Jaiotzak, beti bezain ikusgarri

Guaixe 2019ko abe. 18a, 10:04
Erregeen etorrera irudikatzen duen diorama. Argazkia: Miren Arregi.

Ilbeltzaren 6ra arte ikusgai dago: astegunetan 18:00etatik 20:00etara, larunbatetan 17:30etik 20:00etara eta igande eta jai egunetan 13:00etatik 14:30era eta 17:30etik 20:00etara.

Eguberrietako hitzordu finkoa da Sakanako belenzaleen elkarteak antolatzen duen erakusketa. Aurtengoa 19. edizioa da eta dozena bat jaiotzek osatzen dute. Haietatik zazpi berriak dira. Haiek sortzeko elkartekideak bateko eta besteko etxeen argazkietan oinarritu dira. Gainontzeko bost jaiotzak aurretik eginak zeuden, baina moldaketak egin dizkiete ikusgai jarri aurretik. Langintza horretan aritu dira Patxi Agirre, Javier Beunza, Luis Borrega, Saturio Flores, Emeterio Galan, Jesus Mari Garmendia, Katy Mayor, Felipe Orabengoa eta Paco Sanz. Jaiotza batzuk banaka egin dituzte, besteak taldelanean. 

Dentsitate desberdineko porespanari forma emateko eztainua urtzeko gailuarekin eta laban zorrotzekin landu dute lehenik eta behin betiko itxura margo, kola, goroldioarekin eta, jakina, iruditxoekin jantzi dute. Erakusketa igandean mustu zuten, baina hura prestatzeko elkarteko kideak otsailaz geroztik aritu dira lanean. Gainera, euren lana ez da bakarrik Olatzagutian ikusgai. Aurreko urteetan egindako zortzi jaiotza aurten, esaterako, Tafallan ikusgai daude, uholdeek hango belenzaleen egoitza txikitu baitzuen. 

Makina bat jendek bisitatuko du erakusketa eta, aurten ere, sakandarrez aparte izanen da estatutik etorriko denik. Esaterako, larunbatean, asturiastik etorritakoak izan ziren bisitan. Elkartekideak asteartean eta asteazkenean Kataluniara joanen dira eta bi egunetan jaiotzen sei edo zazpi erakusketa ikusiko dituzte. Bestetik, Olatzagutian Katalunia, Madril edota Andaluziatik etorritako belenzaleen bisitak espero dituzte. Bisitari guztiek elkartea laguntzeko bazkide egiteko aukera izanen dute. Gaur egun 40 bat kide ditu Orabengoa buru duen elkarteak. 

12 dioramak 
Jesusen, Mariaren eta Joseren dozena bat pasarte jasotzen ditu erakusketak, bakoitza 5 metro karratuko azaleran: Ama Birjinaren berri ematea; Erroldatzea; Ostatua bila; Jesusen jaiotza; Jesusen haurtzaroa; Artzainei berri ematea; Artzainen adorazioa; Erregeen kabalgata; Errege Magoen adorazioa; Lehen urratsak; Egiptora ihesa eta Zurgindegia.

Ikastaroa 
Sakanako belenzaleen elkarteak jaiotzak egiteko ikastaroa antolatu du. Erakusketan bertan eman daiteke izena. 

Erlazionatuak