25 urteko ibilbidea egin du Guaixe fundazioak eta sakandarrei bere hastapenak gogoratzeko erakusketa ibiltaria antolatu du. Urdiaindik, Ziordiaik, Altsasutik. Arbizutik, Iruñetik, Irurtzundik eta Etxarri Aranaztik pasa ondoren Olatzagutian geldialdia izanen du eta bertako liburutegitik pasatzen direnak propio prestatutako stand bat opatuko dute. Han eseri eta 1994 eta 2002 artean publikatu ziren Guaixe hilabetekarien aleak edo 2001 eta 2003 urteen artean argitaratu ziren Oixe astekariarenak ikusteko aukera izanen da.
Orri artean ttuttuka dabilenak duela bi hamarkadako Sakanako eta Olatzagutiko kontuak berritzeko aukera izanen du. Gainera, argazki zaharrei erreparatuz denboraren joanak ekarritako aldaketak ikusteko aukera izanen da. Gerta daiteke orri pasa dagoena bere burua ale zahar batean opatzea. Hala bada, Guaixe fundaziotik irakurle hori gonbidatzen dugu orriarekin batera argazkia ateratzea eta sare sozialetan #batzengaituena edota #Guaixe25 traolekin partekatzea. Nahi duen guztiak standean dagoen photocall-arekin argazkia egiteko aukera du. Argazki horiek partekatzea ere eskertuko luke fundazioak.
Hemerotekan ikusitako aleren bat berarendako nahi duenik ere egon daitekeenez, eskertuko genioke Guaixe fundazioarekin harremanetan jartzea admin@guaixe.eus e-postara idatziz, eta fundazioak eskatutako zenbakia oparituko dio. Trukean alearekin agertzen den argazki bat egitea eskatuko diogu, sare sozialetan partekatzeko.