Etxabarritarren zerrategiaz gehiago jakiteko

Guaixe 2021ko mar. 24a, 11:40

Echavarri zerrategiari buruzko erakusketan Antonio Granados langile ohia egon zen. OLAZTIKO LIBURUTEGIA

Ostegunean, 19:00etan, Olatzagutiko liburutegian hitzaldia emanen du Victor M. Egia Astibiak. Bestalde, hilaren akaberara arte liburutegian zerrategiari buruzko erakusketa ikusgai dago.  

Olatzagutiko industrializazioaren hastapenetan bi enpresak izan zuten zeresan handia: porlandegiak eta Echavarri zerrategia. Azken horri buruzko hitzaldia eskainiko du Victor Manuel Egia Astibiak, industria ondarearen ikerlaria denak. Zerrategiak hainbat izen izan bazituen ere, Echavarri familiaren esku egon zen beti, lehenik Victoriano Echavarriren eskutan (1843-1909), ondoren Juan Echavarrirenera pasa ziren (1884-1937) eta, azkenik, haren alargun Luisa Osacarrenetan egon ziren (1892-1963), 1963an itxi arte. Urterik onenetan, zerrategian trenerako ehun mila trabesa inguru egin zituen urtero. Echavarri familia izan zen Urbasako jauregia 1915ean erosi zuena, baita Urbasako portuko errepidea egiteko ekarpenak egin zituena. 

Olatzagutiko eta inguruko herrietako dozenaka bizilaguni zerrategian lana emateaz aparte (fabrika zementu-fabrikaren ondoan zegoen, trenbidearen beste aldean), ehunaka gizon ere aritzen ziren mendietan (batez ere Urbasan) eta enpresek sortutako instalazioetan, Nafarroako hainbat herritan (Zubiri, Iruña...) edo kanpoan (Cabezon de la Sal) egin beharreko lanetan. 

Hitzaldia osatzeko, Olatzagutiko liburutegian zerrategiari buruzko erakusketa ikusgai dago hilaren 31ra arte. Erakusketa horretan, argazki zaharrak, prentsa artikuluak, mapak eta aurreko mendeko 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetako Olatzagutiko industriari buruzko artikuluak daude ikusgai. Olatzagutiak industrializazioarekin biztanleria-hazkunde handia izan zuen, XX. mendearen erdialdean bi mila biztanletik gora izatera iritsi zelarik. 

Film laburra 
Egiaren azalpenez aparte, Nafarroako Filmotekak erreskatatutako film labur bat proiektatuko da, Nafarroako industriaren lehen filmazioetako bat da. Joan den mendeko 20ko hamarkada akaberan edo 30eko hamarkada hasieran filmatutako ikus-entzunezkoa da. Zazpi minutuko film horrek Echavarri familia, zerrategiko lanak, Urbasako mendiak, Olaztiko panoramikak edo zementu-fabrikaren irudiak ditu. Film hori publikoki ikusteko estreinako aldia izanen da olaztiarrendako. 

Hitzaldia entzun eta film laburra ikusi nahi dutenek aldez aurretik gonbidapena jaso behar dute, liburutegian bertan 16:30etik 20:30era, udaletxean (goizez) edo www.olazti.eus webgunean.