Haurrendako, gazteendako eta helduendako antzerki proposamenak Olaztin

Guaixe 2019ko urr. 24a, 12:06
'Conchita Tou...' antzezlanaren protagonistak. UTZITAKOA

'Conchita Tou. Tu vidente pitonisa-medium y la de todos tus muertos' antzezlana izanen da bihar, ostirala, 22:30ean, Olaztiko kultur etxean. Igandean Euria dantza ikuskizunaren emanaldia izanen da, 17:00etan, Olaztiko kultur etxean

Lan, osasu edo maitasun arazoak dituzu? Zure bizitza ez da espero zenuen bezalakoa? Hildakoren batekin itxi gabeko kontuak dituzu? Conchita Touri deitu. Euskal Herriko medium hoberena da Conchita Tou, eta bihar, ostirala, 22:30ean, Olaztiko kultur etxean izanen da. Iñaki Cid antzerkigilearen lan berria da Conchita Tou. Tu vidente pitonisa-medium y la de todos tus muertos, eta Nerea Arriola, Anuxka Etxeberria eta Iñaki Cid bera dira aktoreak. Medium baten eta berarekin kontaktatzen dutenen arteko elkarrizketa umoretsua kontatzen du antzezlanak. Antzezlana apirilean mustu zuten.

Iganderako Markeliñe dantza konpainiaren Euria familiarteko ikuskizuna izanen da Olaztiko kultur etxean. 17:00etan izanen da emanaldia. Euria itxaropen oihu bat da. Maitatutako pertsona bat galtzean eta dena aldatu dela onartu behar denean geratzen denari buruz hitz egiten du. Markeliñe 1985ean sortu zen eta oso estilo pertsonala du. Kode eszeniko eta hizkuntza propioa erabiltzen du ikuskizunak sortzeko. Euria ikuskizunean, esaterako, musikak eramaten du hari gidaria. Nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu du Markeliñek: Frantzia, Belgika, Herbehereak, Austria, Finlandia, Korazia, Portugal, Iralnda, Mexiko eta abar. Euria ikuskizuna Xixongo Feten Haurrendako Arte Eszenikoen jaialdiko saria jaso zuen 2017. urtean.

Sarrerak Olaztiko udaleko web orrian edo kultur etxean eros daitezke. Conchita Tou antzezlanaren sarrerak aurretik erosita 6 euroko prezioa dute, eta lehiatilan egunean bertan 8 euro. Abonamenduaren barruan dagoen ikuskizuna da. Bestetik, Euria ikuskizunak 3 euroko prezioa du.