Jaiotza erakusketarik ez da izanen

Guaixe 2020ko abe. 3a, 14:28

Sakanako belenzaleen elkarteko kideak aurreko erakusketa bat prestatzeko lanean. Artxiboa.

Pandemiagatik heldu den urterako uztea erabaki dute antolatzaileek. Elkarteko kideek ez dute jaiotza berririk egin aurten. 

Azken 19 urteren ondoren, ibarreko eguberrietako ezinbesteko elementu bihurtu da Olatzagutiko jaiotzen erakusketa, sakandarrak eta kanpoko bisitariak erakartzen dituena. Sakanako belenzaleen elkarteko kide Felipe Orabengoak esan digunez, “aurten COVID-19 pandemiarekin egoitza ez zabaltzea eta erakusketa ez egitea erabaki dugu”. Orabengoak azaldu digunez, “egoera ikusita, elkarteko kideek ez dute inolako lanik egin aurten. Festa hartu dute”. 

Izan ere, eguberrietako erakusketa prestatzeko egoitzan lanean udaberrian hasten ziren. Baina pandemia ez zabaltzeko osasun neurriak betetzea oso zaila zenez, bertan behera gelditu zen jaiotza berrien ekoizpena eta, ondorioz, erakusketa bera ere. Orabengoak jakinarazi digunez, gainontzeko elkarte gehienek ere erabaki bera hartu dute. Beraz, ez dute haien jaiotzak beste nonbaiten erakusteko eskaerarik jaso. Elkartekideak ere beste jaiotza erakusketak bisitatzeko eta harremanak egiteko baliatzen dute data horiek. Baina erakusketa faltak eta Nafarroako perimetroaren itxierak aukera hori gabe utzi ditu. “Gauzak ongi, 20. erakusketa heldu den urtean eginen dugu”, esan du Orabengoak. 

Erlazionatuak