Duela bi asteburu, maiatzaren 22an eta 23an Espainiako Masters Mailako Atletismo Txapelketak hartu zituen Sabadellek. Izaskun Beunza Azazeta olaztiarrak Miliako Txapelketan parte hartu zuen, eta Espainiako txapelduna dugu F35 kategorian.
Masters Mailako Espainiako Milia Txapelketako txapelduna zara F35 mailan. Zorionak Izaskun!
Eskerrik asko! Masters Mailako Txapelketa izan zen, eta F35 mailan aritu nintzen. Maila horrek 35 eta 39 urte bitarteko atletak hartzen zituen. Txapelketa honetan estreinakoz aritu nintzen, eta txapelduna. Oso pozik nago.
Milia batek 1.609 m. ditu.
Korrika zaudenean 9 m. horiek antzematen dira, bai (kar, kar...).
Martxoaren 27an Nafarroako Milia Txapelketan bigarren izan zinen (05:22), Sara Pradosen (05:20) atzetik. Espainiako Masters Txapelketan 05:16 minutuko denbora egin zenuen, denbora hobea.
Horrelako txapelketetan egiten duzun denbora edo marka gutxienekoa da. Bilatzen duguna posizioa da, postua. Hau da, proba irabaztea edo gutxienez lehendabiziko hiruren artean sartzea. Horregatik, halakoetan lasterketak estrategikoak izaten dira. Hasierako bueltetan inork ez du buruan jarri eta aurpegia eman nahi, aurrean doanak taldeaz tiratzen duelako, eta azkeneko metroetan egindako ahalegina ordaintzen duzulako. Espainiako lasterketa azkarragoa izan zen, baina bi probatan gutxi gorabehera antzekoa gertatu zen.
Eta zer gertatu zen?
Miliako lasterketan 4 buelta dira. Nafarroakoan, nik banekien Sara oso indartsu zegoela. Sara nire atzean kokatu zen, eta nik pentsatu nuen: “ba ez naiz aurrean jarriko...”. Lasterketa aurrean gu baino pixka bat motelago diren korrikalariak zihoazen, eta gu bata besteari begira ea zer pasatzen zen. Horrela hiru buelta egin genituen, eta azkenekoan, 500 metro falta zirenean, ez nuen gehiago aguantatzen, aurreratu nintzen, Sara nire atzetik etorri zen eta azken 100 metrotan aurreratu ninduen.
Espainiakoan antzekoa gertatu zela esan duzu, baina kasu horretan zuk irabazi zenuen.
Bai, beste modu batera baina nahiko antzeko. Etxetik erabakita nuen zer egin behar nuen, eta estrategia ondo atera zen. Espainiako Txapelketa igandearekin jokatu zen, eta asteazken horretan, maiatzaren 19an, 1.500 metroko kontrol bat zegoen Larrabiden. Espainiako 1.500 metroetan lan ona egin nahi dudanez, Sagrario Izquierdo nire entrenatzailearekin batera erabaki genuen nahiago genuela Larrabiden marka on bat egitea eta Espainiako Milia bigarren toki batean uztea. Larrabideko 1.500 metroko kontrola ongi atera zen, baina lehertuta bukatu nuen. Orduan, Sagrariok esan zidan Espainiako Milian atzean joan behar nintzela, gainontzekoak nola zihoazen kontrolatzen, eta azken metrotaraino ez erasotzea, hori zela gure estrategia. Lasterketan, ni lehen kalean atera nintzen, eta guztiak nire atzean jarri ziren. Eta pentsatu nuen: “ba ez, ez naiz aurrera joan behar”, eta oso mantso hasi nintzen korrika. Hori ikusita, gainontzekoek aurreratu ninduten, eta lehen buelta oso poliki egin genuen.
Noiz azkartu zenuen erritmoa?
Bigarren bueltan erritmoa aldatu, eta hirukote bat geratu ginen aurrean. Ni hirugarren nindoan, eta nire buruari esaten nion: “eutsi, ea hemen atzean aguantatzen duzun”. Probako laugarren eta azken itzulian, kanpai bueltan, erritmoa aldatu nuen. Topera egin nuen aurrera eta txapelketa irabaztea lortu nuen. Ongi atera zen, baina taldekideek esan zidaten ausartegia izan nintzela, erritmo aldaketa hori helmugarako 400 metroren faltan egin beharrean, helmugarako 200 metroren faltan egin behar nuela. Azkarregi aldatu nuela. Baina hori nire izaera da, ez nuen gehiago aguantatzen eta hor joan nintzen (kar, kar…). Hori bai, azken 100 metrotan asko sufritu nuen. Beste baterako, lasaiago ibiltzeko, 200 metro falta direnera arte eutsi beharko dut.
“Txapelketa irabazi izana ongi datorkit nire buruari esateko: lortu ahal duzu”
Larrabideko 1.500 metroko kontrola aipatu duzu. Zure helburua Espainiako 1.500 metroko Txapelketa al da?
Bai, aurten distantzia hori prestatzen ari naiz. Larrabiden ongi ibili nintzen, eta nire denbora hobetu nuen: 4:42 minutu. Aurretik nuen denbora 2 segundotan hobetu nuen. Nire helburua da maila mantentzea eta marka hori hobetzen joatea, ekainaren18tik 20ra Malagan jokatuko diren Espainiako Masters Txapelketara joan ahal izateko.
Nolako presioa kronometroari horrela begiratze horrek!
Baina horrek zoriontsu egiten gaitu (kar, kar....) Azkenean 2 segundo guretzat asko dira.
Malagan Nafarroa ordezkatuko duzu edo Beste Iruñea zure klubarekin parte hartuko duzu?
Nire kabuz joango nintzateke Beste Iruñearekin. Gure klubak, Beste Iruñeak, ez du Kluben Arteko Espainiako Atletismo Txapelketan parte hartzen. Soilik Pamplona Atletico Grupompleok parte hartzen du kluben artekoan.
Espainiako Masters Txapelketan parte hartzeko gutxieneko markarik eskatzen al dute?
Halako txapelketetara joan ahal izateko gutxieneko marka bat behar duzu, eta nik badut. Hori gauza bat da, baina bestea da zure buruari eskatzen diozuna.
Badirudi zure buruari gehiegitxo eskatzen diozuenetakoa zarela.
Bai, halakoa naiz, eta hori eramaten jakin behar da. Halakoa izanda sufritzen da, bereziki zure bizitzako arlo guztietan horrelakoa bazara. Baina baditu bere konpentsazioak ere. Jakin behar da gauzak ez direnean ondo ateratzen, ez dela ezer pasatzen.
Hori guztia lortzen baduzu, zorionekoa zu.
Horretan nabil, gutxika. Lan mental handia dago atzean. Askotan kirola ere horrela da, burua. Burua landu behar da lan fisikoa bezain beste.
“Gauzak diren bezala: pista asko gustatzen zait pistan hobe nabilelako”
Noiz hasi zinen korrika?
Kirola beti gustatu izan zait eta beti egin izan dut, baina atletismoa ez nuen egiten. Unibertsitateko karrera bukatuta hasi nintzen korrika, zerbait egitearren. Gogoan dut Olaztitik Ziordira hasi nintzela korrikan, partzelariatik bueltatxo batzuk ematen, Beste Iruñeatik deitu ninduten arte.
Normalean txikitatik trebatzen dira atletak. Zu berantiarra zara, eta lortu duzun maila kontuan hartuta, meritua baduzu.
Oso berandu hasi nintzen, eta Sagrariok askotan esaten dit, natorren tokitik noraino heltzeko aukera izan dudan begiratuta, harro egon behar dudala. Niretzat Espainiako Txapelketetara joatea oso polita da, lehena edo azkena sailkatu. Normalean azkeneko postu horietan sailkatzen naiz, baina hor egotea, nondik natorren kontuan hartuta, oso polita da. Harro egoteko modukoa.
“Espainiako 1.500 metroko lasterketan nire buruarekin erronka daukat”
Azkenaldian gehiago ari zara pistan. Gustukoago duzulako edo pandemiagatik pistetako atletismoa mantenduden kirol gutxienetako bat izan delako?
Nik tartana oso gustukoa dut. Gauzak diren bezala: pista asko gustatzen zait pistan hobe nabilelako. Azkarra naiz, baina ez daukat indar handirik. Printzipioz krosak gustukoago ditut, baina halako probetan indarra behar duzu eta indar aldetik justuago nabil. Ildo honetan, pistetako proba azkar horietan emaitza hobeak lortzen ditut. Eta, azkenean, hobekien egiten duzuna duzu gustuko. Pista probatu nuenetik asko gustatu zitzaidan, eta egia da pandemian atletismo pista egon den gauza bakarrenetakoa izan zela. Gustukoa dut, pistan ibiltzeko aukera dut... eta horregatik ibili naiz azkeneko bi urte hauetan pistan buru belarri.
Mendi lasterketaren batean ikusiko zaitugu edo alboratuta dituzu?
Ez, mendian ikusiko nauzue, herriko proban bereziki. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa antolatzen den uneoro, korrika egiteko moduan banago behintzat, hor izango naiz. Eta Sakanan egiten diren beste proba batzuetan ere, beste zerbait prestatzen ez banago behintzat.
Pandemiak eragina izan al du zure errendimenduan edo marketan? Atleta batzuk aipatu zuten iaz marka okerragoak egin zituztela.
Agian maila goreneko kirolariendako, pandemiaren geldialdi hori kaltegarria izan zen, baina entzun ere entzuten da beste batzuei atseden denbora hori ongi etorri zitzaiela. Azterketa batzuek diote kirolari baten emaitzarik onenak lesionatuta egon eta gero lortzen direla, denbora batean gorputzari atsedena ematea oso ona dela gerora begira marka onak egiteko. Zerbaitengatik esango da.
Espainiako Miliako F35 mailako txapeldunak zer trofeo jaso zuen? Zer ekarri zenuen Sabadelletik?
Poza (kar, kar...). Amak berdin galdetu zidan telefonoz: “Zer eman dizute? Domina txiki bat”. Zure buruan sinistea, niretzako hori garrantzitsua da, eta askotan bilatu izan dut. Iruñean sarritan esaten didate besteok nigan gehiago sinisten dutela nik nire buruan sinisten dudana baino. Sagrariok esaten dit beti: “sinistu beharra duzu”. Eta agian, txapelketa hau irabazi izana eta halakoak ongi datozkit neure buruan konfiantza izateko. Nire buruari esateko: “lortu ahal duzu”. Eta hori da nire oparirik onena: lortu dut lortu dezakedalako. Eta nirekin joan zen jendea horren pozik ikustea, nik irabazi nuelako hunkituta, hori da oparirik onena.
Atletismoan gustuz aritzen zara, zaletasunagatik, baina zuk zure lana duzu, arkitektoa zara.
Bai, eta hor oso argia izan nahi dut. Ni ez naiz atleta, niretzako hau hobby bat da. Nire lana atletismoa baino lehenago dago, hori argi dut. Baina atletismoak asko ematen dit; poztasuna ematen dit. Lan egun gogor bat izan eta gero, zuk gustuko duzuna egiteko aukera izateak, horrek asko balio du. Beraz, nire buruarekin erronka daukat Espainiako 1.500 metroko lasterketan. Lortzen badut ongi eta, bestela, hurrengo urterako.
“Atletismoak asko ematen dit: poztasuna. Gustuko duzuna egiteko aukera izateak asko balio du”
Atletismoan marka onak dituzu. Izan duzu zure betiko kluba, Beste Iruñea, uzteko tentazioa atletismoan talde handia den Grupompleo Pamplona Atleticora joateko?
Ez, eta bi arrazoirengatik. Lehengoa, eta garrantzitsuena, horrelako talde batean egoteko mailarik ez dudalako. Urteak dauzkat, ez daukat progresiorako tarte handirik. 18-20 urte izango banitu, hobetzeko tartea nuke eta, agian, halako talde batekin lehiatzeko aukera. Baina hori ez da nire kasua. Eta, bestetik, Beste Iruñean hasi nintzenean han ezagutu nuen egun nire entrenatzailea den Sagrario Izquierdo. Nire entrenatzailea dela diot, baina bera ez da soilik entrenatzailea; nire bizitzan garrantzitsuenetakoa den pertsona bat da, lagun ona. Egiten ditudan gauza guztietan bera hor dago, laguntza ematen. Horregatik, Beste Iruñea ez dut uzten maila ez dudalako, eta izango banu ere
Sagrario bezalako pertsona bat uztea niretzat oso gogorra litzatekeelako.
Kluben artean pike sanoak egoten dira, baina Grupompleo beste maila batean dago, maila gorenean.
Nik atletismoarekin disfrutatzen dut eta emaitza politak dauzkat, baina ez du zerikusirik Grupompleon daudenekin. Txapelketa handietara bideratuta dagoen taldea da, baina, aldi berean, jende umila da. Harreman ona dugu, bakoitza non dagoen jakinda. Lasterketetan laguntzeko prest daude. Niri lagundu izan didate, baina gero bakoitzak berea.
Zorte on Malagan! Ea gutxika Sakanako probak itzuli eta bertan ikusten zaitugun.
Eskerrik asko! Herriko lasterketa horiek oso politak dira, giroagatik. Gogotsu nago halakoren batean parte hartzeko.