Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketa bihar hasiko da Olaztin. Hain zuzen ere, aipatu txapelketako I. Jardunaldia hartuko du bihar, larunbatean, Olaztiko Erburua kiroldegiak. Txapelketa Nafarroako Irristaketa Federazioak antolatu du, baina lehen jardunaldi honetan Sakana Patin Taldea ibiliko da antolakuntzan, eta Olaztiko Udalaren laguntza izanen du ekimenak. Horrela, Olazti irristaketaren festa izanen da. afarroako irristaketa hainbat klubetako ehundaka irristalari espero dira, tartean Sakana Patin taldekoak. Goizeko 10:00etan hasiko dira irristalariak lanean. Kategoria ezberdinetako linea lasterketak eta taldekako errelebo probak egongo dira jokoan. Kategoria guztiak lehiatuko dira: mini, aurrebenjamin, benjamin, kimuak, haurrak, gazteak, juniorrak eta seniorrak. Hasieran lineako probak jokatuko dira eta, ondoren, erreleboak.
Irristaketa sustatzea, Sakana Patinen erronka
Irristaketaz gozatzeko primerako aukera eskainiko du bihar Erburua kiroldegiak, Nafarroako puntako irristalariak ariko baitira lanean, tartean Sakana Patin taldekoak. Ikusgarria da irristalariek hartzen duten abiadura eta patinen gainean duten trebetasuna. Gurean irristaketa sustatzea, hori da Sakana Patin taldearen helburuetako bat, irristaketa probak bulkatzearekin batera. Sakanan irristalari asko daude eta pista bat egiteko beharra ikusten du Sakana Patin taldeak; ibarrean irristaketarako araudizko pista bat sortzea da aspaldi aldarrikatzen duena, irristalariek baldintza egokietan entrenatu ahal izateko.