Automobilismoa

Urbasako Igoera atzerakontuan

Guaixe 2019ko ira. 27a, 11:07

Urriaren 5ean jokatuko da XXXVIII. Urbasako Igoera, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa izango dena. Pilotuek gaur dute azken eguna igoera ezagunean izena emateko (www.fotomotor.es)

Sakana Motorsport eskuderia lanez lepo dago. Aste luzea falta da Urbasako Igoera jokatzeko, eta azken ukituak lotzeko unea da hau. Irailaren hasieran zabaldu zen XXXVIII. Urbasako Igoeran izena emateko epea, eta pilotuek gaur dute inskripzioa egiteko azken eguna, www.fotomotor.es web gunean. Antolakuntzak urriaren 3an, ostegunean, jakinaraziko du zeintzuk diren Urbasako proba mitikoan parte hartzen duten pilotuen zerrenda. Proba, aldi berean, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa izanen da.

Gogoratu beharra dago iaz bertan behera geratu zela Urbasako Igoera. Proba lehenengo aldiz antolatu zeneko 50. urteurrena izan behar zen 2018koa, baina antolakuntzak proba ez ospatzeko erabakia hartzera derrigortua ikusi zuen bere burua, “Nafarroako Gobernuak azken orduan egindako eskaerak bete ezinak” zirela eta “segurtasunean eragina” zutela argudiatuta. Aurten badirudi antolakuntzak eskaera guztiak betetzeko tartea izan duela eta ez dago inolako arazorik urriaren 5ean, goizeko 11:00etatik aurrera auto ikusgarriak Olaztitik abiatuta Urbasako arranpa eta bihurguneetan gora ikusteko. 

Bezperan hasiko dira egiaztapenak
5,7 km-ko distantzia duen lasterketa larunbat goizean izanen da, baina Olazti eta Urbasa arteko errepidea bezperan itxiko da, urriaren 4an, ostiralean, 20:00etan. Urbasako Igoeran parte hartuko duten autoen egiaztapen tekniko eta administratiboak ere bezperatik hasiko dira. Ostiralean, 16:30etik 20:30era 20 eta 100 zenbaki arteko dortsala duten autoen egiaztapena egingo du antolakuntzak, eta, larunbatean, 8:00etatik 9:00etara, 1 eta 20 zenbakien arteko egiaztapenak. Entrenamendu libreak larunbatean goizeko 11:00etan hasiko dira, eta entrenamendu ofizialak 13:00ak inguruan. Segidan, igoerako bi mangak jokatuko dira eta sari ematean 19:30ak inguruan izango dela aurreikusten du antolakuntzak. 

Tamainako kirol ekitaldi hau prestatzeak antolakuntza handia du. Bihurguneak, garbiketa, sarrerak… Sakana Motorsport lagundu nahi dutenek, jakin dezatela ateak zabalik dituztela eta eurekin harremanetan jartzea nahikoa dela.