Altsasutik Olaztira sartu eta berehala, ezkerrean, parke zoragarria dago. Olaztiarrek parkea beste izen bat erabiliz izendatzen zuten –parkea, Clinker parkea, Kasinoko parkea edo Sutegi parkea– baina 2016an Memoria Historikoaren Parkea izen ofiziala hartu zuen, Gerrate Zibileko biktimak gogoan. Primerako eremu zabalean, zuhaitzen itzalean jolasten aritzeko zelai paregabea du, haurrendako parkea, rokodromoa, skate pista txikia eta bapo bazkaltzeko sutegia eta mahai luzea, aterpean. Olaztiarrendako herriko bilgune garrantzitsuetako bat da.
Cementoseko nagusien eta langileen parkea
1903an Cementos Portland sortu zen, eta 1905ean hasi zen Olaztiko lantegiko produkzioa. 1923an Cementos Portland Valderrivas taldea sortu zen, eta urteekin estatuko enpresa garrantzitsuenetako bat bilakatu zen. Cementos Portlandek Olaztiko herri sarreran eremu zabala zuen, egungo igerilekuak dauden tokitik herri sarreraraino, egungo merenderoa dagoen tokiraino. Eremu hesitua eta itxia zen, guztia Cementosen jabetza pribatua. 1964 urtean Fernando Redon eta Javier Guibert arkitekto ezagunek Clinker Club sortu zuten bertan, garai hartarako abangoardiako eraikina zena. Cementos Portlandeko nagusien jabetza zen ere, Cementosendako langileendako jatetxe eta taberna gisa jaso zena. Horietaz gain, Cementosek langileendako etxebizitzak egin zituen, Cementos aurreko ermita - langileendako propio-, eta hainbat etxebizitza eta jabetza zituen.
Garai haietan, olaztiarrek ez zuten parkeaz gozatzen. “Hesituta zegoen eta zuhaixkek ez omen zuten barrukoa ikusten uzten. Ezin zen sartu. Parke erraldoia omen zen, bidexkekin eta zuhaitzekin. Guztia zen Cementoseko jabeena, Sutegi kluba –egungo ludoteka– izan ezik. Lursail bat zela edo ez zela, akordioren bat egin zuten Sutegikoek Cementosekoekin bertan elkartea egiteko. Behean gimnasioa zuen eta goian elkarte gastronomikoa. Egun, Sutegi klubak kirol talde bezala lanean jarraitzen du, baina elkarte bezala aspaldi desagertu zen. Haren kudeaketa Olaztiko Udalaren esku geratu zen aspaldi, eta udalak bertan ludoteka eta gimnasioa egin zituen. Parkeko gainontzeko guztia Cementosena zen, eta soilik jabeek eta langileek erabiltzen zuten; gainontzekoek debekatuta zuten bertan sartzea” azaldu digu Mitxel Agirre olaztiarrak.
Txikitatik jolastu da parkean Mitxel Agirre. “Eskolak aurrez aurre genituen, eta atsedenaldiak parkean ematen genituen. Gurasoei eta anai-arreba helduei entzuna diet lehen ezin zela bertan sartu, baina nik zabalik ezagutu dut; garai haietan inork ez zigun sarrera debekatzen. Bospasei urte nituela, gogoan dut bertan intxaurrondoak eta pinuak zeudela, baita sagarrondoren bat ere. Intxaurrak eta sagarrak hartzen genituen. Erreka txiki bat pasatzen zen, geroago lur azpian sartzen zena, eta karramarroren bat ere egoten zen… Olaztin ez zegoen futbol zelairik, eta parkeko zelaian jokatzen genuen; zoragarria zen. Guretako gure parkea zen, eta gurasoak lasai egoten ziren, hor sartuta geundelako, autoen eta halakoen arriskurik gabe” gogoratzen du Agirrek. Nonbait, urteen poderioz, Olaztiko parkearen erabilerak behera egin zuen. Cementoseko nagusiak Madrilera joan ziren bizitzera, eta, denborarekin, Olaztiko udal jabetza izatera pasa zen parkea. Entzuten da Cementosekoek ez ziotela udalari ordainketaren bat egin, eta, trukean, udalak lurrak hartu zituela. Nolanahi, parkea herritarrena izan zen handik aurrera.
Igerilekuak, parkea, merenderoa eta beste
Igerileku zaharrak eskolen ondoan zeudela aipatu du Mitxelek. “Ura gerriraino heltzen zen, eta hankak freskatzeko eta gutxi gehiagorako balio zuen. 1982 urte inguruan igerileku berriak egin ziren parkean, Clinker tabernatik eskuinera zegoen eremuan,. Aldaketa ikusgarria izan zen” gogoratzen du Mitxelek. Ondoren, parkeari forma ematen hasi zen udala. “2007 urtean merenderoa, barbakoa, aterpea eta mahai luzea egin ziren. Horretaz gain, haurrendako parkea egin zen parkearen sarreran, garai batean Cementoseko langileek saskibaloira jokatzeko zuten pistan. Ondoren, rokodromoa egin zen eta skate pista txikia. 2016 urtean Memoria Historikoaren Parkea izendatu zuten, eta gerrate zibilean sufritu zutenen omenez eskultura jarri zen” azaldu digu Mitxelek.
Parkea sekulakoa da, Urbasako ikuspegi ederrekin. “Oporretan beste puntaraino joaten gara, eta bertan Urbasako ikuspegi zoragarriak dituen toki ikusgarria dugu. Gasteiztik Iruñera, ez dago halako tokirik. Lasai egon zaitezke, zerbait hartzeko tokia duzu, eremu ederra eta lasaia da…orduak konturatu gabe pasatzen dira. Denondako aproposa da, baina seme-alabak dituztenendako zer esanik ez. Txikia nintzela, eta orain guraso naizela, probetxu handia atera genion eta diogu parkeari. Lasai egon zaitezke bertan, haurrak parkean, edo rokodromoan edo zelaian korrika, arriskurik gabe… eguna ematen duzu bertan” dio Mitxelek.
Merenderoak sekulako bizia eman dio parkeari. “Batek haragia ekarri, besteak ogia eta edaria, eta edozein momentutan antolatzen da afari-merienda. Urtebetetze ospakizun guztiak bertan egiten ditugu, koadrilako bazkari-afariak, eta festetako bazkariak, ikastola eta eskolako ospakizunak eta beste ere bertan egiten dira; toki paregabea da, segurua, hesituta dagoelako; haurrak lasai egon daitezke eta igerilekuak alboan dituzte; eta guztia, herri erdian” dio Mitxelek. Parkea oso garrantzitsua da herritarrendako. “Parke honek bizitza asko ematen dio herriari. Bestalde, aipatu behar da ere Olaztiko hiru plazak oinezkoendako jarri dituztela; gaur egun, parkean edo plazetan, bikain egon daiteke, lasai” nabarmendu du Mitxelek.