Nafarroako Gobernuak Koskobiloko harrobiaren kontzesioaren luzapena ez zuen luzatu 2013ko maiatzaren 8an emandako ebazpen baten bidez. Ondorioz, foru administrazioko Meatzeen Atalak 2019ko martxoaren 19an Cementos Portland Valderrivasi eskatu zion harrobia zaharberritzeko plana aurkeztu zezala. Harrobian gaur egun pareta bertikalekin batera zelai gune irregularrak daude. Enpresak aurkeztutako proiektuak aurreikusi du pareta bertikal horietan zentratzea zaharberritzea, “inguruarekin bat datozen ingurumen eta segurtasun baldintzak bermatzeko”.
Harrobiaren iparraldean, mendebaldean eta hego-mendebaldean pareta bertikalak daude, 50 metro luzekoak batzuk. Enpresak zaharberritze proiektuan proposatu du pareta horien kontra materiala botatzea eta horrela paisaia integrazioa lortzea. Kalkulatu du 100.000 metro kubiko beharko direla. Harrobiaren zati horiek materialez betetzeko bost urte beharko dituztela kalkulatu dute. Bestalde, harrobiaren ustiaketarako eraikitako eraikuntza batzuk oraindik han daude. Haietako bat berezia da (porlanezko arranpa bat) eta, udalak hala eskatuta, mantendu eginen da, “garai bateko meatzaritza jardueraren lekuko gisa mantentzeko”. Gainontzeko egiturak bota eginen dituzte.
Aipatu proiektua jendaurrean dago eta interesdun direnek alegazioak aurkez ditzakete Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ahal dela, Industria Antolamenduaren, Energia Azpiegituren eta Meatzeen Zerbitzuari zuzenduta, 30 egun baliodunean. Nafarroako Gobernua eta Olatzagutiako Udala aztertzen ari dira, besteak beste, han arkeologia aztarnategia dagoelako.