Hitzarmenaren aldeko mobilizazioek segida dute La Vasco Navarran

Guaixe 2021ko eka. 14a, 10:28
Hitzarmen duinaren aldeko manifestariak industrialdean.

Hilaren 5eko manifestazioko eta ostegun eta ostiraleko bi orduko lan uzteen ondoren, langileak lanuzteak egiten segitzera deitu dituzte LABek eta CCOOk.

La Vasco Navarra enpresako langileek osteguneko arratsaldeko eta gaueko lan txandan egin zuten lehen lan uztea LABek eta CCOOk deituta, eta ostiral goizean egin zuten beste lan uzte bat. Guztiak bi ordukoak dira. Gainera, hilaren gaurko, 17, 21, 24 eta 28rako lan txanda bakoitzean langileak ordu bateko lanuzteak egitera deitu dituzte. Enpresa batzordean (LABk 2 delegatu eta bana CCOOk, ELAk eta UGTk) gehiengoa diren sindikatuek deitutako mobilizazioak larunbatean hasi ziren: Olatzagutiko plaza eta enpresa manifestazioan lotu zituzten 250 bat pertsonak. Enpresa hitzarmen eta lan baldintza duinak aldarrikatu zituzten manifestariek. Gaur egun La Vasco Navarra enpresak ehun bat langile ditu, “60-70 inguru dira enpresak kontratatutakoak eta gainerakoak Aldi Baterako Lan Enpresen (ABLE) bidez. Langileriaren artean emakumezko eta migratzaile asko daude”. Langileen ordezkariek azaldu zutenez, “duela urte bat enpresan halako mobilizaziorik izanen zela pentsaezina zen. Baina hemen gaude gure eskubideak aldarrikatzen plantillaren zati handi bat. Hau bera lorpen historikoa da La Vasco Navarran” nabarmendu zuten. 

Eskakizunak
Lan baldintza txarrak zituztela gaztigatu zuten langileen ordezkariek. Esan zutenez, “lan orduak asko dira, ABLE bidez gutxienez 18 hilabete pasatzen dituzte lanean, inolako eskubiderik gabe. Hori utzi nahi dugu atzean”. Zehaztu zutenez, “lan baldintza duinak nahi ditugu; irabazten den dirua ez da lan egiten denaren errekonpentsa, uste dugu gehiago merezi dugula. Igoera bat eskatzen dugu, soldataren kontzeptu guztiei eraginen dion igoera. Gutxien kobratzen duen jendeak ezin du horrela segitu. Alde handia dago eta horri aurre egin nahi diogu”. Horri lotuta, “lan kategorien eta lanpostuen ikerketa egitea exijitu zuten langileek, “horrela gizonezko eta emakumezkoen arteko soldata arrakala ezabatzen hasteko, baita enpresan dauden hainbat eskala ere”. ABLEak alde batera uztea nahi dugu, edo gutxienez puntuala izatea”. 

Horregatik egoera aldatzea eskatu zuten: “badakigu aldaketa hori ez zela negoziazio mahaian lortuko, enpresak urteetan izandako jokabideagatik. Ia guztiak borroka egin beharraren kontzientzia genuen, erraza ez izan arren, horrela lortzen baitira gauzak”. La Vasco Navarrako langileek gaztigatu zutenez, “zuzendaritzak estatuko hitzarmenari dagozkion kontzeptuak besterik ez ditu hobetu nahi. Beti mehatxatzen du estatuko itunera bueltatuko garela. Guk enpresa hitzarmena nahi dugu”. Zuzendaritzarekin negoziazioak hasi badituzte ere, langileen iritziz, “berak ez du ezer ematen, edo oso gutxi. Eta ez gaude ados”. 

Aldi berean, langileen ordezkariek gogorarazi dute enpresaren egoera “bikaina” dela. “Enpresa batzuk gaizki pasatzen ari diren arren, gurea ez. Pandemia, gainera, oso ongi etorri zaio, inoiz baino lan gehiago izan dugulako”. Olatzagutiko Gazte Asanbladako kideek elkartasuna azalduz, pankarta bat eraman zuten manifestazioan. 

Erlazionatuak