Erburua kiroldegiaren aparkalekuaren ekialdean dago Iturritxo erreka. Haren ertzetan eta uraren ibilguan zabor ugari zegoen pilatuta, paisaia-inpaktu handia sortuz eta errekako urak kutsatuz. Hainbat olaztiarrek isurketen berri eman zioten Gurelurri, eta laguntza eskatu zuten errekako zaborra garbitzeko. Deialdia egin eta 20 olaztiar eta Gurelurreko boluntario aritu ziren Iturritxo erreka garbitzen. Batez ere, plastikoak jaso zituzten, baita errekara propio botatako hondakin solidoak ere. Erreka garbitzearekin batera, “parte hartu zuten bizilagunak eta ekintza ikusi zuten bizilagunak kontzientziatzea” ere bilatzen zuten, “ingurumenarekiko eta hiri-ingurunearekiko errespetuzko jarrera berriak hartzeko beharraz kontzientzia hartzeko”.
Gurelurretik adierazi dutenez, jasotako plastikoak gertu dagoen garbigunekoak izan daitezke, “bertan ez dira behar bezala kudeatzen kaltetutako eremuko bizilagunek botatzen dituzten hondakinak”. Gurelurrek jakinarazi duenez, Olatzagutiko Udalari eta Sakanako Mankomunitateari salaketa-idatzi bana bidali diete. Idatzi berean, bi administrazioei ekiteko eskatu diete: zaborrak isuritako eremuak noizbehinka garbitzeko eta herritarren artean kontzientziazio-kanpainak egiteko. Gurelurrekoen iritziz, “horrela bakarrik ekidin ahal izanen dira Iturritxoko errekan gertatutakoak bezalako eszena tamalgarriak, Nafarroako herritarren zati handi batek duen ingurumen-sentsibilitatearekin aurrez aurre talka egiten baitute”.