Chejoven lanaren berrinterpretazioa

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 18a, 13:26
Victoria Alvarez Musetti olaztiarra. UTZITAKOA

Victoria Alvarez Musetti olaztiarrak 'Todo está allí' antzezlana idatzi du. Anton Chejov idazlearen 'Las tres hermanas' lanaren moldaketa da, eta otsailean Asturiasko El Cuervo antzerki konpainiak taularatuko du

1901eko urtarrilaren 31ean Konstantin Stanislavski antzerkigileak Anton Chejov idazle errusiarraren Las tres hermanas antzezlana mustu zuen Moskuko Artearen Antzokian. 100 urte beranduago, dena ongi badoa, Xixonen, Victoria Alvarez Musetti idazle olaztiarraren Todo está allí antzezlana mustuko du Sergio Gayol antzerkigilearen El Cuervo antzerki konpainiak. Alvarez, Chejoven lanean oinarritu da bere bertsioa egiteko. Oinarrian Las tres hermanas dagoen arren, antzezlan berri bat sortu du olaztiarrak. Urriaren 24an Tdiferencia antzerki taldeak antolatutako Una dirección propia. La mujer y la escena topaketan parte hartu zuen, eta antzezlanaren irakurketa dramatizatua egin zuten. "Oso esperientzia polita izan zen".

Alvarez Sormenezko literatura eta idazketa ikasketak egiten ari da Nafarroako Unibertsitatean, eta iaz Iruñeko Zirrikituak arte eszenikoen jaialdian praktikak egin zituen. Bertan Sergio Gayol El Curvo antzerki konpainiako zuzendaria ezagutu zuen. "Nik idatzitako ipuin bat erakusteko esan zidan bazekielako idazketan interesatuta nengoela. Irakurri zuen, eta lan hau egitea proposatu zidan". Idazle gazteak aurretik ez zuen obra ezagutzen, "baina lehenengo aldiz irakurri nuenean gustoko nuela ohartzeko arrazoi pila bat aurkitu nituen". Besteak beste, egunerokotasuneko gaiak jorratzen ditu, baita "ametsei" buruzkoak ere: "Nola bizitzak egon nahi ez duzun toki eta garai batean harrapatzen zaituen". Horiei buruz hitz egiteko gogoa zuen Alvarezek.

Chejoven Las tres hermanas lanaren protagonistak hiru ahizpa eta anai bat dira. Errusiako probintzia bateko hiri batean bizi dira eta aita duela urte bat hil zaie. Umeak zirenean Moscun bizi ziren eta itzultzearekin amesten dute bizi diren hiria txikia delako. "Iragana idealizatzen dute, baita etorkizuna ere. Baina inoiz ez dute bertatik ateratzeko urratsa ematen. Agian ez direlako gehiegi saiatzen ere". Garaiko Errusiaren egoeraz hitz egiten du, "baina hori alde batera utzi dugu". Hortaz, Todo está allí antzezlana idazteko Alvarez gertuago duen kultura kontestu batean oinarritu da: "1950ko hamarkadako Argentinan pentsatu genuen. Espainiako Gerratik exiliatutako familia bat da protagonista". Chejoven lanean bezala etxera itzuli nahi dute, beren aita hil ondoren. "Bi ahizpa eta anai bat dira. Mutilak musikaria izan nahi du, baina azkenean funtzionario bihurtzen da. Txikienak idazlea izan nahi du, baina ez du lortzen eta emakumea izateak ez du laguntzen. Eta helduenak maitemindu nahi du, baina denbora pasatzen ari da eta ez du lortzen". Bizitzaz hitz egiten du lanak; egunerokotasunaz.

Lehenengo antzezlana
Alvarezek idazten duen lehenengo antzezlana da. "Hasieran beldurra ematen zidan. Antzerkia asko interesatzen zait, baina hutsetik hasten nintzen". Idatzi aurretik Chejoven lana irakurri zuen eta barneratu zuen. Ondoren, zertaz hitz egin zezakeen begiratu zuen. "Gauza batzuk garai horretan oso garrantzitsuak ziren, baina gaur egun ez dira garrantzitsuak". Hasieran idazlea imitatzeko joera izan zuela aitortu du Alvarezek. "Sergiok asko lagundu dit eta esan zidan nire hitzak irakurri nahi zituela". Pixkanaka bere ikuspuntua eta "ahotsa" sartzen hasi zen. "Obran ikusten da. Hasieran lanak originalaren antza gehiago dauka, gero pertsonaiak garatu ditudala ikusten da. Eta forma aldetik ere desberdina da".

"Desberdintasun handiena izan da imajinatu behar nuela nola mugituko ziren pertsonaiak agertokian". Gainera, idazlea pertsonaia bakar baten ikuspuntutik kontatzera ohituta zegoen, eta antzerkian "guztien ikuspuntuak" hartu behar dira kontuan, "elkarrizketen bidez". Dibertigarria izan dela aitortu du Alvarezek. "Bazirudien haiek ni mugitzen nindutela, bizitza hartzen zutela". Antzokian eszena bat ikusten arituko balitz bezala irudikatzen zuen lana idazteko orduan.

Proba
Publikoak antzezlanari egiten zion harrera ikusteko lehenengo aukera urrian izan zuen egindako Una dirección propia topagunetaen. "Oso hunkigarria izan zen. Lana oso dramatikoa da eta pertsonaiak oso sakonak dira". Jendea hunkituta atera zela esan du idazleak. "Pixka bat arindu behar dela pentsatu nuen. Dramatikoegia da; egunerokotasunean umorea ere badago". Mustutze ofiziala otsailean izatea aurreikusten du olaztiarrak: "Asturiasen izanen da". Momentuz antzezlana prestatzen eta lantzen ari dira. "Originala nahiko mantentzen ari dira. Nire eginkizuna izan da begiratzea paperetik eszenara ongi moldatzen den eta fintzen joatea".

Idazten duen lehenengoa izatea baino ez du espero Alvarezek, izan ere, antzerkia asko gustatzen zaiola esan du. Gainera, narrazio laburren liburu bat argitaratzea aurreikusten du ere.