Ion Kadarso

"Mundu honetan gaudenok maite dugulako da"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 28a, 12:59
Ion Kadarso Berri Txarrak taldearen biran soinu teknikaria izan zen. UTZITAKOA

Martxoaren 7an Ion Kadarso ETS taldearen kontzertu batean soinu teknikaria izan zen, eta bat-batean “bizitza osoa” aldatu zitzaion. 

Soinu teknikaria Bianan jaioa da, baina Olaztin bizi da eta lanagatik sanmigelak igandean ospatzen zituen.

1. Soinu teknikaria zara. Zer esan nahi du horrek?
Enpresa baterako lan egiten dut eta kontzertu baterako kontratatzen dutenean soinu ekipo guztia prestatu behar dut taldea etortzen den arte. Bestela, taldeekin birak egiten ditut ere beste taldekide bat bezala joaten naiz taldearekin furgonetan. Dena prestatzen dut eta kontzertuan ere aritzen naiz. Martxoan furgoneta hartu eta azarora arte, gutxi gorabehera, etxetik kanpo pasatzen dut. Handik hona.

2. Eta aurten zer gertatu da?
En Tol Sarmiento taldearen biran lan egiten nenbilen eta martxoaren 7an kontzertua eman genuen Zentralen, 1.000 pertsona inguru joan ziren. Oso ongi egon zen. Hurrengo egunetan 14ra arte telefonoak etengabe jotzen zuen. Egunero bertan behera uzteren bat jasotzen nuen. Aste horretan bizitza aldatu zitzaigun.

3. Zein egoeratan zaude orain?
Gauza pila bat udara bukaerara atzeratu zuten, ez genekielako zer etorriko zen. Baina uda pasatzen joan da eta uztaila bukaeran bagenekien ez genuela ezer izan behar urte bukaerara arte.

4. SOS kultura, Alerta Gorria eta abarreko aldarrikapenak egiten dituzue. Zer eskatzen duzue?
Honekin aprobetxatu dugu mundu honetan lan egiten dugunok elkartzeko eta biltzeko. Denok elkar ezagutzen dugu, baina denak autonomoak gara. Bakoitza bere aldetik joan da, eta hau baliatu dugu gure gremioa elkartzeko eta baldintza batzuk eskatzeko. Saiatu behar gara behintzat gure lanaz bizi ahal izan. Lehenengoak izan gara gauzak bertan behera uzten, eta ikusten dugunagatik, azkenak izango gara berriz martxan jartzen. Lan oso puntualak ateratzen ari dira.

5. Bitartean zer egin duzu?
Ikusita egoera nola zegoen eta hilabete eta gehiago generamala etxean ezer egin gabe, geldirik ez egoteko familiak herrian olibondoak eta mahastiak ditu eta maiatzean eta ekainean jendea behar zutenez, etorri nintzen.

6. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Hamaika gauza entzuten ari gara. Enpresa handiek diotenez heldu den urteko udaren bukaeran gauza handiak egiten hasiko dira. Aurrekoan esan zuten atera direla 20 minututan egiten diren PCR probak, eta agian heldu den urterako jaialdiren bat proba horiek erabilita egin daitekeela. Baina ez dakigu. Dena dago airean. Ez dakigu noiz izango den, ez dugu data bat. Guri laguntzak orain bukatzen zaizkigu, irailean. Hor dago koska. Ez dakigula nora jo edo nolakoa izango den egoera. Baina itxaropena dugu. Nik uste mundu hotan gaudenok maite dugulako dela. Gustura egiten den lan bat da.

7. Hilabete hauetan kontzerturen bat egiteko aukera izan duzu?
ETSrekin streaming bat egin genuen, Naiz kontzertuetarako Bilboko Santana aretotik. Gero Donostiako Jazzaldian terraza batean 200 bat pertsonarendako emanaldiak ere egin ditugu, bost egun izan ziren, taberna bat izango balitz bezala. Ekipo txiki bat eta egunean bi emanaldi. Martxotik egin dudana da. Badago hori ere egin ez duen jendea.

8. Zein talderekin aritu zara?
Aurreko urtean Berri Txarrak eta La Polla taldeen biran egon nintzen monitore teknikari gisa. Lagunen artean komentatzen dugu, aurreko urtean kontzertu indartsuenetan sartuta egon nintzen eta aurten hau etorri da eta ez da ezer mugitzen. Aurreko urtean kriston maila eta aurten ezer. Ez gara inor lanean ari. Teknikari xumeetik izugarrizko kurrikuluma duenera. Denok berdin gaude.

9. Kontzertu batean pentsatzen dena baino askoz ere jende gehiagok lan egiten duela aldarrikatu nahi duzue ere, ezta?
Jendeak ikusten duen ikuskizunaren atzean ordu eta jende pila bat dago. Kamioia iristen den momentutik agertokian lehen akordeak entzuten diren arte. Monitore teknikariaz hitz egiten dudanean esan nahi dut eszenatokiaren izkin batean egoten naizela musikari bakoitzarendako nahasketak egiten. Kontzertura joaten den jendeak seguruenik soinu mahaian daudenak baino ez ditu ikusiko, baina jende asko dago.

10. Zer behar da teknikari izateko?
Bokaziozko lan bat da. Lanerako gogoa izan behar duzu, baita logura pasatzeko gogoak izatea ere. Gainera, pisu asko hartu behar da eta kilometro asko egin behar dira. Euskal Herrian musika kultura handia dugu, inon ez bezala. Orduan, lanbide heziketako moduluan ikasten duzuna dago, baina gero lanean asko ikasten da.

11. Olaztin bizi zara, eta asteburu honetan sanmigelak izango ziren. Nola bizitzen dituzu?
Egian esan, nik sanmigelak igande arratsaldean disfrutatzen ditut, lanetik bueltatzen naizenean. Egutegia begiratuta aste honetan Donostiako musika jaialdian egon behar nintzatekeen. Asteazkenean hasten nintzen normalean lanean Lasarteko hipodromoan eta sanmigeletara igandean iristen nintzen; bazkaldu eta arratsaldeko plana pixka bat ikusi. Logurarekin. Horiek izaten ziren nire festak. Baina igandea aprobetxatzen nuen.