Ruben Mendieta

"Denboraldi nahiko txukuna izan da, egoera kontuan hartuta"

Maider Betelu Ganboa 2020ko urr. 6a, 12:46

2020ko atletismo denboraldia despedituta, atseden hartzen ari da Grupompleo Pamplona Atletico taldeko Ruben Mendieta olaztiarra. Nafarroako 800 metroko txapeldunak lan ederra egin du Espainiako Kluben Arteko eta Federazioen Arteko Txapelketetan, eta neguko denboraldia prestatzen hasiko da aurki

Ruben Mendieta Pamplona Atletico Gurpompleo taldeko atleta da, eta distantzia erdietan aritzen da bereziki; iraupen-erdiko lasterkaria da. 2020 urteko 800 metroko Nafarroako txapelduna eta 400 metroko txapeldunordea da, eta denboraldi berezi hau bukatuta, atseden hartuko du aste pare batean hurrengo denboraldia prestatzen hasteko. 

Nola moldatu zinen konfinamenduan entrenatu ahal izateko?
Etxean korrika egiteko zinta dut, eta han entrenatu nuen. Horretaz gain, tutu batzuekin hesi batzuk egin nituen eta halako asmakizunak egin behar izan nituen, etxean ahal bezala entrenatzeko. Larrabiden maiatza bukaeran hasi genituen gure entrenamenduak. 

Larrabiden normal entrenatu ahal izan duzue edo segurtasun arauak direla eta mugak dituzue?
Maskara jantzita sartzen gara Larrabidera, baina korrika egiteko eta entrenatzeko maskarak kendu ahal ditugu eta ohi bezala entrenatzen dugula esan daiteke. Gurea ez da kontaktuzko kirola; korrika egiten dugu, eta gure artean distantzia jarri eta banatuago arituz, ez dago arazorik. Lehiatzen ari garenean ere, une batzuetan gertuago egon gaitezke, baina printzipioz ez dugu kontakturik. Normalean ordu eta erdi edo bi ordu entrenatzen dugu egunero, eta korrika egiteaz gain, hesi ariketak egin eta gimnasioan pisu ariketak eta beste ere lantzen ditugu. 

Zenbait kiroletan denboraldia bertan behera geratu da. Atletismoan egutegiari eutsi ahal izan diozue edo zenbait proba bertan behera gelditu dira?
Egia esan, ez dira proba gehiegi erori. Besteak beste, abuztuan Nafarroako Atletismo Txapelketak jokatu genituen eta irailean Espainiako Kluben Arteko Atletismo Txapelketetan aritu gara, Espainiako Federazioen Arteko Atletismo Txapelketak jokatu ditugu… Meeting edo topaketaren bat erori da, baina txapelketak jokatu dira. 

Uneren batean pentsatu izan zenuen denboraldi guztia eroriko zitzaizuela?
Bai. Zenbait taldekidek pentsatzen genuen txapelketa guztiak bertan behera geratuko zirela. Hortaz, pozik gaude jokatu ahal izan direlako. 

Eta zer moduzko denboraldia izan da hau?
Markei begira aurreko urtekoa baino pixkatxo bat okerragoa, baina konfinamendua eta urte berezi hau kontuan hartuta, nahikoa ongi, egia esan. 

Konfinamenduak zure errendimenduan eragina izan du? 
Etxean entrenatuta, gauza batzuetan hobekuntza izan dut, baina beste batzuetan galdu dut, ezin izan ditudalako behar bezala landu. Orokorrean, aurten nire maila hartzea gehiago kostatu zait. Beste urte batzuetan ekainera sasoitsu iristen naiz, nire mailan, eta aurten denboraldia bukatu denean hartu dut nire maila. Konfinamenduak atleta batzuei mesede egin die eta beste batzuei ez. 

Zeintzuk izan ziren denboraldiko lehen probak?
Larrabidekoak, parte hartze librekoak. Proba hauetan nahi duen orok har dezake parte, eta uztailean jokatu ziren. Ez dira txapelketak, zure maila neurtzeko probak edo testak baizik, zure marka zehazteko balio dutenak. Gero txapelketetan aritzeko marka hauek hartzen dira kontuan. Nahiko ongi ibili nintzen. Aurreko urtean baino denbora motelagoak egin nituen, baina konfinamendua eta egoera kontuan hartuta, txukun. Distantzia erdietan aritzen naiz, 800 eta 400 metrotan. 800 metroak aurreko urtean 1:52 minututan egin nituen eta aurten 1:55 minututan, 3 segundo gehiago. Eta 400 metroak aurreko urtean 49.68 segundotan egin nituen eta aurten 50.27 segundotan, segundo bat gehiago. 

Test eta marka horiekin txapelketetarako sailkatzea lortu zenuen?
Bai. Abuztuan Nafarroako Atletismo Txapelketak jokatu genituen. 800 metroko lasterketa irabazi nuen (1:56 m), Hiru Herriko Ivan Legalen aurretik (1:57); eta 400 metrotan bigarrena sailkatu nintzen (50.52), Hiru-Herriko Mikel Calvoren atzetik (50.30), 22 ehunenekora. Nafarroan Mikel Calvo, Ardoiko Ayrton eta beste dira areriorik nagusiak; harreman ona dugu. 

Hortaz, Nafarroako 800 metroko txapelduna eta 400 metroko txapeldunordea zaitugu.
Bai (kar, kar…). Lortutakoari esker Espainiako Kluben Arteko Txapelketan parte hartu ahal izan nuen, iraileko lehen asteburuan, Madrilen. Gizonezkoen 4x400m erreleboetan hartu nuen parte, Grupompleo Pamplona Atletico taldekide Oscar Urdanoz, Javier Leoz eta Iker Alfonso korrikalariekin batera. Lasterketan seigarrenak sailkatu ginen (3:17) eta taldekako sailkapen orokorrean Grupompleo laugarrena izan zen, talde nafar batek urte luzeetan lortu ez duen postua. Podiumera igotzear geratu ginen eta alde horretatik pena, baina sekulako lana egin genuen, eta oso kontentu gaude. 

Duela gutxi Federazioen Arteko Atletismo Txapelketa Absolutuan aritu zara, Ciudad Realen. 
Irailaren 19an eta 20an jokatu zen, eta Nafarroako selekzioarekin aritu nintzen. 4x400 m errelebo mistoan lehiatu nintzen, Kerry Iyoha, Alicia Carrera eta Iker Alfonsorekin taldea osatuta. Kataluniak irabazi zuen (3:27) eta gu, Nafarroa, 6. postuan sailkatu ginen (3:38). Lan ona, egia esan. Federazioen Arteko Atletismo Txapelketa Absolutuan Nafarroa 6. sailkatu zen, aspaldiko partez, eta oso pozik gaude. 

Atletismoan emaitza oso onak lortzen ari dira atleta nafarrak eta baita zure taldeak, Grupompleo Pamplona Atleticok. 
Bai, azken urteetan asko hobetzen ari da atletismo nafarra. Instalazioak hobetu dira, eskoletan lan handia egiten da eta ezagutza handia duten entrenatzaileekin lan egiten ari gara, eta hori asko nabaritzen da. Entrenatzaile bat oso trebea denean, formazio handia duenean, hobetzen laguntzen zaitu. Entrenatzaileak nola zauden ikusten duenean, modu batera edo bestera zure entrenamendu plangintza moldatzen du, zure errendimendu hoberena ateratzeko. Ignacio Santamaria da gure entrenatzailea; entrenatzaile ona da eta harreman ona dugu. 

Aurtengo denboraldia bukatu da?
Bai, aurtengoa despeditu da. Orain aste pare batean geldituko naiz; atseden hartuko dut, ez dut korrikarik egingo.  Eta ondoren hurrengo denboraldia prestatzen hasiko naiz. 

Ikuslerik gabe, atletismo txapelketek xarma galduko dute.
Zalantzarik gabe. Estadioak hutsik ikustea… entrenatzen ariko bazina bezala. Espainiako Txapelketetan giro bikaina egoten da, jende asko biltzen da estadioan. Eta estadioa hutsik dagoela jokatzea… aitortuko dizut lehiatzen ari garenondako tristea dela. Plus bat falta zaizu. Bestalde, segurtasun eta distantzia neurriak direla eta, ezin da gainontzeko atletekin egon. Eta hori nabaritzen da. Finean, korrika egin, txandala jantzi, ezin baitzen bertan dutxatu, maskara jarri eta etxera. 

Noiz hasiko da hurrengo denboraldia?
Entrenamenduak aste pare batean hasiko ditut, Larrabiden, baina ez dakigu hurrengo denboraldiko egutegia zein izango den. Normalean azaro bukaeran edo abenduan hasten dugu neguko denboraldia, baina aurten oraindik ez dakigu noiz izanen den. Ea zer gertatzen den. 

Zeintzuk dira neguko denboraldiko helburuak?
Marka ahalik eta onenak egitea, Espainiako Neguko Txapelketa Indibidualean aritu ahal izateko. Hori da helburu nagusia.