Aurtengo Olatzagutiko kintada 14 gaztek osatzen dute: Aitzol Mentxaka, Eider Gabirondo, Ander Orabengoa, Marta Granado, Josune Imaz, Adrian San Roman, Iker Ingelmo, Ainhoa Kintana, Andrea Imaz, Genma Murillo, Irati Rengel, Cristina Albiztur, Marta Da Silva eta Lidia Marin. Guztiak gaur goizean elkartuko dira eta Itxabela txaranga lagun dutela herrian barna dirua eskatzen ariko dira. Euren asmoa izanen da gaurko egunean herri guztitik eta lantegietatik pasatzea, ahalik eta diru gehien jaso ongi pasatzeko. Gaur herri guztira iristen ez badira hurrengo egunetan pasako direla jakinarazi digute kintoek. Egitekoen artean arratsaldean herriko apaizari, medikuari, gazteenari eta adindunenari opil bana oparitzea izanen da. Amaia tabernan bazkaldu ondoren eginen dute hori. Ordu txikiak arte egonen dira kintoak.
Bihar kintoak 11:00ak aldera txarangarekin kalejira eginen dute eta Barandi tabernan bazkalduko dute. Eskean arituko dira ere. Bihar beti-kintoak elkartuko dira ospakizunera, gaztetxean afaria eginen baitute eta gazte egoitzan parranda eginen baitute. Ostiralean, berriz, Aixeleku tabernan bazkaldu eta afalduko dute. Txaranga lagun dutela herrian barna eskean ariko dira. Eta gauean iragarria dagoen musika jaialdiaz gozatuko dute: Atzapar Rock eta Kaotiko taldeekin hain zuzen ere.
Larunbata olatzagutiko kintada guztiak ateratzen diren eguna da. Herria jendez beteko da eta kintoek Pako harategiak emandako arkume bat eta udalak emandako saski baten zozketarako txartelak salduko dituzte. Antzeko zerbait egin zuten Olentzeroren etorrera eguneran, herriko dendek emandako produktuekin osatutako saskia zozketatu zuten. Gainera, Olaztiko Gazte Asanbladak antolatuta, 19:00etan Bidean taldearekin erromeria izanen da gaztetxean. Bost egunetako kinto ospakizunak domekan despedituko dira. Meza dela eta kintoak eliz atarira joanen dira eskatzera, Txarangarekin herritik buelta eman ondoren, Barandi tabernan bazkalduko dute. Gauean han afalduko dute eta horrela despedituko dituzte ospakizunak. Baina ez egitekoak, herri ihoteren egunean, kalejira plazan despeditzen denean kintoek zortzikoa dantzatuko baitute. Larunbatetan izaten dituzte dantza entseguak.