Aurten festak bertan behera gelditu direnez, azken 40 urteetan ez bezala, erraldoiak ez dira aterako.
1. Noiz hasi zinen Olaztiko erraldoiak eramaten?
Hemen 45 bat urte egin behar ditut; hona etorri eta gutxira hasi nintzen, 1983. urtean.
2. Zergatik hasi zinen?
Ni Faltzestik nator, eta Faltzesen, alabak txikiak zirenean, erraldoiak dantzatzen nituen lagun batekin. Bertan erraldoiak dantzatzen nituenez, garaiko apaizak esan zidan Olaztin bazirela erraldoi batzuk, eta ea zerbait egin nezakeen. Festetan Falcesera joaten nintzen hemen ez zegoelako erraldoirik. Proposamenari baietz esan nion, eta erraldoiak ateratzeko lagun kuadrilla bat lortu zuen.
3. Nor dira Olaztiko erraldoiak?
Aurretik Errege Katolikoak zeuden. Zaharberritu zituztenean, aurpegi berriak egin zizkieten, Nafarroako Erregeen aurpegiak: Blanca Nafarroakoa eta Iñigo Aritza. 1990. urtean jende askok erraldoiak dantzatzeko interesa agertu zuenez, orduko alkateari beste bikote bat egitea eskatu nion. Duela zazpi urte nirekin batera erraldoiak ateratzen zituen laguna hil zen, Miguel, eta erraldoi berrietako bati bere aurpegia jartzea proposatu nuen. Alargunak baimena eman zigun, eta erraldoia egin genuen. Falcesko konpartsak babestu zuen. Emakumezkoari Paloma izena jartzea proposatu zuten, Olaztin Paloma deitzen zen emakume ospetsu bat zegoelako. Hemengo jantzi tradizionalak jarri genizkien. Lau buruhandi daude: Andereñoa, Paloma, Pailazotxoa eta Deabrua. Betikoak dira. Haurrendako bi zizare egitea proposatu nuen, eta herriko jostun tailer batek egin zituen.
4. Aurretik erraldoi gehiago izan ziren?
Errege Katolikoen faktura 1975koa da. Nik uste aurretik ez zegoela besterik. Bi horiek erosi zituzten, behin-edo dantzatu zituzten, eta, gero, utzi zituzten. Ni hasi nintzenean konpondu zituzten, eta hasieran haiekin ateratzen ginen. Pixkanaka erraldoiak ezagunagoak egin ziren.
5. Herriaren babesa izan duzu?
Udala beti oso ongi portatu da. Baztarrika, Blanki, Marcelino… alkate guztiak. Orain erraldoiak prestatzeaz arduratzen naiz, eta erraldoiak dantzatzeko gazteak hemen egoteaz. Udalak Santa Ana egunean bazkari batera gonbidatzen gaitu. Naizen modukoa naizenez, amorrua ematen dit uzteak. Gazteak arduratsuak dira, eta ez dut kexarik. Talde oso jatorra da, eta adin guztietako jendea dago. Gustatzen zait. Ilusio handiarekin ibiltzen naiz. Hala ere, askotan esaten diet ez naizela betirako egongo.
6. Zenbat pertsona aritzen zarete?
Festetan bi egunetan ateratzen gara: lehenengo egunean eta Santa Ana egunean. Egunaren araberakoa izaten da harrera: Lehenengo egunean jende gehiago ibiltzen da, baina mezaren egunean, festetako bi egun pasa direla, jende gutxiago egoten da. Baina beti atera dira.
7. Erraldoi topaketak antolatzen zenituzten, ezta?
Behin Tuterako topaketara baina konpartsa gehiago etorri ziren hona. Ez naiz ongi gogoratzen, baina Tuteran 54 izan baziren, hemen 55 izan ziren. Baina hamar edo hamabi konpartsa etortzen badira, gero zuk hamar edo hamabi asteburuz leku horietara joan behar duzu; eta jendea kexatzen hasi zen. Baina esaten badidate topaketa bat egin nahi dutela, nik antolatuko dut. Konpartsek Olaztiko topaketen oroitzapen ona dute. Gustura egoten ziren. Duela 10 urte inguru ez ditugula egiten. Deitzen diguten toki guztietara joaten gara: Axio Floresen omenaldian egon ginen, autismoaren topagunean eta, azkena, Altsasuko Nafarroa Oinezen. Pena eman zidan Altsasukoak ez zirelako atera.
8. Zer behar da erraldoiak eramateko?
Erraldoi hauek edonork eraman ditzake. Aluminiozko estrukturak egin nizkien, eta ez daukate pisu handirik. Arinak izan zitezen arduratu nintzen. Lau erraldoiak desmuntatzen dira, eta autobusean sar daitezke. Erraldoiak asko gustatzen zaizkit, eta horregatik egiten dut. Zaletasunagatik.
9. Zer sentitzen duzu erraldoiak eramatean?
Etxe bateko balkoi batean emakume bat egoten zen, orain adinduen egoitzan dagoena. Bere aurrean erraldoia dantzatzen nuenean, emakumea, hunkituta, etxe barrura sartzen zen. Lan oso polita egiten dugu. Gazteak ez dira konturatzen egiten ari direnaz! Eskertua sentitzeko modukoa da. Esfortzua egiten da, baina jendeak eskertzen du. Nire ustez, sari hori da garrantzitsuena. Ikustea gaztetxoak udaleko bazkari ofizialera etortzen direla, eta pozik egoten direla… Horrek asko harrotzen nau. Asebetetze hori ematen dit.
10. Zer dantzatzen dute erraldoiek?
Dagoeneko ikasita dituzte dantzak. Azken aldian, Altsasuko gaiteroak etortzen dira. Entseatu gabe ere oso ongi egiten dute. Gutxi gorabehera zer egin behar duten esaten egoten naiz ni.
11. Aurten ez da festarik izanen…
Ahal den moduan egin beharko dugu aurrera! Erraldoiak atera behar ditugula esan didate, baina nola atera behar ditugu? Ez dago festarik! San Miguel egunean ere ateratzen ditugu, baina honekin guztiarekin ez dakit ateratzerik izango dugun. Festak ospatuko ez ditudan lehenengo aldia da, eta erraldoiekin aterako ez naizen lehenengo aldia.