Gurasoen bidea jarraitu zuen, odolaren beharra zela eta. Adonako Olaztiko delegatua da.
1. Zergatik hasi zinen odola ematen?
Nire gurasoak betidanik izan dira odol emaileak eta odola behar denez, animatu nintzen. Nik oso gustura ematen dut, eta beti ongi egon naiz; arazorik gabe. 1999. urtean hasi nintzen, adin nagusitasunera iritsi eta gutxira. Lehenengo aldia ongi joan zen. Orratz handi bat da, eta orratzek beti beldurra eman didate. Baina urratsa ematea erabaki nuen. Gainera, nire odol motak edonori balio dio; unibertsala da eta jende askori lagun dezake.
2. Odol mota hori preziatuena izanen da, ezta?
Garaiaren arabera izan ohi da. Gehienek 0+ edo 0- dugu, orduan batzuetan besteetatik ere eskatzen dute, A edo B motakoak, ez direlako hain ohikoak.
3. Zer baldintza bete behar dira?
Gutxi. Adin nagusikoa izatea, osasun ona izatea, hau da, burdina maila ona izatea eta defentsa eta tentsio jaitsierak ez izatea. Nik behin bakarrik ezin izan nuen eman burdina baxua nuelako. Bestela, arazorik gabe.
4. Odola eman aurretik probarik egiten dituzte?
Bai. Lehenengo aldian datu pertsonalak hartzen dituzte, eta lau tubo ateratzen dituzte aztertzera eramateko. Baiezkoa bada, hurrengoan aurrera.
5. Tatuajeak edo piercing-ak baldin badituzu, eman dezakezu?
Egin ondoren tarte bat itxoin behar duzu: lau hilabete. Baita gastroskopia bezalako probak edo ebakuntzak egiten badizkizute ere.
6. Nolakoa da prozesua? Zaila da?
Hona autobusa etortzen da, joaten zara, eta prozesu oso azkarra da. 450 ml ateratzen dituzte. Hamar edo hamabost minutu irauten du. Gero tartetxo bat gelditu behar zara bertan tiritarekin presioa egiten. Odola ateratzen ez denean, paper bat ematen dizute pintxo eta pote bat hartu ahal izateko. Ez da derrigorrezkoa, baina bai gomendagarria. Azukredun zerbait hartzea gomendatzen dute, esaterako. Normalean jende guztia joaten da hartzera, behar duzulako. Gainera, odola eman ondoren ezin dira esfortzu handiak egin. Inpresio pixka bat ematen du, gehien bat lehenengo aldian, orratz handiak direlako. Baina ohitzen zara. Inpresiogatik jendea zorabiatu izan da, baina hala ere, ematen jarraitzen du. Ez da ezer.
7. Zenbatero ematen daiteke?
Hona urtean hiru edo lau aldiz etortzen dira. Gizonezkoek emakumezkoek baino aldi bat gehiago eman dezakete, hilerokoa dela eta. Kanpainaren arabera jende gehiago edo gutxiago etortzen da. Lau hilabetero eman daiteke, gutxi gorabehera. Bestela, Iruñean ere eman daiteke.
8. Odolaren falta dago, ezta?
Odola behar da. Elkartetik gazteak ematea sustatu nahi dute. Bataz besteko adina 50 urtekoa da. Jendea jubilatzen ari da, eta berritu behar da. Baina kostatzen da. Hori bai, Olaztira etortzen diren bakoitzean emaile berri bat dago, gaztea. Nik animatzera gomendatzen diet. Edozeinek behar izan dezake edozein momentutan. Ez du esfortzu handirik eskatzen.
9. Odol hori zertarako erabiltzen dute?
Zehazki ez dakit. Poltsak izozten dituzte behar dutenerako. Ateratzen dutenetik plaketak eta odola bereizten dituzte. Transfusioak egiten dira, istripuren bat dagoenean eta zauritutakoak odola galtzen duenean, ebakuntzak egiten direnean…
10. Elkarteko kidea zara ere. Zerk motibatzen zaitu?
Elkarteko delegatua naiz duela hamar urte inguru. Orain denda bat dut eta ezin dut hainbeste denbora eskaini. Larunbatetan bilerak izan ohi dira eta urtean behin Elgorriaga balnearioan ikastaro bat egiten dute. Baina sei urte daramatzat joan gabe dendarekin ezinezkoa delako. Esan nien erreleboa egiteko, baina dirudienez oso zaila da. Gauzaren bat egiteko esaten didatenean egiten dut. Zerbait altruista da. Edozein momentutan zuk behar izan dezakezu. Ni medula, organo eta ehunen emailea ere banaiz. Gorputza zientziara ematea gelditzen zait bakarrik. Pixkanaka guztia egin dut. Odola ematen duten askok, ez guztiak, pixkanaka galdetuz joaten dira beste gauzen emaile izateko ere.
11. Pandemiarekin zein da egoera?
Jendea odola ematera animatzen ari dela esan zidaten Iruñetik. Egia da pixkatxo bat gelditu zela, agian jendeak beldurra zuelako. Baina ez dago arriskurik dena egokitu dutelako. Orain aurretik hitzordua eskatu behar da, eta autobusean gehienez bi pertsona sartzen dira.