Udalak udarako langileak kontratatuko ditu

Guaixe 2021ko eka. 4a, 10:27
Olatzagutiko igerilekuak.

Igerilekuan aritzeko bost langile behar ditu eta haurren aisialdi programako begirale aritzeko ere.

Igerileku sasoia izan dadin langileak kontratatu beharra du Olatzagutiko Udalak eta horretarako deialdia egin du. Bi sorosle, bi atezain-garbitzaile eta asteburuetan ariko den garbitzailea kontratatu nahi ditu udalak. Azken horrek lanaldi partziala izanen du, gainontzekoak lanaldi osokoak. Kontratuak  hiru hilabete inguruko iraupena izanen du. Interesa dutenek enplegu eskatzaile gisa izena emana izan behar dute Nafar Lansaren. Deialdi horretarako izena emateko epea hilaren 9ko 14:00etan despedituko da. 

Bestalde, Udan Euskaraz haurrendako aisialdi kanpainan begirale lanean aritzeko Olatzagutiko Udalak hainbat langile kontratatuko ditu. Interesa duten hautagaiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Altsasun dituen bulegoetan aurkeztu beharko du eskabidea. Udalak honako baldintzak eskatzen ditu: aisialdiko begirale titulua izatea, langabezian egotea, C1 mailako (ahozkoa) euskara ezagutza egiaztatzea (titulurik ez badu, proba gainditu beharko da), curriculum vitaea eta bizitza profesionala, bertan aipatutako eskarmentua eta prestakuntza egiaztatzeko, baita beraien egiaztagiriak ere. Eskabideak asteleheneko 14:00ak arte aurkeztu daitezke Altsasuko enplegu bulegoan.