LABek udalak kaleratutako langilea berriro hartzeko eskatu du

Guaixe 2021ko urt. 15a, 12:56
Olatzagutiko udaletxea.

Udalarendako 20 urte baino gehiago aritu da lanean eta langileen ordezkaria da kaleratua. Hura berriro hartzea exijitu du LABek. 

Udaleko LABeko kideek jakinarazi duenez, Olatzagutiko Udalak bere langile bat kaleratu zuen abenduaren 29an. Olatzagutiko Udaleko LABeko kideek azaldu dutenez, langilearen kaleratzea “ezustean etorri da, alkatearen ebazpen bidez, oporraldi betean, azpikeriaz, eta, gainera, ez interesdunari ez gainerako langileen ordezkariei aldez aurretik jakinarazi gabe, aurretik disfrutatzen ari zen opor egunak ukatzeko aitzakia eskasarekin”. 

Sindikatutik adierazi dutenez, kaleratutako langilea “prozesu mediko luze baten ondoren, eta ezintasun bat aitortu ondoren, birkokatzeko saiakera-prozesu batean zegoen, indarrean dagoen Lan Hitzarmenean horretarako eskubidea aitortua baitago, betiere enpresan jarraitzeko asmoa izanik”. Sindikatutik azaldu dutenez, “orain arte izandako elkarrizketa guztietan, EH Bilduko taldeak birkokatze hori egiteko borondatea agertu zuen”. Gaia aztertzeko lehen hartu-emana abenduaren 15ean izan zuten aldeek eta langilearen “birkokapena ebazteko konpromisoa hartu zen”; gainera, ilbeltz hasieran biltzeko gelditu ziren.

Olatzagutiko Udaleko LABek “estilo neoliberal garbian egindako kaleratzea” salatu du. Gaztigatu dutenez, kaleratutako langileak “ez du kalte-ordainik jasoko eta langabeziarako eskubiderik gabe geldituko da; lan-mundura bueltatzeko adin zailean, lan-gaitasuna murriztuta, familia-kargekin. Babesik gabe”. Horregatik, Olatzagutiko Udalari “gizatasun gehixeago” eskatu eta langilea berriro hartzea exijitu dute LABeko kideek.  

Sindikatuko udal ordezkariek udalari leporatu diote “sindikatuek plantilla osorako eta, bereziki, Eduardoren birkokapenerako egin duten planteamendua ez entzutea. Prebentzio-zerbitzuetan ere ez duzue kontsultatu egin langilearen birkokapena serioski tratatzeko geratu zaion hondar-ahalmena. Txosten juridiko susmagarri batean ezkutatu zarete, txostenak ezinezkotzat hartzen omen du birkokatzea”. LABeko kideen iritziz, “ebazpen horrek ez du inolako lege-oinarririk. Are gutxiago Batzorde Mistoaren babesik”.

Txostena 
Olatzagutiko alkate Joseba Vizuete Askargortak azaldu duenez, udal idazkariari langilearen egoerari buruzko lege txostena eskatu zioten. Agiriak ondorioztatu zuen langilea udal lantaldean birkokatzea ezinezkoa zela eta, beraz, zerbitzutik kendu beharra zegoela, “gaur egun plantilla organikoan hutsik dagoen eta Gizarte Segurtasunak aitortutako ezintasun iraunkor osoko deklarazioarekin bat ez datorren lanpostu egokirik ez dagoelako”. 

Alkateak nabarmendu duenez, “udala lotuta dagoen lege zerbitzuen irizpide teknikoetan oinarrituta hartu dira erabaki edo ebazpen guztiak”. Gaineratu duenez, “jakinik egoera inorendako ez dela atsegina, azpimarratu nahi dugu atea zabalik dugula lege zerbitzuek kontrastatutako eta bermatutako  konponbide bat bilatzen saiatzeko”.