ALBA MARIN AMIGO

"Flamenko jantzi bakoitza bakarra da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 27a, 14:54
Alba Marin Amigo moda diseinatzailea. UTZITAKOA

Alba Marin Amigo olaztiarrak moda diseinuko goi mailako ikasketak egin ditu. Hasieratik moda flamenkoaren inguruko interesa izan du.

Orain, moda flamenkoan espezializatzen ari da, Sevillan. Asteartean lehenengo desfilea egin zuen.

1. Zergatik moda flamenkoa?
Ama Andaluziakoa da, eta ni Olaztin jaio eta hezi naizen arren, moda ikasketak egiten ari nintzenean erreferentzia asko moda flamenkotik hartzen nituen. Ikasketak Iruñean egin nituen, eta ulertzekoa da bertan moda hau ia ez egotea. Ezin izan nuen guztiz esplotatu. Gehiago ikertzeko gogoekin gelditu nintzen. Bukatu ondoren, Marketing eta Komunikazio ikasketak egin nituen urte batez, eta Sevillako Unibertsitatearen Moda Flamenkoan espezializazio ikasketa propio hau ikus nuenean, asko pentsatu gabe sartu nintzen. Catedra Internacional de Moda Flamenca deitutako programa baten barruan dago, eta helburua moda flamenkoaren barruan profesionalak trebatu ez ezik, estrategia, kudeaketa eta abar ere lantzen dugu. ACME Asociación de Creadores de Moda de Españak ere laguntzen du. Nazioartean bultzada indartsu bat eman nahi digute.

2. Espero zenuena izaten ari da?
Urte eta erdi bat irauten du, datorren urteko martxoan bukatuko dut. Hasi nintzen nondik joko zuen oso ongi jakin gabe. Uste nuen nahi nituen gauzak egingo nituela, nahi nuen moduan. Baina pila bat ikasten ari naiz; askoz. Pentsatzen nuena baino gehiago gustatzen zait.


Alba Marin Amigo bere bi diseinuen artean. UTZITAKOA

3. Zer da flamenko jantzi bat?
Flamenko edo gitana jantzia Andaluziako tradiziozko edo eskualdeko jantzia da, guk baserritar jantziak ditugun bezala. Jendeak Whatsapp-eko flamenko dantzaria edo tanto soineko bat ikusten du, baino askoz haratago doa. Moda duen eskualde jantzi bakarra da. Urtero desfileak egiten dira, diseinatzailea asko daude modu esklusiboan egiten dutela eta urtero proposamen berriak ateratzen dituzte. Jantzi oso moldakorra da, modu askotara eraman daiteke. Estruktura izugarria du. Garatzen jarraitzen du. 60ko urteetako moda erakusketa bat ikustera joaten zarenean, oso argi ikusten da garai horretako moda dela. Flamenko jantziekin antzeko zerbait gertatzen da; oso ongi ikusten da jantziak gizartearekin eta egoera sozio ekonomikoarekin bat egiten duela.

4. Oraintxe bertan, zer eramaten da?
Oraintxe bertan moda flamenkoa oso egoera larrian dago. Sektoreak daramatza bi urte fakturatu gabe. Moda flamenkoaren hasiera puntua Sevillako Feria da, egunotan ospatuko zena, eta gero beste hirietako eta herrietako feriak eta erromeriak etorriko ziren. 2020ko kanpaina galdu zen, eta orain 2021ekoa ere galdu da. Bizirauteko modua bilatzen ari dira. Egoerari aurre egiteko Andalucia Lunar Of deitutako mugimendu bat sortu da. Aurreko astean zehar desfileak eta flamenkaz janzteko ekimenak antolatu zituzten. Baina egoeragatik bertan behera uztea erabaki zuten. Ez dira soinekoak bakarrik, horren atzea gauza asko daude: osagarriak, loreak... Denda txikiak izan ohi dira, eta itotzen ari dira. Espero da datorren urtean atera ahal izatea, eta sektorea pixka bat altxatzea. Orduan, esaten dutenagatik, oso estremista izango da: edo bolumen handiko gauzak edo oso kontserbadoreak. Baina ziur jendeak soineko berriak erosiko dituela. Eta kolore handikoak.

5. Beraz, pandemiak soinekoetan eragina izango du.
Ferian asko gastatzen da. Sevillan, behintzat, eta kontatu didatenagatik, emakume bakoitzak urtero jantzi bat estreinatzen du. Bi urte daramatzate feriarik gabe. Beraz, berriz ateratzen direnean, ez dute duela hiru urteko soinekoa jantziko. Dagoeneko pasatuta dago. Orduan, espero dute jendeak soinekoak erostea, eta hauek oso koloretsuak izatea.

6. Aurreko astean Apirileko Feria izango zen. Nola zegoen giroa?
Oso txikian nintzenean Kordobako Ferian egon nintzen, baina ez dut Sevillako Feria ezagutzen. Lehenengo eguna izango zen egunean, jendea feria giroan zegoen; egoeragatik neurriak eta abar errespetatzen ziren, baina feria giroa zegoen. Jendea ongi jantzita zihoan, kaletik flamenkoz jantzitako emakumeak ikusten ziren...

7. Aurreko asteartean desfilea izan zenuen. Zer aurkeztu zenuen?
Eskolak Premier Lunar deitutako ekimen bat antolatu zuen. Kalean zen, eta edukiera oso murriztua. Beraz, egitea erabaki zuten. Beste desfile bat izan behar nuen, baina atzeratu zuten. Bilduma bat hasi aurretik zer kontatu nahi dudan erabakitzen dut, zeri buruz hitz egin nahi dudan. Kasu honetan, Gradu Amaierako Lanerako egin nuen proiektuarekin jarraitu nuen. Duela bi urte egin nuen Iruñean. Moda flamenkoa aztertu eta ikertu nahi izate horrek karri zidan Andaluziako tradizionalismo erlijioduna eta iruditegia oinarri hartzera. Bekatu kapitaletan inspiratu nintzen, eta iruditegi erlijioduna paganismoarekin uztartu nituen. Ni naizena adierazten du: Andaluziako tradizionalismoa Euskal Herriko mitologiarekin. Bi kontzeptu horiek gustatzen zitzaizkidan. Infernuko erreginak deitutako zazpi jantziz osatutako bilduma sortu nuen. Desfile honetarako bi look behar nituen. Nik duela bi urte ez nekien inolaz ere ez flamenko soineko bat nola egin, nola sortu gustatzen zaidan bolumena eta abar. Hori hemen ikasi dudanez, bildumako bi jantzi berreskuratu eta eraldatu ditut. Flamenka batek merezi duen bolumena eta dramatismoa eman diet, esaterako, azpiko gona handi bat jarriz. Instagram bidez bilduma bat eta soineko bat egiteko prozesua erakusten ari naiz: @albamigo.


Alba Marin Amigo olaztiarraren diseinua 'Premier Lunar' desfilean. VÍCTOR GONZÁLEZ FELICES

8. Zer ezaugarri izan behar ditu flamenko jantziak?
Motak daude: alde batetik, feriako flamenko jantzia dago eta, bestetik, erromeriako batak deitzen direnak. Erromeriakoak peregrinazioa edo ibilaldiak egiten direnean janzten dira, ezagunena Rocio dela. Flamenko fantziak dira, bolanteak izan behar dituzte eta tantoak eraman dezakete, baina jantzi arinagoak dira, gutxi pisatzen dute, ibiltzeko direlako. Feriako jantzi bat ez da hainbeste daukazun bolumena, baizik eta gitarra silueta edo gorputza ongi markatzen duen soineko bat izan behar du. Belaunetan moztuta egon behar du eta hortik bolanteak ateratzen dira. Bolante kopurua, bolumen handia edo txikia eta abar diseinuaren parte da. Beste gauza oso garrantzitsu bat osagarriak dira: mantoia, loreak, belarritakoak... Denak harmonia izan behar du. Flamenko jantzia look osoa da, ez bakarrik soinekoa.

9. Artisauak dira?
Bai. Gainera, Fashion Revolution-aren astea izan zen. Moda iraunkorraren inguruko hausnartzeko sortu den mugimendu bat da. Modak asko kutsatzen du, eta langile askorengan ere kalteak sortzen ditu. Horregatik gustatzen zait moda flamenkoa ere; artisaua delako. Badira pare bat enpresa masa produkzioak egiten dituztenak, baina ez du jendeak nahi duenarekin zerikusirik: diseinatzaile baten tailerrera joan, neurriak hartu eta norberaren gorputzera eta gustuetara egokitu. Artitsautzaren baloreak dira horiek. Diseinu bakarra dago. Josteko orduan makina industrialak erabiltzen ditugu, baina soineko guztiak eskuz bukatzen dira. Gehitzen zaion balore hori dago. Daukaten prezioa ulertzen da, atzen dagoen lana ulertzen delako. 500 eurotik gorako prezioa dute, ehunak eta abarren arabera. Denetarik dago: xumeagoak direnak, estilo hori gustatzen zaion jendea dagoelako ere. Orokorrean bakarrak dira, haien artean desberdinak. Bakoitza bere gorputzera egiten da.


Alba Marin Amigo olaztiarraren diseinua 'Premier Lunar' desfilean. VÍCTOR GONZÁLEZ FELICES

10. Nolakoa da zure estiloa?
Iritsi nintzenean zerbait oso desberdina egin nahi nuen. Orain arte egin denaren urrundu. Iruditzen zait horrela gehiagorako aukera ematen duela. Sevillara iritsi nintzenean ikusi nuen flamenka, flamenka izateko, elementu jakin batzuk izan behar dituela. Hori ikasita, silueta berriak sortu nahi ditut. Gitarra silueta mantendu eta belaunetatik bolanteak ateratzea, baina agian goiko aldean zerbait sartzea, orain arte egin ez den forma bat sortzea... Sortzeko orduan oso kontzeptuala naiz. Behin kontzeptua argi dudanean, dena ateratzen da. Bilduma berri batean ari naiz lanean, urtarrilean aterako dena. Baina ideia hori da. Aurreko asteko desfilekoa asmoen adierazpena izan zen; ez da ohikoa flamenko jantzietan holakoak ikustea. Saiatuko naiz lerro berdinean jarraitzen. Nire soineko batzuk sinpleagoak eta xumeagoak izango dira, gehien bat publiko orokorrerako. Oreka mantendu behar da. Moda flamenkoaren alde on bat da aurkezten dena gero jantzi daitekeela. Desfileen ideia da gero look osoa eskuratu ahal izatea. Baina egia da badirela jantzi batzuk bideraezinak direla. Kontatu didatenagatik badira paseorako deitutako soineko batzuk; dirudunek soineko bat erosten dute ferian ateratzeko bideraezinak direnak, baina zaldi gurdian paseatzeko eta argazki batzuk ateratzen erosten dituztenak. Denetarik dago.

11. Zer egin nahi duzu etorkizunean?
Ez dut oso argi. Esperimentatu nahi dut. Arlo honetan diseinatzaile bezala garatu nahi dut, asko gustatzen zaidalako. Etorkizunean moda flamenkoa egiten ikusten dut nire burua, baina ez denbora guztian. Gustatuko litzaidake gehiago pret-a-porter edo eguneroko moda bat egitea, flamenko ukituarekin; gauzak egiteko modu desberdin bat, lehen bezala.