Ostiralean despedituko da Udan Euskarazen izena emateko epea

Guaixe 2020ko api. 1a, 11:34
Ludotekan dantza tailerra egiten. Artxiboa.

Haurrendako udako aisialdi programan izena emateko 012 edo 948-012012 telefonoetara hots egin behar da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara.

Olatzagutiko Udala jakinarazi duenez, gurasoek euren seme-alabak Udan Euskaraz programan izena emateko aukera dutela ostiralera arte. Udalaren udako aisialdi programan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren mailatik (2015. urtea jaiotakoak) Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arte parte hartu dezakete, biak barne. Beti ere, D eta B ereduetako ikasleak badira. Udalak jakinarazi duenez, beste hizkuntza-ereduetan ikasten duten haurrek ere parte hartu ahal izango dute kanpainan, baldin eta gutxienez eredu bereko zazpi haurreko taldea osatzen badute eta antzeko adina badute.

Haurren izena eman nahi duten gurasoek edo tutoreek 012 edo 948-012 012 doako telefonoetara hots egin behar dute, astegunetan  08:00etatik 19:00etara. Bide hori bera erabili daiteke matrikularen ordainketa egiteko. Bestela, udalaren kontu korrontean sartu daiteke dirua. Baina hala egiten dutenak, izena ematearakoan ordainagiriaren kopia udaletxeko buzoian utzi edo olazti@olazti.com postara bidali beharko dute. Haur bakoitzeko 35 euro ordaindu behar dira. familia bereko bi edo haur gehiago badira programan parte hartzen dutenak 58 euro. Ordainketatik salbuetsita egonen dira egoera ekonomiko larrian dauden familiak, baldin eta Olatzagutiko Udalari aldez aurretik ez ordaintzeko eskaera egiten badiote eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako propio egindako txostena aurkezten badute.

Udalak jakinarazi duenez, izena eman duten haur guztiak onartu ezin badira, onartutako lehentasun irizpideak jarraituko dira. Horretaz aparte, udaletik gaztigatu dutenez, kanpainan onartutakoek derrigorrezkoa dute hartan bi astez jarraian parte hartzea (asistentzia-kontrolak ezarriko dira). Gutxieneko epe horretan ekimenera joaten ez dena ez da onartuko hurrengo Udan Euskaraz kanpainan. Azkenik, haurrendako udako aisialdi programari buruzko argibideak nahi dituenak udaletxera (948 562 446) edo Akelarre ludotekara (699 635 187) hots eginez lor ditzake