Festa "benetan" barrutik bizitzeko

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 22a, 12:01
Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak 'Bart non ote nintzen ni?' ikuskizunean. UTZITAKOA

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 'Bart non ote nintzen ni?' ikuskizuna egin zuten atzo, Olaztiko kultura etxean. Euskal Herriko festetatik bidaia egiten dute, eserlekutik mugitu gabe.

"Bart non ote nintzen ni? Baionara joan nintzen. Zertara? Festara ondo pasatzera!". Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abesti ezaguna da Bart non ote nintzen ni?, gaur egun ikuskizuna bihurtu dute. Txirri, Mirri eta Txiribiton "gazteek edo berriek" egiten duten lehenengo lana da. Euskal Herrian zeharreko festetan bidaia proposatzen dute eta Zeledon, Mari Jaia eta abar bisitatzen dituzte eta hainbat euskal dantza eta musika dantzatzen dituzte ere. "Festen inguruko da, eta gaur egun festak tamalez kendu dizkigutenez, gaia ezin aproposagoa da". Gaia koronabirusaren pandemiaren aurretik aukeratu zutela azaldu du Kattalin Ansorena Mirri pailazoaren papera egiten duen artistak. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek "barrenak mugiarazi” zituzten atzo Olaztin.

"Pailazoak garenez gure lana hori da: jendeari barrea ateratzea". Bart non ote nintzen ni? ikuskizunean, beraz, festen alde onak eta txarrak aipatzen dituzte, betiere umorearekin: "Festetan gertatzen diren astakeriak aipatzen ditugu, esaterako, lapurretak, lasaitasun eza, mobilarekiko obsesioa… Halako batean, Mirri eta Txirri Txiribiton animatzen saiatzen dira, baina berak mezu bat jasotzen du, eta saiatu arren, mobilarekin biziatuta dago". Pailazoaren lengoaia unibertsala denez, "denek ulertzen dute clown-a" eta gurasoek ere barre egiten dutela aipatu du Ansorenak. "Sorpresa hartu dugu hasieran guretako dena berria zelako. Guk sortu dugu obra eta jendeak benetan barre egiten duela ikusi dugu". Funtzionatzen duela eta jendeak barren egiten duela haiendako garrantzitsuena dela esan du: "Pozgarria da".

Ikuskizun berria
Ansorenatarren aita Mirri izan zen urte luzez. Txirri, Mirri eta Txiribiton "originalak" Frankismoaren garaian hasi ziren, 1972an, eta "beraien sorpresarako" arrakasta handia izan zutela azaldu du Kattalin Ansorenak. "Donostian hasi ziren, kuadrilla giroan, umeentzako euskarazko ezer ez zegoelako". Leku batetik bestera "asko mugitzen" hasi ziren, eta telebista saio bat izan zuten ere. "Iritsi zen garai bat, helduagoak zirenean, ezin zutela denera iritsi". Orduan, duela hamazazpi urte inguru, seme-alabari esan zien: "Prest zaudete beste talde bat sortzeko? Zuek antzokietara joango zarete eta gu telebistan geldituko gara". Halaxe egin zuten eta herriz herri "juniorrak" bezala hasi ziren.

"Ni ez nintzen ez aktorea ez pailazoa. Etxean ikasitakoa eta ikusitakoa, asko zela, nekien. Barrutik neraman". Ansorenak clown ikastaroak jasotzen hasi zen: "Ikastaroren bat ikusten nuenean joaten nintzen: Ximun Fuchs, Urko Redondo, Virginia Imaz…". Bide "hori" oso ona iruditu zitzaion. 2013an pailazo "zaharrak" erretiratuko zirela esan eta Agur parrez bira elkarrekin egin ondoren "dagoeneko ez ginen juniorrak". Erreleboa hartu zuten. Hainbat urtez betiko saioak egin ondoren, Bart non ote nintzen ni? talde "berriaren" lehenengo lana originala da. Ansorenak izan zuen "zerbait berria" egiteko gogoa. "Egia da oso gustura egin ditugula Txirri, Mirri eta Txiribitonen saioak eta oso politak direla, baina azkenean gogo hori sartzen zaizu. Ez dakit artista naizen edo zergatik, baina barrutik sortu behar nuela atera zitzaidan". Peru Ansorena anaiak asko lagundu diola azaldu du. Ikuskizunean Txirri da Peru. "Nik gidoia eta hasierakoa idatzi nuen, baina gidoiak pila bat garatzen dira eta entseguetan bizia hartzen du". Juanma Zaldua Txiribitonek ere "beste aportazio batzuk" egin ditu. "Borobiltzen joan gara, eta halaxe izan zen".

Aurretik zirriborro bat eginda bazuen ere, Ansorenak konfinamenduan izan zuen "denbora idaztera esertzeko". Hortaz, ikuskizuna konfinamenduaren ondorioa izan da, "zerbait ona ekarri zigun". Gainera, nahi gabe egin bazuten ere, aukeratutako gaia egoerarako ezinhobea da: "jendeak gogoekin hartzen du". Ikuskizunak "festa benetan barrutik" bizitzeko aukera ematen du, "jendeari barrua mugituko diogu eta ederki pasako dugu. Benetan". Pailazo hitza.

Arrakasta
"Pailazoak beti egia esaten du"; gizartean dauden "akatsei, agintariei eta botereari" barre egiten diete. "Horregatik jendeak segituan konektatzen du". Emozioen eragileak dira, eta emozioak mugitzen dituzte. "Antzerkian laugarren pareta egoten da, baina pailazoek ez dugu. Jendeari begietara begiratzen diogu. Hor dago eta beraiekin hitz egiten dugu". Konexio berezi bat sortzen da. Bizirik dagoen zerbait ere bada. Konfinamenduaren ondoren mustu zuten, eta "oso polita, baina hasieran tentsoa" izan zela aitortu du Ansorenak: "100 pertsona bakarrik 400 pertsona sartzen diren areto batean, jendearen arteko tartea, maskarak…". Baina saioa berotzen hasi zen, eta bukaeran Txirrik galdetzen zuen bukatzeko zer behar den galdetzen zuen. "Eta ume batek palomitak oihukatu zuen". Ordutik ikuskizunaren parte da. "Nahiz eta testu bat egon, asko inprobisatzen dugu. Erantzuna badago, inprobisatzen dugu". Hori transmititzen dela aipatu du, eta publikoa ikuskizunaren parte bihurtzen da.