1940an harrobian egindako leherketa baten ondoren bitan banatutako leize bertikal bat agertu zen, 12 edo 14 metroko sakonerakoa. Han sedimentuak eta fosilak zeuden. Harrobiko kapatazak Maximo Ruiz de Gaona irakasle, mikropaleontologo eta naturalistari han opatutako letagin handi bat bidali zion. Horrek Ruiz de Gaonaren jakin-mina piztu zuen eta harrobiko fosilak berreskuratu zituen. Ordurako leizea suntsituta zegoen eta hainbat garaitako fosilak elkarrekin nahastuta zeuden. Bera aditua ez zenez, Koskobiloko leizetik ateratako fosilak Madrilgo Natur Zientzien Museoko paleontologo Federico Gomez Lluecak sailkatu zituen. Animalien arrastoekin batera suharriak opatu zituzten. Eta ikusi zuten Koskobillon harrizko piezak, puntak, egiteko lantegi bat egon zela duela 19.000-21.000 urte (Solutre aldia).
XX. mende erdialdean Koskobilon berreskuratutako material haien bilduma gaur egungo teknikekin aztertu zuen Asier Gomez Olivenza Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak zuzendutako nazioarteko taldeak. Haien emaitzaren berri Quaternary International aldizkarian eman zituzten garilaren akaberan, The Koskobilo (Olazti, Navarre, Northern Iberian Peninsula) paleontological collection: New insights for the Middle and Late Pleistocene in Western Pyrenees izenburuko artikuluan.
Emaitzak
Ikerketan egindako aurkikuntza nagusiak, Pleistozenoko (700.000 eta 130.000 urte arteko garaia) fauna osatzen zuten espeziak identifikatzeko balio izan du. Horrek, historiaurreko garai honetan Pirinioetako giza okupazioa ulertzeko argia ematen du. Berraztertutako fosilen artean honako animalien arrastoak opatu dituzte: errinozeroa (gutxienez duela 220.000 urtekoa, Erdi Pleisozenoa), haitzuloetako lehoiak, lehoinabarrak, otsoak, hartza (haitzuloetako hartzaren aurrekoa), Asiako hartz beltza, bisonteak, zaldiak, hienak, saguzarrak, basurdeak, zaldiak, orkatzak, orein erraldoiak, orein arruntak, ahuntzak, makakoak, kuoiak (txakurren familiako animalia), azkonarrak, erbinudeak, kastoreak, eper zuriak… Identifikazio horiek egitea aurkikuntza handia da ikerlariendako garai hartako aztarnategi gutxi daudelako "mendebaldeko Pirinioetan". Gainera, kontinentearen eta penintsularen arteko "pasabidean" egoteak ere garrantzia ematen dio Koskobilori. Pieza horiek datatzea oso zaila da ikertzaileek ez dutelako estratigrafia, hau da, lurraren zein geruzatan opatu zituzten.
Koskobiloko aztarnategiak zeresana ematen segituko du. Joan den mendeko 50. hamarkada hasieran leizeko bi adarretan zegoen lur eta material guztia hondakindegi batean bota zuten. Handik material asko berreskuratu zuten. Baina udan Aranzadi zientzia elkarteko kideak han izan ziren arkeologia indusketa egiten. Jasotakoa aztertzen ariko dira orain. Ziurrenik Koskobiloko aztarnategiak zeresana ematen segituko du.