Motoziklismoa

Fernando Urra: “Motorren mundua bizitzeko modu bat da; gustuko dut, akzio hutsa da”

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 27a, 10:48

Fernando Urra pilotu olaztiarrak 2019ko Espainiako Supermotard Txapelketa irabazi zuen irailaren 15ean Alcarraseko zirkuituan (Lleida), SM Master 30 mailan. Duela 5 urte hasi zen supermotardean, eta ordutik Master mailako Espainiako txapelduna izan da hirutan eta txapeldunordea batean. 

Egun motoziklismoko supermotardean zabiltza, baina aurretik automobilismoan, karsetan ibilia zara, ezta?
Bai, kartingean aspaldi aritu nintzen, 2006 urte inguruan. Motorrari lotuta ibili naiz beti: enduroan, motokrosean… eta motorra karsekin partekatzen nuen. Kartingean Euskadi eta Nafarroa mailan lehiatu nintzen, eta ongi ibili nintzen, Euskadiko Karting txapelduna izan nintzen. Eta enduroan Nafarroako txapelduna izan nintzen behin. Gasolinaren munduan ibili naiz beti. 

Txikitatik?
Ez, 20 urterekin, ekonomikoki ahal izan nuenean. Gaur egun txikiak direnean hasten dira, baina gure garaian ez zegoen horrenbesteko zaletasunik ez egun dauden erraztasunak. Ni hasi nintzen nire kabuz ekonomikoki ahal izan nuenean. 

Supermotarda abiadura eta motokrosaren fusioa da? Nola definituko zenuke?
Errepide edo abiadura eta motokrosaren arteko nahasketa edo konbinazioa da. Pista berberean, zirkuituan, astaltoa eta lur-tarteak prestatzen dira supermotarderako. Zirkuituak egokitzen dituzte, tarteka lur-eremuak, saltoak eta maldak jartzen dituzte. Finean, zirkuituaren %60 asfaltoa izaten da eta %40 lurra. Eta motorraren gurpilak asfaltokoak dira, abiadurakoak. Horrek markatzen du diferentzia. Motokroseko gurpilak takozkoak dira, baina supermotardean errepideko gurpilak lurrean sartzen dituzu. 

Konplikatua izango da lur eremuan errepideko gurpilekin aritzea…
Bai, gurpil horiek ez dira lurrera ongi heltzen, eta gurpil horiekin lurrean ongi ibiltzea kosta egiten da. Nahiko zaila da, entrenamendu asko eskatzen du. 

Non entrenatzen duzu?
Azkenaldian Kataluniara jo dut sarritan entrenatzera, Lleidara, han supermotard modalitaterako egokituak dauden zirkuituak daudelako. Hemen abiadura edo motokrosa lantzen ditut, baina berezita; ezin ditut biak batera praktikatu, ezin dut supermotarda landu. Horregatik Lleidara jo dut. Katalunian supermotarderako zaletasun gehiago dago eta pilotu asko daude. Egia esan, Katalunia motoziklismoan aitzindaria da. Espainiako Txapelketako pilotu asko kataluniarrak dira, baina aurten, egia esan Europa guztiko pilotuak aritu dira, baita ipar-amerikarrak eta australiarrak ere. 

Noiz hasi zinen supermotardean?
Hau bosgarren urtea da. 

Eta bost urtetan Espainiako master txapelduna hirutan izan zara? Ikusgarria, ez?
Beno (kar, kar…). 2015 urtean supermotardean murgiltzen hasi nintzen, zaletasun hutsagatik, eta modalitateari tamaina hartu nion. 2016 urtean Espainiako Txapelketako probetan hasi nintzen, master mailan, hau da, 30 urtetik gorako mailan, eta Kataluniako txapelduna eta Espainiako txapelduna izan nintzen. 2017 urtean ere, bi txapelketa horiek irabazi nituen. Iaz, 2018 urtean, txapelketa irabazteko aukerak nituen, liderra bainintzen, baina lasterketa batean kolpe handia hartu nuen, ezin izan nuen bukatu eta Espainiako txapeldunordea izan nintzen. Eta, aurten, Espainiako txapelduna izan naiz berriro. 

Aurtengo Espainiako Supermotard Txapelketak zenbat lasterketa izan ditu?
Guztira 10 lasterketa izan dira, baina 5 toki edo zirkuitutan. Hau da, zirkuitu bakoitzean bi lasterketa egiten dira. Lehendabiziko bi lasterketak Albaidako zirkuituan jokatu ziren (Valentzian), apirilaren 6an eta 7an; hurrengo biak Burgosko Tubilla del Lagon, maiatzaren 11n eta 12an; hurrengo biak Galizako Forcarein, ekainaren 1ean eta 2an; hurrengo biak atzera ere Albaidan, uztailaren 27an eta 28an; eta, azken biak Alcarrasen, Lleidan, irailaren 14an eta 15ean. 

Nolakoa da zuen lasterketa bat?
Kategoria guztietako pilotuak batera ateratzen gara: juniorrak, eliteak, masterrak… baina gero ez da sailkapen absolutua edo scratcha egiten, bakoitzak gure kategoriaren barruan puntuatzen dugu. 15 minutu eta 2 itzuli eman behar dizkiogu zirkuituari, halako bi lasterketa. 

Nolakoa da zure motorra?
Husqvarna etxekoa. Ez da moto ofiziala, nik prestatu dut. Dendan erosi eta, ondoren, nik egokitu nuen. Pilotu gehienek talde edo moto etxe garrantzitsu eta ofizialekin lehiatzen dira, baina nik ez dut atzean talderik, librea naiz; ni naiz pilotua, mekanikaria… 

Hortaz, zureak meritu handiagoa du…
Ez baduzu sponsor edo babeslerik zuk egin behar duzu dena. Dena den, pozik nago, talde garrantzitsuetako pilotuen mailan egon garelako lehian, mundu mailan lehiatzen den jendearekin. 

Puntako elite edo junior horiekin alde asko duzue?
Ez pentsa, buelta bakoitzeko gehienez segundo bat edo biko aldea, tarteka ehuneneko batzuena. Oso tarte gutxi egoten da sailkapenetan. Batzutan, 5. postutik 15. postura soilik segundo baten aldea dago, edo soilik ehunenekoak. Jaume Gaya kataluniarrak irabazi du Espainiako Supermotard Txapelketa junior mailan, Elia San Marin elitean eta SM-Pro mailan, nik Masterrean eta abar. Egin dudan denboraldia kontuan hartuta, elite mailan banengo lehen 4 postuetan sailkatuko nintzateke. 

Motorra, gurpilak, ekipazioa, entrenamenduak, lasterketako inskripzioak… zuk ordaintzen duzu. Hori dirutza da, eta horri kirol honetan ematen duzun denbora gehitu behar zaio. Zer ematen dizu kirol honek?
Nik zaletasunagatik egiten dut. Motorren mundua, motorra bera… bizitzeko modu bat da, gustuko dut, akzio hutsa da. Baina nahiz eta Espainiako edo Kataluniako txapelduna izan, horrek ez du ezer aldatzen. Titulu bat duzu, satisfazio handia, baina hurrengo egunean lanera joan behar duzu. Sekulako esfortzu ekonomikoa egiten duzu, bueltan jasotzen ez duzuna, baina hau zaletasun hutsa da; horrek asetzen zaitu. Ildo honetan, oso eskertuta nago Sakana Motorsport eskuderiarekin eta Ramos Industrial eta Zatika Motorrak enpresekin, urte hauetan emandako babesarengatik. 

Hurrengo urtean Espainiako Txapelketan ariko zara?
Hurrengo urtean ez. Ekonomikoki aurrekontu handia eskatzen du txapelketan aritzeak, eta horri bidaiak, entrenamenduak, motorra puntuan jartzea, lasterketak… denbora asko gehitu behar diozu. Txapelketan ongi aritzeko denboraldi guztian lan egin behar duzu; sakrifizio handia da, eta gorputzak ere atseden hartzea eskatzen dit lehian puntan lau urte eman eta gero. Horrela, hurrengo urtean atseden hartzea erabaki dut. Lasterketen arantza kentzeko motokroseko edo enduroko lasterketaren batean ariko naiz, baina modu puntualean eta gozatzeko, besterik ez.