Udalak aldi baterako hiru kontratazio eginen ditu

Guaixe 2021ko api. 19a, 10:07

Olatzagutiko herriaren etxea.

Lan-poltsa osatuko da hautapen prozesua gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

Lehen mailako igeltsero ofiziala eta zerbitzu anitzetako bi peoi aldi baterako kontratatu nahi ditu Olatzagutiko Udalak. Kisusgileari sei hilabeteko kontratua eginen dio udalak eta hura luzatzeko aukera legoke. Zerbitzu anitzetako peoiak ere urte erdiko kontratua izanen ditu. Azkenik, basogintza eta lorezaintza egin eta udalaren zerbitzu anitzeko lantaldean ariko den peoiak hiru hilabeteko kontratua izanen du. Hirurek ere lanaldi osoko kontratua izanen dute, astegunetan, eta lan ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da. 

Deialdian interesa duten pertsonek enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute, eta oinarrietan araututako baldintzak bete beharko dituzte. Eskatutako dokumentazioa eskaerarekin batera aurkeztuko da Olatzagutiko udaletxean edo, bestela, alsasua@navarra.es helbide elektronikoan apirilaren 26ko 14:00ak baino lehen.