Burbuilen edertasuna "paregabea" da

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ots. 25a, 13:18

Mari Pompas ikuskizunaren une bat. UTZITAKOA

Igandea, otsailaren 28an, 17:00etan, 'Mari Pompas' ikuskizuna izanen da Olaztiko kultur etxean. Antzerkia eta burbuilen artea uztartzen ditu, eta Jose Luis Lagos "burbuilen mago" aitzindaria da sortzailea

Mari Pompas Mary Poppyns haurtzain ospetsuaren birbiloba da. Bere iritziz gizaki guztiek doai bereziak dituzte, baina bakoitzak berea aurkitu behar du. Marik berea aurkitu du: Xaboi burbuilak egiten ditu. Hauek mota askotakoak izan daitezke. Halako batean, sortzen dituen burbuilen artean eztabaida sortzen da, batzuk desberdinak direlako, eta horregatik taldetik bota nahi dituztelako. Baina Mari Pompas arazoa konpontzen saiatuko da. "Gure lanek mezu bat izatea saiatzen gara". Jose Luis Lago Mari Pompas ikuskizunaren sortzailea, zuzendaria eta ekoizlea da. Xaboi burbuilen artearen aitzindarietako bat ere bada. Otsailaren 28an, igandean, 17:00etan, emanaldia eginen dute Olaztiko kultur etxean.

Jose Luis Lago "betidanik" da artista. Bost urterekin igo zen lehenengo aldiz agertoki batera. "Nire aita magoa zen eta berarekin hasi nintzen. Magia egiten nuen, gero akrobaziak, orekak, zirku arteak…". Zerbait "desberdina" egin nahi zuela konturatu zen. "Zerbait berritzailea egin nahi nuen, eta burbuilekin hasi nintzen". Urte pila bat aritu zen bere etxeko "laborategian" xaboi burbuilak egiteko formula "perfektua" bilatzen, "gaur egun egiten dena lortzeko". Ikerketa ordu asko, entseguak, irakurketak eta esperimentu asko izan zirela azaldu du artistak. "Pixkanaka, lan askorekin, eta zorte pixka batekin formula eta teknika topatu nituen".

Duela 25 urte inguru hasi zen burbuilen munduan. "Estatuan aitzindaria izan nintzen". Hasi zenean Europan bi "burbuilen mago" zeuden, "ez dago guztiz definituta nahiko berria delako oraindik". Internetarekin geroz eta gehiago "ateratzen" ari direla esan du, baina oso "artisaua" dela esan du. "Ez dago non ikasi".

Magia
"Niretako burbuilak bereziak dira duten magiagatik. Ikuskizuna gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu, baina inork ezin du esan inoiz xaboi burbuila bat itsusia dela. Zerbait polita da. Jende guztiari gustatzen zaio". Burbuilen sekretua burbuilak berak dira. "Edertasun hori oso gauza gutxitan aurkitzen da". Denborarekin burbuila mota, kolore eta forma askotarikoak garatu ditu. "Laukiak ere egitea lortu nuen".

Burbuilak egiten hasi zenean, Lagok "zerbait desberdina" egin nahi zuen. Fantasia con burbujas bere ikuskizunarekin denbora asko egon zen, "berritzen eta aldatzen nuen, baina urrats bat gehiago eman nahi nuen". Burbuilak bere beste pasioarekin uztartzea erabaki zuen: antzerkia. Duela hamar urte inguru Un lugar en tu corazón antzezlana mustu zuten, Fetenen saria irabazi zuena. Berrehun emanaldi baino gehiago egin zituzten. "Baina beste ukitu bat eman nahi izan genuen, eta zerbait ezagunagoa egin". Mary Poppinsen birbilobaren pertsonaia asmatu zuten: Mari Pompas. "Pertsonaia zoragarria eta atsegina da. Gozarazten du. Burbuilen magia ez ezik, berak ere magia du". Bere eginkizuna desberdintasunei aurre egitea da. Burbuilen izaera bisualetik haratago joan dira ikuskizun honekin. "Mezu bat dauka eta beti saiatzen gara positibotasuna zabaltzen".

Burbuilak egiten
Mari Pompas da agertokian agertzen den "pertsona" bakarra. "Loroa den euritako dauka. Esan daiteke bere alter egoa dela, eta errealitatera eraman nahi duela berriro. Berarekin eztabaidatzen du, baina ezin du bera gabe utzi". Irina Bargues da aktorea, "izugarria da. Loroaren laguntza izanda ere, agertokian bakarrik dago eta bakarrik interpretatu behar du eta gainera burbuilak egiten ditu, aurretik ez zekien arren". Berak bakarrik ikuskizuna aurrera eramaten du. Valentziako aktoreen elkarteko sarietara izendatu dute.

"Nik esaten dut burbuilak egiten ez dela inoiz ikasten. Nik oraindik ikasten jarraitzen dut. Baina ikasketa prozesua ere izugarria da". Burbuilekin "gozatzen" da, eta, beraz, ezin dela lan bat bezala hartu aitortu du. "Gozamena da burbuilak egitea". Hainbeste urteren ondoren oraindik harritzen dela esan du Lagok. "Ez daude bi ikuskizun berdin. Burbuilak modu desberdinetan aritzen direlako". Ez du burbuilekin lan egiten, burbuilek berarekin lan egiten dute.

Inprobisazioa, beraz, ezinbestekoa da. "Burbuilak ulertu behar dira eta jakin behar da momentu bakoitzean zer egin". Haiek erabakiko dute ikuskizunaren norabidea. "Emanaldiak asko aldatzen dira. Egun berean guztiz desberdinak izan daitezke".

Mari Pompas ikuskizuna haurrendako bideratutako ikuskizuna da, baina adin guztietarako dela esan du ekoizleak. "Nire ikuskizuna da, zer esango dut nik. Baina orain arte ikusi duen jende guztia liluratuta atera da. Oso polita dela esan dute. Magikoa". Publikoaren erantzuna "izugarria" izaten ari dela esan du. "Haurrek ez ezik, helduek eta gazteek ere asko gozatzen dutela esaten dute". Dibertigarria eta bisuala dela azaldu du. “Haurrendako antzerkiek askotan haurrak ezer jakingo ez luketen bezala tratatzen dituzte. Gu saiatzen gara txikitatik antzerkia zer den erakusten”.