Futbola

Vilariñoren Osasunak ez du galtzen lehen mailara igotzeko esperantza

Guaixe 2021ko mai. 18a, 10:00

Horretarako maiatzaren 30eko partidan Racing taldeari irabazi beharko lioke eta Alavesek Atletico Madrid B taldearen kontra galdu beharko luke

Emakumezkoen Osasuna talde nagusia 2. mailan dago, Iberdrola Erronka mailan. Talde gorritxoa 1. mailara edo Iberdrola Mailara igotzeko borroka betean dago eta igandean 1 eta 0 irabazi zion Atletico de Madrid B taldeari partida oso gogor eta lehiatuan. Maitane Vilariño olaztiarrak eta bere taldekideek partida bikaina jokatu zuten. Bestalde, Alavesek 1 eta 2 galdu zuen Oviedoren kontra, eta horrek mesede egin die gorritxoei, 1. mailara igotzeko aukerak badituztelako. 

Maiatzaren 30ean igoera faseko azken jardunaldia jokatuko da, eta Vilariñoren Osasunak Racing taldea izango du aurkari Santanderren. 1. mailara igotzeko Osasunak partida hori irabazi beharko du, batetik, eta bestetik Alavesek Atletico Madrid B taldearen kontra Madrilen jokatuko duen partida galdu beharko du. Osasunak 1. mailara igotzeko esperantza badu eta maiatzaren 30eko partida erabakigarria prestatzen dabiltza buru belarri.