Ihoteak-Inauteriak 2020

Hiru ihote egun aurretik

Guaixe 2020ko ots. 21a, 13:36

Zamar handiak eta txikiak segizioan izanen dira.

Herri-, haur- eta hiri-ihoteak ospatuko dituzte olaztiarrek.

Zamar handiak, zamar txikiak, neskak, alkatea, apaiza, medikua, almiltea eta basozaina eta Mari Arroka. Horiek dira Olatzagutiko herri-ihoteko pertsonaiak. Bihar arratsaldean kalera aterako direnak atzera ere. Haiekin batera, Guadalajarako Valdenuño Fernandezeko Paloteado eta Botarga segizioa izanen da. Aurrenekoak dantzariak dira eta makil-dantza bat dantzatzen dute. Hurrenak maskaradun mozorrotuak dira. 1721etik ohitura horri eusten diote Guadalajarako herri horretan. Olaztiarrek probintzia horretako Salmeron herrian egin zen mozorrotuen topaketan izan ziren ilbeltzaren 18an; beraz, bisita bueltatuko diete. Bestalde, ihote egitarauan agertzen ez bada ere, olaztiar talde batek sardinaren erretzea egin izan du urtetan. Inauterien antolaketaz ihote batzordea eta udala arduratu dira. 

Egitaraua 
Otsailak 22, larunbata. Herri-ihotea 
14:30ean Herri-bazkaria, frontoian. Postrerako: torrija lehiaketa. 
18:00etan Janzteko elkarretaratzea, frontoian. 
18:20ean Areto futboleko pistaraino kalejiran. 
18:30ean Herri-ihotea, areto futboleko pistatik abiatuta. 
20:00etan Zortzikoa dantzatuko dute kintoek plazan. 

Otsailak 25, asteartea. Haur-ihotea 
17:00etan, Haurrendako merendua eta Parranda Tutiplen animazioa, frontoian.

Otsailak 29, larunbata. Hiri-inauteria 
12:00etan Mozorro lehiaketarako izen ematea areto futboleko pistan. Ondoren, karrozen irteera. 
14:30ean Herri bazkaria, frontoian. 
17:00etatik 19:30era Los Pasai txaranga. 
19:00etatik 23:00etara Dantzaldia Dj Raiztirekin.
20:00etan Mozorro lehiaketako sari banaketa, dantzaldian.