Inguraketa eta Urbasa kaleetako bidegurutzean errotonda egonen da

Guaixe 2020ko abe. 23a, 09:07

2015ean onartu zen Olatzagutiko hirigintza planean egungo bidegurutzearen ordez errotonda handi bat aurreikusten da. Aurreikusitakoa baino txikiagoa egiteko proposamena egin da eta, horregatik, olaztiarren iritzia jasotzeko parte hartze prozesua martxan da.

Sakana zeharkatzen duen NA-2410 errepidea eta Urbasa etorbidea bat egiten duten bidegurutzea aldatzea aurreikusia dago. Trafikoa bideratzeko egungo bidegurutzearen ordez errotonda bat eginen da. Olatzagutiko hirigintza planean errotonda handi bat aurreikusten da, katastroko sei partzelari eragiten diena. Bi ez beste guztiak familia batenak dira eta errotonda egiteko proposamen alternatiboa egin dute: hura txikiagoa izatea eta, ondorioz, errepidea etxeetatik urrunago mantentzeko. Aldaketak Nafarroako Gobernuaren Herri Lan Departamentuaren oniritzia du. Lanak noiz eginen diren zehazteko dago oraindik.

Hirigintza planaren aldaketa egin behar denez, herritarren parte hartze prozesua martxan da. Asteazken eguerdian aldaketaren berri emateko bilera irekia egin zen udaletxean. Plana www.olazti.eus web orrian kontsulta gai izanen da ilbeltzaren 13ra arte. Eta ekarpenak egin nahi dituenak andoni@ig-er.com e-posta helbidera idatzi dezake.