Sexu eta genero aniztasunaren inguruko ipuina

Guaixe 2020ko urr. 9a, 10:07
'Meri, Mari eta Lari' antzezlanaren une bat. UTZITAKOA

'Meri, Mari eta Lari' antzezlana izanen da igandean, urriak 11, 17:00etan, Olaztiko kultur etxean. Irakurketa kluba, Javier Liñeraren 'Barro rojo', eta 'Perdiendo el juicio' ikuskizunek osatzen dute urriko agenda

Maria Urcelay eta Yogurinha Borova dira Meri, Mari eta Lari ikuskizunaren sortzaileak eta protagonistak. Meri haurdun dago eta laster izango du umea. Aspaldi ikusi gabeko Mari lagunarekin topo egin du. Ez zekien haurdun zegoenik, eta betiko galdera iritsi da: umea zer izango den. Meri, Mari eta Lari antzezlanak sexu eta genero aniztasunaz, familia eredu desberdinez, beldurrak baztertzeaz eta, oro har, askatasunaz hausnartzen du. Ipuinekin eta Yogurhina Borovaren abestiekin osatutako ikuskizun bat da. Gidoia Galder Perezena da. Igandean, urriak 11, 17:00etan, Olaztiko kultur etxean izanen da. Sarrerek 3 euroko prezioa dute eta Olaztiko Udaleko kultur zerbituzak sarrerak udalaren webgunearen bidez erostea gomendatzu du. Udaletxean edo kultur etxeako leihatilan erosiz gero sarreraren zenbateko zehatza eramatea eskatzen du.

Yogurhina Borova Eduardo Gaviña laudiotarrak gorpuztutako pertsonaia da. Aktore, show woman eta kabaretaria da, eta Olaztin izanen den antzezlanaren sortzaileetako bat da eta aktoreetako bat da, Maria Urcelayrekin batera. Las Fellini taldean sortu zuen duela 26 urte, Bilbon. Hasieran Spice Gays ikuskizunean egiten hasi zen eta taldeko pertsonaiei izena jartzeko beharra ikusi zutenean sortu zen Yogurhina. Hamar urte eta gero taldea utzi zuen eta abeslari bezala aritu zen; hortaz, musikaren munduan ezagunagoa da. Meri, Mari eta Lari ikuskizunean ateratzen diren abestiak Sentipenak askatu Yogurhinaren diskokoak dira. Gazteagoengana iritsi nahian argitaratu zituen kantak dira. Antzezlana haurrei zuzenduta dagoen arren, publiko guztietarako irekia da, “denok dugulako sentipenak askatzeko beharra eta gogoa”.

Urria
Datorren ostiralean, urriak 16, Olaztiko irakurketa klubak Harkaitz Canoren La voz del faquir liburuaren inguruko solasaldia eginen du. Urriaren 30ean, ostirala, 22:30ean, udalak liburutegiarekin batera antolatu duten Lurpean-Lur Azpian erakusketari segida emanez, Barro rojo antzezlana izanen da. Frankismo garaian kartzeletan giltzapetutako gay baten istorioa kontatzen du ikuskizunak. Azaroaren 6an, ostiralean 22:30ean, komedia izango da nagusi Olaztiko kultur etxean Perdiendo el juicio antzezlanarekin.