Joan zen mendeko 40ko hamarkadan, Olaztin kokatu zen zementu enpresak burututako Koskobilo harrobiaren ustiapenak, aztarnategi arkeologiko eta paleontologiko garrantzitsua suntsitu zuen. Zoritxarreko garai hartan, milioika historia urte berriketarik gabe txikitu ziren arren, gaur egun oraindik ikerketa gai izaten jarraitzen du aztarnategi honek.
Hala ere, Ruiz de Gaona edo J.M. Barandiaran bera bezalako arkeologo eta antropologo entzutetsuei esker, eta nahiz eta ezin izan zuten zementu enpresak Nafarroako Goi Paleolitiko aztarnategi garrantzitsuenean egindako txikizioa geldiarazi, Nafarroako Museoan eta beste hainbat erakundeetan gordeta dauden aztarna garrantzitsuak bildu ahal izan ziren. Gaur egun egindako azken indusketetan ere aztarna aipagarriak aurkitu dira, besteak beste, garai hartako animalienak eta harrizko tresna ugarirenak.
Zementu enpresak 1975 urtean eten zuen harrobiko jarduna baina 2014 arte mantendu zuen ustiapenaren kontzesioa. Bost urte beranduago eta Nafarroako Gobernuaren eskakizunari erantzunez, lehengoratze proiektua aurkeztu du. Proiektu honek bat egiten du garai berean NILSA sozietate publikoak aztarnategiaren beraren magalean dagoen ur-hondakinen araztegia handitzeko proiektua burutzeko duen asmoarekin. Lan honetan, 25.000 m3 lur mugitzea eta Koskobilon botatzea aurreikusten da. Hondakindegi baimendun batean ordaindu beharreko isurpen tasak eta garraio kostua zein izan daitezkeen aintzat hartuta, begi bistakoa da honek NILSArentzat dakarren diru aurreztea.
Behin Koskobilo hondakindegi bezala erabiltzeko aukera zabalduta, enpresak lehengoratze izena duen proiektua aurkeztu du, baina lehengoratzetik gutxi du eta benetan isurketa handi bat besterik ez da. Urbasa magalean duen bere beste Egibilko harrobian sobera dituen 100.000 m3 material baino gehiago bertan isurtzea aurreikusten du (7.000 bat kamioi). Ikus daitekeenez, plan honek ez du zerikusirik eta ezin da inolaz ere alderatu harrobiak lehengoratzeko beste antzeko proiektu batzuekin. Hauetan 15.000 m3 inguru lur begetal erabiltzea da ohikoena.
Berriz ere ondare suntsiketa historia errepikatu egiten da. Berriz ere interes ekonomikoak, “Nafarroako gure aztarnategi interesgarriena” (Ruiz de Gaona) babestu beharraren gainetik jarri nahi dira. Proiektu maltzur hau gauzatzen bada, Koskobilon, geure Atapuercan, aurkikuntza bakar eta paregabeak egiteko aukerak betiko lurperatuko dira.