Aurtengoak “trantsizioko aurrekontuak” dira

Pala batek harmaila zaharra kendu ondoren berria eraikitzen ari dira.

Udalean dagoeneko heldu den urtekoak prestatzen ari dira. Areto futboleko pistako harmaila eta dermioko bideak konpontzea jaso da aurrekontuan. Baita kiroldegian eguzki plakak jartzea.

Olatzagutiko Udalak aurtengo aurrekontuan 1.971.188,72 euroko sarrerak eta 1.967.608,72 gastuak aurreikusi ditu. Aurrekontu orokor horren barruan daude udalaren 1.887.250,50 euroko diru-sarrera eta gastu-aurreikuspena, Musika Eskolako Udal Patronatua: 45.138,22 euroko diru-sarrera eta gastu-aurreikuspena eta Erburua Olazti SL enpresako 167.545,44 euroko diru-sarrerak eta 163.965,44 euroko gastuak. EH Bilduren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin onartu ziren aurrekontuak. Navarra Sumako ordezkaria ez zen bilkuran izan. 

Roberto Martinez Mendia alkateak azaldu digunez, “COVID-19 gaitzak guztia ‘nahasi’ du eta aurtengoak trantsizioko aurrekontuak dira. Dagoeneko heldu den urteko aurrekontuetan lanean ari gara”. Hala ere, aurrekontuan hainbat lan jaso dira. Esaterako, areto futboleko pistako harmaila berritzea. Lakuntza Hermanos enpresa ari da lan horretan eta 80.000 euro inguru kobratuko du horiengatik. “Eskolako beste bi lan egiteko dirulaguntza ere eskatu genuen, baina ez dugu jaso. Heldu den urtean, atzera ere, eskaera eginen dugu”. Batetik, geletako berogailuak erregulatzeko tresnak jarri nahi dituzte: “termostato bat dugu, baina gela batzuetan bero handia egiten du eta negu gorrian leihoak zabalik egon behar izaten dute”. Energia aurrezteko da eskolan egin nahi den beste inbertsioa ere: “sentsoreak jarri nahi ditugu mugimenduarekin argia piztu eta itzali ahal izateko”. 

Inbertsioen atalean, Erburua kiroldegian eguzki plakak jartzea aurreikusi du udalak. 33.275,91 euroko inbertsioa litzateke, baina hari aurre egiteko dirulaguntza eskatu du udalak. 

Dirulaguntzarekin konponduko ditu, bestalde, dermioko bideak. Lakita enpresak hartu du horren ardura. 95.000 euro inguru bideratuko ditu udalak lan horietara. Gainera, heldu den urtean bargatik bi lantegi aterako dira. Enborrak kamioietan egoki kargatzeko bi karga-leku egin dira errepidearen kontra, bata Ezkinarbin eta, bestea, Soraberritan. Biak ere Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin egin dira. Udalak aurten langabezian zeuden hiru pertsona kontratatuko ditu. Udalarendako lanean urte erdi egonen dira. 

Etxebizitzak 
Martinezek jakinarazi duenez, Nasuvinsa enpresa publikokoekin elkartu ziren agorrilean. “gizarte alokairuko pisuak egiteko aukerak aztertzen eta lantzen hasi gara haiekin batera”. Bestalde, Olatzagutiko Udalak aurten ez du parte-hartze aurrekontuetarako diru-sailik aurreikusi. “COVID-19 izan da horren arrazoia. Baina heldu den urtekoetan sartuko dugu”, argitu digu Martinezek. Joan den urtekoan 30.000 euro aurreikusi ziren Vicente Argomaniz plaza eraberritzeko. Proiektua egiteko dago oraindik. Azkenik, udalean aztertzen ari dira despopulazioaren kontrako neurriak hartzeko Nafarroako Gobernuak emandako 16.518 euroak zertara bideratu.