Aldasoro harategiak Donostian borobildu zuen urtea

Guaixe 2020ko urt. 11a, 10:06

Aitak semearen partez saria jaso zuen. Argazkia: Donostia Kultura.

Euskal Herriko Txistorra Lehiaketa irabazi,  Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketan bigarrena izan zen eta Nafarroako Txistorra Txapelketan hirugarren bukatu zuen.

Modu ezin hobean despeditu zuen urtea Patxi Aldasoro Guajardok, Olatzagutiko Aldasoro harategiak. Izan ere, Donostian abenduaren 21ean jokatu zen XXIV. Euskal Herriko Txistorra Lehiaketa irabazi zuen. Epaileek lehiaketara aurkeztutako 21 txistorren artean Aldasororena onena izan zela erabaki zuen. Laugarren aldia da Olatzagutiko harategiak txapelketa hori irabazten duena. 

Baina Aldasoro joan den urtean ez zen podiumetatik jaitsi. VII. Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketan bigarren sailkatu zen Azpeitian azaroaren 2an, 27 harakinen artean nabarmenduz. Aurretik, lastailaren 2an, XIV. Nafarroako Txistorra Txapelketan hirugarrena izan zen Aldasoro. Harakin olaztiarrak aitortu digunez, “sariak lortzea oso zaila izaten da. Azkenean, denak gauzak ongi egiten saiatzen gara. Eta saria lortzeko zorte pixka bat beti behar da”. Pako aitak langa altu jarri zion baina bera ere sariak lortzen ari da eta, horregatik, “pozik” dago. Hala ere, Aldasorok argi du “epaile zintzoenak eguneroko bezeroak” direrla. 

Aldasoro harategiaren palmaresa
Txistorrarekin lortutako sariak
2001eko Nafarroako Lehiaketan 1.
2001eko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1. 
2003ko Sakanako txapelketan 3. 
2003ko Ordiziako Euskal Herriko lehiaketan 4. 
2003ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 2. 
2005eko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 2. 
2006ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1. 
2007ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 4. 
2008ko Nafarroako Lehiaketan 2. 
2009ko Nafarroako Lehiaketan 1. 
2012ko Nafarroako Lehiaketan 3. 
2016ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1. 
2017ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 5. 
2018ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 3. 
2019ko Nafarroako Lehiaketan 3. 
2019ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1.

Txorizoarekin lortutako sariak 
2006an X. Bilbo Hiria Etxeko Txorizoen Lehiaketan finalista. 
2017ko Azpeitiko V. Euskal Herriko Lehiaketan 4. 
2018ko Azpeitiko VI. Euskal Herriko Lehiaketan 3. 
2019ko Azpeitiko VII. Euskal Herriko Lehiaketan 2.