Aldasoro harategiaren txorizoa Azpeitian saritua

Guaixe 2019ko aza. 9a, 11:15
Aldasoro harategiaren izenean Pako Azpeitiko txorizo egosien lehiaketako 2. saria jasotzen. Argazkia: www.urolakosta.hitza.eus

VII. Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketan bigarren saria jaso zuen larunbatean.

Joan den urtean podiumeko azken koxkara igo zen Olatzagutiko Aldasoro harategia Azpeitian jokatzen den Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketan. Sariketaren zazpigarren edizioa jokatu zen larunbatean eta podiumean koxka bat gora egitea eta bigarren sailkatzea lortu du Patxi Aldasoro Guajardo harakinak. Azpeitiko Zabala harategi txapeldunarengandik puntu bakarrera gelditu zen (41 puntu). Aldasorok udalaren garaikurra eta diploma jaso zituen aitortza gisa. 

Aurtengo lehiaketara 27 txorizogile aurkeztu dira. Epaimahaiak sariak banatzerakoan, besteak beste, honako ezaugarriak izan zituen kontuan: zabalera, pikatua, piper-hautsa, zaporea eta egosi ondorengo txorizoaren kolorea eta itxura. 

Patxi Aldasorok esan digunez, “sariak lortzea oso zaila izaten da. Azkenean, denak gauzak ongi egiten saiatzen gara. Eta saria lortzeko zorte pixka bat beti behar da”. Sariak lortzea Aldasororendako “oso garrantzitsua da. Aitak sari asko zituen, listoia altu zegoen, eta lau urte hauetan ni ere lortzen ari naiz. Oso pozik nago”. Txorizoaren berezitasunaz galdetuta, Aldasorok esan digu azkenean “betikoa” egitea dela. Osagaiak txistorrako berak dira: txerrikia, piper-hautsa, baratxuria eta heste naturala. Lehor neurria. Eta mimo handiz egitea”. Sekretua ez digu kontatu hala ere. “Ona izatetik onena izatera gauza txiki horietan dago aldea”. Ordizia eta Donostiako txistorra lehiaketetara aurkeztuko dela aurreratu du. Aldasorok aipatu du “bere epaile zintzoenak eguneroko bezeroak” direla, “horiei, egunero gauza onak egin nahi dizkiet”. 


Aldasoro harategiaren palmaresa
Txistorrarekin lortutako sariak
2001eko Nafarroako Lehiaketan 1.
2001eko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1. 
2003ko Sakanako txapelketan 3. 
2003ko Ordiziako Euskal Herriko lehiaketan 4. 
2003ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 2. 
2005eko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 2. 
2006ko Donostiako euskal Herriko Lehiaketan 1. 
2007ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 4. 
2008ko Nafarroako Lehiaketan 2. 
2009ko Nafarroako Lehiaketan 1. 
2012ko Nafarroako Lehiaketan 3. 
2016ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1. 
2017ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 5. 
2018ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 3. 
2019ko Nafarroako Lehiaketan 3. 

Txorizoarekin lortutako sariak 
2006an X. Bilbo Hiria Etxeko Txorizoen Lehiaketan finalista. 
2017ko Azpeitiko V. Euskal Herriko Lehiaketan 4. 
2018ko Azpeitiko VI. Euskal Herriko Lehiaketan 3. 
2019ko Azpeitiko VII. Euskal Herriko Lehiaketan 2.