Duela 25 urte...

Kinto olaztiarrak zorretan

Guaixe 2020ko ots. 17a, 09:11

1995ean 24 kinto izan zituen Olatzagutiak, 11 neska eta 13 mutil. Kinto-eskeari "jendeak ongi erantzun du, baina zer gertatzen da: orkestrak oso garestiak direla eta aurten atera dugunarekin ezin izanen dugu dena ordaindu".

Kintoek tabernek eta 45 eta 60 urteko kintek diru-ekarpen handiagoa egitea proposatzen zuten. Bestalde, adierazi ziotenez, "egia esan, neskok bakarrik egin dugu lana, aurrekintoak ginenean hilero biltzen ginen dirua jartzeko". Haiek egindako hainbat lan ere zerrendatu zituzten: zozketarako txartelak prestatu, lantegietan eta dendetan dirua eskatu, udaletxera eskutitzak bidali, erosketak, bazkari eta afariak aukeratu, orkestra eta txaranga kontratatu, udaletik kintoen zerrenda atera… "Dena neskok egin dugu". 

Zuzenketa 
1995eko Olatzagutiko kintoak Guaixerekin harremanetan jarri dira zenbait gauza zuzendu nahi zituztelako. Alde batetik, kinto ospakizunean primeran pasa zutela nabarmendu dute. Bestetik, ospakizunen antolaketan emakumezkoek eta gizonezkoek berdin lan egin zutela azaldu digute. Azaldu digutenez, egunero plazan dantzaldia jarri zuten eta txaranga ere egunero ibili zen. Kinto-eskean bildutako diruak ez zien guztia pagatzeko eman eta euren poltsikotik jarri behar izan zuten dirua. Beraz, ez zuten zorrik utzi.