dira, baita "Erribera osoko erraldoiekin" aritu dira ere. "Udan zehar hemendik hona ibiltzen ginen. Batzuetan larunbatean eta igandean genituen emanaldiak, jarraian". Orain ez dute ateratzeko "beharrik", Camuelek azaldu duen bezala, txaranga ez baita haien lana. "Nahi dugulako jotzen dugu". Gauza guztiak "elkarte baten moduan" erabakitzen dituztela azaldu du Camuelek, beraz, "noizbait nonbaitetik deitzen badigute eta denak ados bagaude, joango gara". 

Harmonia eta lagunak direla. Horiek dira La Cigarra txarangaren berezitasunak eta hainbeste urtez irautearen sekretuak. Ostegunero biltzen dira, bi orduz, eta entsegu "serioak" egiten dituzte. Haien artean oso harreman ona dagoela esan du Camuelek: "Ez daude eztabaidarik".