Martxoak 8 2020

Hilabete morea

Guaixe 2020ko mar. 9a, 15:32

Martxoak 8a dela eta, asteburu betearen ondoren, oraindik badira hitzordu gehiago.

Olatzagutiko Udalak martxorako antolatutako kultur agendan morea da nagusi. Aconcaguara igotzen ahalegindu zen Boliviako emakumezko indigena mendizaleen espedizioari buruzko dokumentala ikusteko aukera izan zen kultur etxean, Cholitas. Larunbatean, gaztetxokoan, genero-berdintasunari buruzko zalantzak eta kontzeptuak argitzeko tailerra izan zen. 

Atzo, berriz, Sakanako manifestazioan parte hartzeko deia egina zuen udalak. Haren ondoren, bazkaltzera adin guztietako 60 bat emakumezko elkartu ziren Kamiogaina jubilatu elkartean. Ondoren Ainhoa Legez kanpo emakumezko bakarlariaren kontzertua izan zuten. Domekako egitaraua 50 bat pertsonak kontzentrazioa eginez despeditu zen. Antolatu indarrak. Batu borroka feministara! leloa zuen pankartarekin egin zuten bilkura. 

Egitaraua 
Martxoak 13, ostirala
22:30ean Tdiferentzia taldearen Perdiendo el juicio antzezlana, Olatzagutiko kultur etxean. Olatzagutiko Udala. 

Antzezlana musika-tragikomedia originala eta garaikidea da, non sexu gehiegikeria eta bortxaketengatik egindako kondena eta epaiketen inguruko gogoeta egiten den. Genero ikuspegia legeetan, prestakuntzaren beharra, epaile matxistak, aurreiritziz betetako galdeketak, biktimaren birbiktimizazioa, gizarte-epai paraleloak, patriarkatua, hipokresia. Muntaia konprometituak gogoeta bilatzen du, horregatik, eslogan eta esaldi eginetatik ihes egiten du obra muntaia oportunista bihur ez dadin. Tdiferencia taldearen azken apustua da bere borroka feminista berezia, umorea, musika, maitasuna, kabareta eta publikoarekiko topaketak tresna gisa erabiliz.


Martxoak 15, igandea
17:00etan Meri, Mari eta Lari antzezlana Olatzagutiko kultur etxean. Olatzagutiko Udala.

Galder Perezek idatzitako eta Maria Urzelai aktorearekin batera sortutako antzezlana da. Azken horrek eta Yogurinha Borovak jokatzen dituzte Meri eta Mariren rolak. Antzezlana ipuinez eta Yogurinha Borovaren abestiez osatutako obra da, askatasunaz hitz egiten duena. Izan ere, istorioak sexu eta genero aniztasunaz hitz egiten du, familia eredu desberdinez eta beldurrak baztertzeaz.

 

Martxoak 28, larunbata
10:00etatik 14:00etara Autodefentsa feminista tailerra. Sutegin. 16 urtetik gorako emakumezkoei zuzenduta. Gutxienez 8 parte-hartzaile behar dira, gehienez 20. Izen ematea martxoaren 20ra arte, udaletxean edo olazti@olazti.com e-postara idatziz. Olatzagutiko Udala.