Automobilismoa

Dena prest Urbasako motor festarako

Guaixe 2019ko urr. 4a, 14:25

Garikoitz Flores hirugarrena izan zen Urbasako azken edizioan, 2017an.

Bihar, larunbatean, XXXVIII. Urbasako Igoera jokatuko dute izena emanda dauden 95 pilotuek, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketarako baliagarria. Entrenamendu libreak 11:00etan hasiko dira eta entrenamendu ofizialak 13:00etan. Errepidea gaur itxiko da, ostiralean, 19:00etan eta egiaztapenak gaur hasiko dira

2018an motorzaleak Urbasako Igoerarik gabe geratu ziren. Proba lehenengo aldiz antolatu zeneko 50. urteurrena izan behar zen iazkoa, baina Sakana Motorsportek proba ez ospatzeko erabakia hartzera derrigortua ikusi zuen bere burua, “Nafarroako Gobernuak azken orduan egindako eskaerak bete ezinak” zirela eta eskakizun horiek “segurtasunean eragina” zutela argudiatuta. Aurten eskakizun guztiak betetzeko nahikoa tartea egon da eta bihar, larunbatean, Olaztitik aterata Urbasan gora puntako auto ikusgarriak ikusteko aukera izango da. 

Sakana Motorsport eskuderiak antolatu du XXXVIII. Urbasako Igoera, hainbat babesleren eta entitateren laguntzarekin. Nafarroako Mendi Txapelketarako, Nafarroako Junior Mailako Mendi Txapelketarako eta Errioxako Mendi Txapelketarako puntuagarria izango da. Baina Urbasako probak badu berezko zerbait; xarma berezia, erakartzen duena. Horregatik, puntako pilotuak egongo dira bertan. Azken orduko aldaketarik ez badago, 95 pilotuk hartuko dute irteera, tartean sakandarrak. Eta haien lana jarraitzera milaka ikusle bilduko dira Urbasako bihurgune, zirrikitu eta maldetan. Tenperatura ona iragartzen dute eta eguraldi ona. Akaso euri tintinaren bat, baina apenas. Beraz, printzipioz lehorreko gurpilak erabili beharko dituzte pilotuek. 

95 pilotu, tartean 10 sakandar

Azken orduko aldaketarik ezean, 95 pilotuk eman dute izena bihar Urbasako maldetan gora ziztu bizian pasatzeko. Faboritoen artean Joseba Iraola, Arkaitz Ordoki, Garikoitz Flores lakuntzarra,Iñaki Irigoien, Jon Zuazua, Ibon Beitia, Iker Palacios lakuntzarra, Iñigo Zelaia bakaikuarra eta beste daude. Beraienak dira probako autorik azkarrenak, barketak, formulak ea speed carrak.Pantxo Egozkue mitikoa ez dago izena eman dutenen artean. Hauetaz gain, beste kategorietako piloturik lehiakorrenak ere Urbasan ikusiko ditugu. 

Eta sakandarrei dagokienez, gutxienez 10 pilotuk dute parte hartzeko asmoa: Garikoitz Flores (BRC B49), Iker Palacios (BRC 05 Evo), Iñigo Zelaia (Speed Car GT 1000), Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 GT Turbo), Garikoitz Goñi (Renault Clio Sport), Urko Berdud (Renault Clio Sport), Ander Gurmindo (Renault Clio Sport), Eneriz Besga (Citroen Saxo), Mikel Mendinueta (Peugeot 205 G) eta Iker Askargorta (Opel Astra), Sakana Motorsport eta Arakil Motorsport eskuderietakoak. 

Urbasako igoerako azken edizioan, 2017an, Joseba Iraola izan zen azkarrena (Norma NAC M20, 3:09.820 minutu), eta Garikoitz Flores lakuntzarra (BRC B-49) hirugarrena sailkatu zen (3:20.426 minutu). 

5,72 kilometroko igoera
Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean jokatuko da proba, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura. Hau da, 5,72 km eta 285 metroko desnibela izanen ditu, eta Olaztitik Urbasako portua igo arte jokatuko da. Ibilbideak bi zati dauzka. Lehenengo zatia irteeratik hasi eta "Salto de aguas" izenez ezagutzen den tokira artekoa da. Zati oso azkarra da, eta, akaso, ibilbideko bihurgunerik okerrena lehen zati horretan dago. Bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da. Bihurgunez betetako zatia da, gehienak ferra bihurguneak edo 180 gradukoak. Beraz, autoek abiadura moteldu beharko dute. Igoera auto indartsuendako egokia da. Izan ere, zati azkar asko daudenez, motor indartsua behar da.

Gaur 19:00etan itxiko dute errepidea
Gaur, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan itxiko dute Olaztitik Urbasara doan errepidea. Jende asko bezperatik igoko da Urbasara, eta antolakuntzak zehaztutako eremuetan aparkatzea eta Urbasa-Andia natur parkea behar bezala zaintzea eta garbi izatea eskatu dute. Bihar, larunbatean, goizeko 7:30ean irekiko da ibilbiderako sarbidea, oinezkoendako. Autoak Lizarraldetik edo Araba aldetik sartu beharko dira Urbasara, eta antolakuntzak zehaztutako tokian aparkatu beharko dute, Bioitza kanpinaren inguruetan. 

Segurtasuna bermatzea, antolatzaileen kezka nagusia

Uneoro pilotuen eta ikusleen segurtasuna bermatzea da antolakuntzaren kezka eta helburu nagusia. Horregatik, soilik zehaztutako guneetan kokatzeko eskaria egiten zaie Urbasara hurbilduko diren milaka zaleei; argi utzi nahi du Sakana Motorsportek: debekatutako eremuetan ezingo da egon; soilik baimendutako eremuetan jartzeko deialdia berretsi egin dute Sakana Motorsportekoek, balizko istripuak ekiditeko. Eta erorketa edo luiziak egoteko arriskua dagoen lekuetan ez jartzea eskatu du antolakuntzak.

Horretaz aparte, Urbasa-Andia natur parkea dela kontuan hartuta, antolakuntzak norberak bere zaborra jasotzea eta mendia garbi-garbi uztea eskatu du. 

Zaila da tamaina horretako ekitaldi handi bat antolatzea: baimenak lortu, segurtasuna lotu, dirua bildu… Aurrekontu handia behar da proba aurrera ateratzeko, aseguruak eta beste estaltzeko. Hori ongi dakite Sakana Motorsport taldekoek. Antolakuntzan Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen eta hamaika komertzio eta babesleren laguntza izan dute. 



Autoen egiaztapenak gaur hasiko dira
Gaur, ostiralean, 16:30etik aurrera proban parte hartuko duten autoen egiaztapenak hasiko dira, Clinker jatetxe parean. Nahi izanez gero ostiraletik aurrera utzi ahal izango dira autoak Clinker aurreko futbitoko pistan egongo dira, parke itxian. Egiaztapenekin larunbat goizean jarraituko du antolakuntzak, eta aipatzekoa da autoen asistentzia gunea Erburua kiroldegiko aparkalekuan egongo da. 

11:00etan entrenamendu libreak eta 13:00etan entrenamendu ofizialak
Larunbatean, goizeko 11:00etatik aurrera entrenamendu libreak egiteko aukera izango dute pilotuek. Gero, gutxi gorabehera 13:00etan, lehen entrenamendu ofizialei ekingo diote autoek eta, segidan, probako bi txanda ofizialak jokatuko dira. 

Bukaeran, 19:30ak aldera izango da sari ematea, Clinker parean. 

Batetik, lasterketako sailkapen orokorra edo scratcha kontuan izanda, lehendabizikoak 200 euro eta trofeoa, bigarrenak 150 euro eta trofeoa eta hirugarrenak 100 euro eta trofeoa jasoko ditu. Horretaz aparte, turismoendako scratch sariak izango dira ere: lehendabizikoak 200 euro eta trofeoa lortuko ditu, bigarrenak 150 euro eta trofeoa eta hirugarrenak 100 euro eta trofeoa. Segidan, kategoria edo klase bakoitzeko lehen sailkatutako autoak 100 euro eta trofeoa jasoko ditu. Bestalde, Nafarroako junior pilotu onenari 100 euro eta trofeoa banatuko zaizkio, eta, bukatzeko, lehendabiziko hiru pilotu sakandarrendako trofeoa izango da. 

Autoen ikuskizunarekin gozatzeko eta egun polit bat pasatzeko deia egin diete Sakana Motorsportekoek zaletu guztiei. 95 pilotu, auto ikaragarriak, milaka zale, eguraldi ona… motorraren festa inoiz baino eder eta zaratatsuagoa izatea, hori da erronka.