Proiektu berri bat hasi du orain: AnneKdotas
1. Nor da AnneKdotas?
AnneKdotas proiektu bat da non musika berria, urbanoa, Latinoamerikatik iristen zaiguna eta egunero irratietan entzuten duguna sustatu nahi dudan; baina euskalduna eta feminista.
2. Zuk egiten dituzu abestiak?
Bai. Normalean irratian entzun eta asko gustatzen zaidan abesti bat hartzen dut erreferentziatzat eta bateriarekin probak egiten hasten naiz. Musika ordenagailuz egiten dut, eta bateria da gehien kostatzen zaidana. Behin oinarri bat dudanean letrarekin hasten naiz. Letrarekin ere antzeko zerbait gertatzen zait: entzun dudane ta gustatu zaidan esaldi batetik hasten naiz, euskaratzen dut eta hortik letra osoa ateratzen zait.
3. Beraz, musika ordenagailuz egiten duzu? Zaila da?
Ez da hain zaila. Talde batean konposatzen duzuenean instrumentuak jotzen jakin behar duzu. Ordenagailuarekin zati hori aurrez daiteke, eta denbora ere aurrezten da. Talde batekin alderatuta errazagoa dela esan daiteke. Baina, aldi berean, ez da hain erraza. Programak erabiltzen jakin behar duzu. Batzuetan, abesti bat egun batean sortzen dut eta beste baterako bi aste behar ditut. Programa erabiltzen ikasteko orduak sartu behar dira.
4. Aurretik musika ikasketak ikasi duzu?
Sei urterekin pianoa jotzen ikasten hasi nintzen. Batxilergoa amaitzerakoan, Iruñetik Gasteizera joan nintzen eta piano klaseak utzi nituen. Gainera, pianoa ezin nuen eraman eta teklatua erosi nuen edozein tokitan nengoela pianoa jotzeko aukera izateko. Orduan, elektronikaren munduan hasi nintzen. Eta elektronikaren mundua oso handia da. Pianorekin entseatzen nituen ordu guztiak, elektronikarekin saltsera pasa nituen. Azkenean, bien nahasketa egiten dut. Abestietan pianoa sartzen saiatzen naiz beti.
5. Noiz hasi zinen proiektu honekin?
Hasiera batean txantxa bat izan zen. Ez dakit nola azaldu… Kalamarmen atera nuenean, duela hiru urte inguru, ez zegoen reggaetoia euskaraz. Orain badira talde batzuk, baina duela gutxi atera dira. Orduan, euskaraz zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Gauza bat euskaraz esan, bestea ingelesez… baina barre batzuk egiteko. Dirudienez jendeari gustatu zitzaion. Jendeak serio hartu zuen. Ni txantxetan ari nintzela uste nuen, baina ongi ari nintzen. Reggae-reggaetoia bat da, eta nire lehenengo abestia estilo horretan izan zen; horrelako oinarri bat erabiltzen nuela. Ordura arte abestiak pianoarekin eta bateria arrunt batekin egiten nituen. Egin ondoren gustatu zitzaidan eta horretaz bizi nahi nuela pentsatu nuen. Hau egitea gustatzen zait. Ordutik, pixkanaka, beste estiloekin saltseatzen ari naiz. Nik uste gehien gustatzen zaidana reggaetoia dela. Iaz AnneKdotasekin aurrera egitea pentsatu nuen. Lehenengo konfinamenduaren aurretik Gasteizen nire lehenengo kontzertua adostu nuen.
6. Zenbat abesti dituzu?
Sei nireak, eta Aurrez aurre, orain atera berri dudanarekin, zazpi. Gero bi bertsio egin ditut ere: Mala Rodriguezen abesti batena eta Nati Pelusarena.
7. Diskoa grabatzea pentsatu duzu?
Momentuz, abestiak plataforma digitaletara igotzen ditut: Youtube, Spotify, Soundcloud… Baina ez dut diskoa grabatzea pentsatu. Diskoak abesti kopuru jakin batzuk eta tarte jakin batean egitera derrigortzen zaitu, eta derrigorrez egiten dudanean blokeatzen naiz. Gaur egun ohikoa da singleak edo abestiak ateratzea. Oraindik badago jendea esaten duena formatu fisikoa izatea gustatzen zaiola. Baina gehienek, batez ere gazteek, abestiak bananbanan entzuten dituzte. Artistekin kolaborazioak ere egiten ditut. Altsasuko mutil batekin, Dave Baserekin, abesti bat egin dut Techno-House estiloan, euskaraz. Oso polita da.
8. Pixkanaka ibilbidea egiten ari zara. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Justu-justu ikusten dugu datorren urtea… Ez dakit. Momentuz, datorren astean Aurrez aurre abestiaren bideoklipa grabatuko dugu. Talde ona aurkitu dut. Lagun batzuk film labur bat egin zuten eta musika egin nien, eta bideoklipa grabatzen lagunduko didatela esan zidaten. Hilaren amaierako prest izatea espero dugu. Gaur egun bideoklipak garrantzitsuak dira. Abestiaren %50 bideoklipa da eta beste erdia abestia. Bideokliparik gabe seguruenik ikusiko zintuztenen erdiak ikusiko zaituzte.
9. Lehenengo abestiak publikatzean lotsa izan zenuen?
Hasieran ez zenez zerbait serioa… baina gero gertatu zait abesti horrekin lotsatzea. Serio hartuko nuela pentsatu nuen eta, atzera begiratzean, hori nire aurezkpena da? Txantxa bat izan zen, oso barregarria… baina orain hori zara zu? Ni ez naiz nire broma bat! Orain urrundu behar naiz pixka bat. Hasieran lotsa ematen zidan eta sare sozialetan elkarbanatzea izugarri kostatzen zitzaidan. Txorakeri bat da, gero jendeak ez diolako kasurik egiten. Ari naiz.
10. Burning Rock Songs proiektuaren parte zara ere. Zer da?
Ion Ruizek eta biok egin genuen proiektu bat da. Berak gitarra jotzen du eta abestiak ikasten zituen eta bertsioak egiten zituen. Ahotsik gabe. Grabatzen zituen eta ordenagailuan uzten zituen. Nik esan nion zerbait egin behar genuela horrekin, eta orduan karaoke kanal bat egin genuen. Boom handi bat izan genuen konfinamenduan Resistiré abestia bilatzen zutelako, eta guk Baron Rojorenen abestiaren bertsioa genuen.
11. Aktorea zara ere. Proiekturen bat?
Kontzertuak zerbait gehiago izatea nahiko nuke, eta bakarrizketaren bat prestatzea ere nahiko nuke, antzerkia ere egotea. Bestela, Gasteizen antzezlan bat egiten ari naiz, feminismoaren inguruan.