Ivan Catalan Grados

"Jendeak gozatzen badu, ni pozik"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ots. 17a, 13:11

Ivan Catalan Grados Olaztiko Santa Ageda kintoekin ezin ospatzea 'Braveheart'-eko eszena ospetsuarekin alderatu du. 

Ez da egiten duen lehenengo bideoa, izan ere, olaztiarrak umorezko ikus-entzunezkoak egiten ditu eta sareetan elkarbanatzen ditu.

1. Nola hasi zinen bideoak egiten?
WhatsApp-eko egoeraren atalean bideoak eta argazkiak jartzen hasi nintzen. Eguraldi txarra egiten zuen egun batean bideo barregarri bat jartzen nuen. Jendeak esaten zuen oso barregarriak zirela. Beti izan dut artista eta umorista zena. Beti gustatu izan zait jendea barre egitea. Orduan, bideo horiek egiten hasi nintzen, sinpleagoak zirenak, eta egoeraren atalean jartzen nituen. Gero aplikazio bat deskargatu nuen eta geroz eta bideo konplexuagoak egiten hasi nintzen. Duela hiru urte kintoen 25. urteurrena ospatzen genuen eta gai horrekin bideo bat egin nuen: gaztetzen duen krema bat ematen nuen eta bat-batean nire semea agertzen zen. Berak krema eman eta nire seme gazteena agertzen zen. Kintoekin elkarbanatu nuen eta haiek herrikoekin. Herrira joan nintzenean jendeak ezagutzen ninduten. Konturatu nintzen bideoek sare sozialetan duten indarraz.

2. Aurtengo Santa Agedarako ere bideo bat prestatu duzu, telefonoz telefono dabilena.
Egia esan, aurtengoaren arrakastak harritu nau. Braveheart filmaren irudiak hartu ditut eta bikoizketa bat egin dut. Ez nuen arrakasta handia izango zuenik oso olaztiarra delako: bertako tabernak aipatzen ditut eta abar. Zailagoa iruditzen zitzaidan herritik ateratzea. Baina Altsasun egiten dut lan eta Lakuntzako eta hemengo lankide gazteek esan didate ikusi dutela eta ahotsagatik ezagutu nautela. Gainera, bideo luzea da, eta luzera ikustean hamar lehenengo segundutan ez badizu harrapatu, paso egiten duzu. Orduan, uste nuen herriko jendeak ikusiko zuela eta haien artean elkarbanatuko zutela, baina ez nuen hainbesterako izango zenik pentsatzen.

3. Zein bideo gehiago egin dituzu?
Gai askotarikoak egiten ditut. Ez dut gai jakin bat. Umorea gustatzen zaidainez, bideo asko ikusten ditut eta, ez ditut kopiatzen, baina ideiak hartzen ditut. Talentu handiko jendea dago, eta gustatuko litzaidake horrelako bideoak egitea. Zergatik ez zaizkit niri bururatzen?! Adibidez, jendeari asko gustatu zitzaion Sevillan egon nintzenean eta bertako hamar gezurrak kontatu nituenean, asmatutako ingelera batean eta bikoiztuta bezala. El ultimo superviviente-ren antzerako parodiak egiten ditut ere. Gero ere Pantomina Full deitutakoen antzera beste bat egin nuen, Gabonetan. Oso umore txuria erabiltzen dut, ez zait gustatzen mugak zeharkatzea. Badira youtuber batzuk barre errazak lortzeko bideo errazak egiten dituztela, eta niri ez zait gustatzen. Ez naiz eroso sentitzen.

4. Ongi pasatu behar duzu zuk, ezta?
Bai. Eta gustatzen zait jendeak ongi pasatzea ere. Bideoak egin aurretik ere beti izan naiz pailazoarena egiten duena, gauza barregarriak egiten dituena edo deitu nahi bezala. Jendeak galdetzen dit ea ez didan lotsarik ematen.

5. Eta ematen dizu?
Nire inguruan barre egiten duen norbait badago, niri ez dit lotsarik ematen. Seguruenik egongo da norbait esango duena: hemen dago betiko txoriburua… Ezin da jende guztiaren gustukoa izan. Kritikak onartzen ditut ere. Baina ingurukoek ongi pasatzea gustatzen zait. Horretarako ez dut lotsarik. Beste gauza batzuetarako agian bai.

6. Autodidakta zara?
Orokorrean dena oso etxekoa da. Emazteak urtebetetzerako tripode bat oparitu zidan eta normalean ez dut laguntzarik eskatzen. Kanpora asko ateratzen naiz. Ideia asko ditut baina bakarrik egiteko oso zailak dira. Laguntzarekin egin beharko nituen. Sare sozialetarako, adibidez, oso txarra naiz. Lankide batekin hitz egiten esan zidan bideo horiek Youtuben jarri beharko nituela, kanal bat egiteko. Baina ez naiz ekintzailea. Hoberena, hau guztia kudeatzen eta honekin laguntzen dagoen pertsona bat nire ondoan izatea izango litzateke. Inbertsio txikiak egiten joaten naiz; orain diskotekako argi batzuk erosi ditut. Gero inauterietan mozorratzea gustatzen zait, eta mozorro guztiak gordetzen ditut. Bideotean erabiltzen ditut.

7. Bideoak aurretik asko prestatzen dituzu?
Nire buruan gidoi bat izan dezaket, baina egiten hasten naizenean zer esan behar nuen ahaztu egiten zait eta hiru edo lau aldiz grabatu behar izaten dut. Gero aplikazio batekin editatzen ditut. Bukatzean gero beti ikusten ditut behin eta berriz. Zorrotza naiz, eta hobetzeko balio du.

8. Zenbat denbora eskaintzen diozu?
Agian bideo bat goiz batean egin dezaket, eta beste bat irudiak udan grabatu eta neguan bukatu. Esaterako, El ultimo superviviente-rena egiteko Isabara joan ginen eta bertan grabatu nituen irudi batzuk, eta gero editatu nuen.

9. Non publikatzen dituzu?
Hasieran bakarrik WhatsAppeko egoeraren atalean jartzen nituen. Jendeak lagunei erakusten zien eta, azkenean, telefono zenbakia eskatzen zidaten. Orduan, Facebook-en igotzen hasi nintzen. Instagram ere egin dut eta konturatu naiz Santa Agedako bideoaren harira gazte asko jarraitzen hasi direla. Youtube kanala zabaldu dut ere eta pixkanaka bideoak igotzen joango naiz.

10. Zein espektatiba dituzu? Zein da helburua?
Nik ez dut honetaz bizi nahi. Lortzen badut, hobe. Baina honetaz bizitzeko nik egiten dudana baino askoz gehiago egin behar da. Lan gehiago egin behar da eta lana saltzen jakin behar da. Momentuz niretako eta nire inguruko jendearendako egiten dut. Ateratzen dena. Ez dut ospetsua izan nahi. Asko asetzen nauen zerbait da. Jendeak gozatzen badu, eta are gehiago garai honetan jendeak sozializatzeko eta barre egiteko beharra baitu, ni pozik.

11. Hurrengo bideoak?
Pertsonaia asko eta ideia asko ditut buruan. Hemengo zerbait egiten dudanean asko mugitzen da. Herriaren eta ibarraren izateko moduarekin zerbait egitea pentsatu dut. Imitazioak eta abestiak eszenifikatzea asko gustatzen zait ere.