Liburutegiak ‘Lurpean-Lur azpian’ erakusketa hartu du

Guaixe 2020ko urr. 7a, 12:53
Fusilatutako senideen hezurdurak berreskuratu ondoren 1979an egindako argazkia.

Nafarroan 1936ko estatu kolpearen ondorioz hildakoak hobietatik ateratzeko prozesua gogoratzen du erakusketak. Liburutegian izanen da ikusgai hilaren 15era arte, 16:30etik 20:30era. 

Estatu kolpearen ondoren errepresio handia izan zen Nafarroa 1936an. Errepresio mota ugari izan zen, baita fusilatzeak ere. 1978tik 1980ra bitartean, batez ere Nafarroako Erriberan, fusilatutako pertsonen gorpuak hobi komunetatik ateratzeko ahalegin handia egin zen. Eraildakoen senideek eta lagun minek bultzatu zituzten gorpuen berreskuratze horiek. Eta horren berri ematen du Olatzagutiko liburutegian ikusgai dagoen erakusketak. Bisitariak Nafarroako herri askotan eraikitako panteoi errepublikanoetako batzorde kudeatzaileen, hobitik ateratzeen, hileten eta ehorzketen antolamenduari buruzko dokumentu eta testigantza grafikoak ezagutzeko aukera izanen du.

Nafarroako Oroimenaren Institutuaren erakusketa da, dagoeneko hainbat herritan ikusgai izan dena. Prozesu haren akaberaren 40. urteurrena da. Osagarri gisa, liburutegiak historia memoriari buruzko liburuen bilduma jarri du ikusgai mahai batean. Horien artean dago Bajo tierra. Exhumanaciones en Navarra liburua, erakusketa bera mustu ondoren Nafarroako Gobernuak argitaratu zuena. Liburuak gorpuen berreskuratze lehen lanak eta azken hamarkadetan egindakoak biltzen ditu, besteak beste Urbasako saroiko eta Otsaportilloko lezeetan Aranzadi zientzia elkarteak egindako lanaren berri ematen da. 

Erakusketarekin batera, Javier Liñerak idatzitako eta interpretatutako Barro Rojo antzezlana programatu du Olatzagutiko Udalak. Bertan, autoreak bidaia bat proposatzen du: bere eta bere osaba gayaren historian zehar, nazien kontzentrazio-eremu batean sartuta, eta gero kartzela franko batean. Egungo eskubideak eta askatasunak ahalbidetu zituzten pertsonek bizi izan zituzten errealitate gogorrak eszenaratzen dituen lana. Antzezlana Olatzagutiko kultur etxean lastailaren 30ean, 22:30ean emanen da. Sarrera aurreratuen prezioa sei eurokoa izanen da eta zortzikoa funtzioaren egunean. 

Jarduera horiekin, bai liburutegi publikoak bai Olatzagutiko Udalak historia memoria berreskuratu eta zabaltzeko konpromisoa hartu dute. Alde horretatik, aipatzekoa da Olatzagutiko Oroimen Taldeak duela urte batzuk jakinarazi zuela herrian 17 pertsona erail zituztela estatu-kolpearen ondoren, beste bost hil zirela borroka-frontean, eta beste 27 pertsona batzuk kartzelan sartu zituztela, horietako batzuk lan-eremuetan lan egitera behartu zituztela. Gainera, bost funtzionariok galdu zuten lanpostua, hamarren bati behintzat kendu zizkioten ondasunak, bik errefuxiatu behar izan zuten eta gutxienez 11 emakume mutilatu eta umiliatu zituzten.