Mendi lasterketak

Beriaini lekukoa hartuta, bihar Olatzagutia-Urbasa

Guaixe 2019ko ira. 27a, 12:16

13. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa jokatuko da bihar, larunbatean, 10:30ean. Proba herrikoiagoa izateko iazko erabakiari jarriki, 15 km-ko proba izango da aurtengoa, aurreko urteetako proba laburra, eta lasterketa gauzatzen den bitartean haurrendako lasterketak antolatu dituzte

Irailaren 29 San Migel eguna da, Olaztiko festa txikiak. Eta San Migel festei lotuta, Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa jokatuko da bihar, lasterketaren 13. edizioa. Sutegi klubak antolatzen du proba, Olaztiko Udalaren laguntzarekin eta hainbat babeslerekin, eta iaz hartutako erabakiari eutsi dio taldeak: proba herrikoiagoa izateko distantzia laburragoaren alde egitea. 

Lasterketa herrikoiagoaren alde
2017 urtera arte ibilbide nagusiak 26,33 km eta 1.838 metroko desnibel positiboa zuen, eta azken urteetan 16 km eta 1.122 m desnibel positiboko ibilbide laburragoa antolatu zuten junior, kadete eta horrela nahi zuten korrikalariendako. Eta iaz hartutako erabakiari eutsiz, aurten ere ibilbide bakarra egongo da, aurreko edizioetako ibilbide laburra zenaren oso antzekoa, 15 km-koa eta 900 metroko desnibel positibokoa. 

Izan ere, geroz eta mendi lasterketa gehiago daude, eta probak ez badira Euskal Herriko edo Nafarroako Txapelketetarako puntuagarriak –horrek dakarren aurrekontuarekin eta eskaerekin– parte-hartzea jaisten da. Horren aurrean, olaztiarrek iaz erabaki zuen helburua ez zela punta-puntan egoteko sekulako ahalegina egitea, baizik eta lasterketa herrikoiagoa izatea, eta horregatik distantzia laburraren alde egin zuten, bertako eta inguruko korrikalariak gehiago animatzeko. Ekimenak arrakasta izan zuen: 141 korrikalarik hartu zuten irteera, eta horietatik 136k osatu zuten proba, tartean 45 sakandarrek. Xabi Lete oñatiarra (1:23:11) eta eta Alizia Olazabal irundarra (1:46:04) izan ziren txapeldunak, eta Joxeja Maiza etxarriarra (1:28:26) eta Izaskun Beunza olaztiarra (1:53:34) lehen sakandarrak. Aurtengorako ere antzeko parte-hartzea espero da. Eguraldi polita iragarri dute larunbaterako eta 138 korrikalari daude izena emanda. Izena ematea asteazken gauean itxi zen, www.herrikrosa.eus web gunean.

15 km-ko ibilbide ederra Urbasa eta Andian barna
Lasterketa Olaztiko San Migel plazatik bihar, larunbatean, 10:30ean abiatuko da. Ibilbidea aurreko urteko proba nagusiaren lehen zatia zena da, aurreko edizioko proba laburra, hain zuzen. Korrikalariek zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute, Tontorraundira (1.157 m). Bira gorabeheratsua egingo dute ondoren, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m), Morterutxora jaitsi (890 m) eta segidan Zelai handitik (1.113 m) Bargagainera helduko dira (1.153 m), atzera ere Morterutxora heltzeko. Hortik Olaztiko helmugarako bidea hartuko dute, San Migel plazara iristeko. 
Probaren informazio guztia, ibilbidearen Wikiloc tracka barne, https://olazagutiaurbasa.wordpress.com web gunean dago. 

Sariak
Ibilbidean barna hiru hornidura gune egongo dira, helmugakoaz gain, eta DYAk proba zainduko du. Korrikalariak plazako helmugara iritsi bezain pronto –ordu eta erdi baino gutxiago beharko dute azkarrenek–, auzate ederra izanen dute zain eta dutxa hartzeko aukera. Lehen hirurek, lehen beteranoek, lehen sakandarrek eta lehen olaztiarrek, emakumezkoek eta gizonezkoek, bertako produktuekin osatutako lote ederrak jasoko dituzte, eta txapeldunek trofeoa baita ere. Eta parte-hartzaileen artean loteen zozketak egingo dira.

Haurren lasterketak: motortxoak eta ohiko lasterketak
Helduak 10:30ean abiatu bezain pronto, haurrendako lasterketak antolatu dira San Migel plazan, festak direnez, herria girotzeko. Bi proba izango dira: GP motorrak (txikien motortxoak), 4 urte bitartekoendako –norberak bere motoa eta kaskoa eraman beharko du– eta lasterketa arrunta, 4-7 urte, 7-10 urte eta 10-13 urte bitarteko adinekoendako. Herriko festak dira, eta lasterketaz gain, haurrendako puzgarriak, herri bazkaria dantzaldia eta beste antolatu dira. Giro polita egongo da eta, horregatik, Olaztira hurbiltzeko gonbita egin dute antolatzaileek, lasterketarekin gozatzeaz gain, herrian egun pasa polita egiteko.