Ihote egutegia despeditzeko, olaztiarrek hiri-inauteria ospatuko dute bihar. Eguerdian dute mozorrotuek hitzordua areto futboleko pistaren ondoan. Handik abiatuko da herrian barna ihote giroa zabalduko duen kalejira. Mozorrotuen bazkariak eta dantzaldiak aukera ederra emanen diete olaztiarrei eta bisitariei parranda desberdina egiteko.
V. Mozorro lehiaketa
14 urtetik gorako kuadrillak, taldeek eta pertsonek parte hartu dezakete mozorro-lehiaketan. Hori bai, bihar, 12:00etan izena eman beharko dute areto futboleko pistan egonen den zinegotzi arduradunari, mozorrotuen kalejira abiatu aurretik. Zinegotzi arduradunak bozketak apuntatzeko orri bat emango die parte-hartzaileei. Orri hori 14:00ak baino lehen eman beharko zaio zinegotziari botoen zenbaketa egin dezan; gehienez 20 puntu eman ahalko dizkie 3 taldeei edo parte-hartzaileei eta nork bere buruari ezin dio botorik eman. Taldeen puntuazioarekin batera epaimahaia bi zinegotzik eta Festen Batzordeko kide bat osatuko dute. Sariak baloratzerakoan kontuan hartuko dituzte: originaltasuna, egindako lana, antzezpena eta mozorroaren osagarriak. Epaimahaiak bere erabakiaren berri 20:00etan emanen du, plazako dantzaldian. Hiru sari banatuko ditu: 150, 100 eta 50 eurokoak.
Otsailak 29, larunbata. Hiri-inauteria
12:00etan Mozorro lehiaketarako izen ematea areto futboleko pistan. Ondoren, karrozen irteera.
14:30ean Herri bazkaria, frontoian.
17:00etatik 19:30era Los Pasai txaranga.
19:00etatik 23:00etara Dantzaldia Dj Raiztirekin.
20:00etan Mozorro lehiaketako sari banaketa, dantzaldian.